Euskadiko Parke Teknologikoa indartu egin da polo bioteknologiko gisa, krisalidadun proteina birkonbinatzaileak ekoizten dituen munduko lehen planta industrialarekin

Albisteak, Bizkaia

COCOON BIOSCIENCE enpresak Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio Campusean krisalidadun proteina errekonbinatzaileak ekoizten dituen munduko lehen planta industriala inauguratu du

Ekitaldian Jaione Ganzarain Teknologia, Berrikuntza eta Trantsizio Energetikoko sailburuordeak eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoko zuzendari nagusiak parte hartu dute, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta Esther Apraiz Derioko acaldesarekin batera

Hauxe da krisalida-egoeran dauden intsektuak kostu txikiko bioerreaktore natural gisa erabiliz proteina birkonbinatuak fabrikatzen dituen eskala industrialeko munduko lehenengo instalazioa

Alternatiba efizientea eta ekonomikoki bideragarria da mRNA terapia eta txertoen, sekuentziazio genetikoaren eta landutako haragien industria hasiberria erreaktiboz hornitzeko premiari erantzuteko

Instalazio berria mugarri bat da gizartearentzat, produkzioa eskala industrial batera eramateak produkzioa handitzea eta proteina birkonbinatuen kostua are gehiago murriztea ahalbidetuko baitu. Proteina horiek oso garrantzitsuak dira terapia aurreratuak eta elikadura jasangarria jende guztiarentzat irisgarriak izan daitezen

Proteina birkonbinatuen fabrikazioan espezializatutako Cocoon Bioscience enpresa bioteknologikoak gaur inauguratu du Zamudio/Derio Canpusan Euskadiko Parke Teknologikoko zientzia eta natura uztartzen dituen berrikuntza hori erabiltzen duen mundu osoko lehenengo instalazioa.

2022ko irailean sortu zuten enpresa, eta munduan bakarra den teknologia bat erabiltzen du: krisalida-egoeran dauden intsektuak efizientzia handiko eta kostu txikiko bioerreaktore natural gisa erabiltzen dituen plataforma automatizatu bat. Metodo hau naturalagoa, eskalagarriagoa eta irisgarriagoa da bakterioen bidez egindako hartzidura-metodo tradizionala baino, altzairu herdoilgaitzezko bioerreaktoreak erabiltzen baitira hartzidura-metodoan.

Arlo bioteknologikoan mugarri garrantzitsu bat izateaz gain, gizarte-arloan ere garrantzitsua da, Cocoon enpresaren proteina birkonbinatuak alternatiba efizientea eta ekonomikoki bideragarria baitira mRNA terapia eta txertoen, sekuentziazio genetikoaren eta landutako haragiaren industria hasiberria erreaktiboz hornitzeko. 

mRNA txerto eta terapiek zein landutako haragiak lehengaien kostu garestiei egin behar diete aurre, eta horrek murriztu egiten du teknologia horien erabilera. 

Osasun-arloari gagozkiola, horrelako terapietarako sarbidea demokratizatzea da Cocoon Bioscience enpresaren helburua, lehengaiarekin lotutako kostuak 90eraino murriztuta.

Biztanleria zigortzen duten gaixotasun infekziosoei aurre egin behar dieten garapen-bidean dauden herrialdeei terapia horiek lortzeko aukera emango lieke horrek. 

Bestalde, landutako haragia alternatiba jasangarria da munduko elikaduraren etorkizunerako. Planetan 9.000 milioi pertsona izango direla kalkulatzen da 2075. urterako, eta ezinezkoa izango da orduan elikagaiak modu tradizionalean produzitzea. Gainera, gaur egungo abere-produkzioak rol garrantzitsua du planetaren berotze globalean abereek sortutako metanoa dela eta. Landutako haragiak soluzio jasangarri bat eskaintzen du eta animalia-jatorriko haragia jatearekin lotutako gaixotasunak desagerrarazi ahalko lituzke.

Alternatiba natural, efiziente eta irisgarria

Krisalidak Troiako zaldiarena egiten duen bakulobirusekin inokulatzean oinarritzen da Crisbio® teknologia, nahi den sekuentzia genetikoa sartzen baita horri esker intsektuaren zeluletan. Bakulobirusa kaltegabea da ugaztunentzat eta krisalidek lortu nahi den proteina birkonbinatua hiru egunetik sei egunerako tarte txikian modu naturalean produzitu dezatela ahalbidetzen du. 

Gaur egungo gizartearentzat hain beharrezkoak diren proteinak produzitzeko, Trichoplusia ni intsektuaren krisalidak erabiltzen ditu Cocoon Bioscience enpresak. Entomologo adituen lantalde batek kudeatzen du intsektu-haztegia, eta produkzio-plataforma efizientea eta indartsua izateko diseinatuta dago.

Cocoon enpresako Josh Robinson CEOak gaurko inaugurazio ofizialean azaldu duenez, “proteina birkonbinatu hauen produkzioa eskala naturalago, bizkorrago eta, horrenbestez, irisgarriago batera eramatea ahalbidetzen du Crisbio® teknologiak. Eta hori izugarrizko aurrerapausoa da industria biosanitarioentzat eta elikagai-industrientzat”.

Bizkaiko Ahaldun Nagusia Elixabete Etxanobe ere bertaratu da instalazioaren inaugurazio-ekitaldira, eta zera azaldu du: “inbertsio honekin bioteknologiaren garapena indartzen dugu Bizkaian, lurraldearentzat estrategikotzat jotzen den sektorea baita. Mugarri honek erakusten du nola jarraitzen dugun inbertsioa eta talentua erakartzen, kalitatezko enplegua sortzen eta berrikuntzan eta jasangarritasunean erreferente gisa dugun posizioa indartzen. Cocoonek Bizkaiari ekonomia aurreratuago eta dibertsifikatuago baterantz garatzen laguntzen dio”. 

Gainera, Cocoon enpresako Romy M. Dalton COOak aurreratu duenez, “urtetako ikerketaren eta lanaren ondoren, horrelako eskala batera eramatea lortu dugula ikusi ahal izateak, produkzio-mailari dagokionez horrek dakarrenarekin, eta, horrenbestez, gizartearentzat dakarrenarekin, hunkitu egiten gaitu eta hazten jarraitzeko are gehiago motibatzen gaitu”. 

Derioko alkate Esther Apraizek “Euskadin administrazio publikoaren eta enpresa pribatuaren artean dagoen lankidetza-kultura” azpimarratu du, “funtsezkoa baita autonomiaren eta gizartearen garapen ekonomikorako”.

Bestalde, Javier Garcia proiektuaren inbertitzaileetako batek adierazi duenez, “Euskadiko ekosistema berritzailea sendotu egiten da Cocoon fabrikazio-planta irekitzean. Ikuspegi disruptiboa txertatzen da, zientziaren aurrerapenak hartu eta naturaren boterearekin lotzen dituena. Ekoizpen-sistema bakarra da munduan, eta eraginkorragoa izateaz gain, bereizgarria da osasuna eta elikadura bezalako arlo garrantzitsuen iraunkortasunean aurrera egiteko “.

Jaione Ganzarain, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea eta Ainara Basurko, Ekonomi Sustapen Saileko Foru Diputatua, ere izan dira inaugurazio ekitaldian, euskal enpresetako hainbat eta hainbat ordezkariekin batera euskal enpresarien hamarnaka ordezkarirekin batera, proiektua gizartearentzako mugarri bat baita mundu osoari begira, eta indartu egiten baitu Euskadiren posizioa munduko erreferentzia eta polo bioteknologiko gisa.

Cocoon enpresari buruz

Bizkaian egoitza duen enpresa bioteknologiko bat da Cocoon Bioscience, proteina birkonbinatuak hazkunde-faktore eta errendimendu handiko entzima gisa produzitzean espezializatutakoa. 

Bere Crisbio® teknologia munduan bakarra da, krisalida-egoeran dauden intsektuak efizientzia handiko bioerreaktore natural gisa erabiltzen dituen plataforma automatizatu bat baita. Metodo hau naturalagoa, eskalagarriagoa eta irisgarriagoa da bakterioen bidez egindako hartzidura-metodo tradizionala baino, altzairu herdoilgaitzezko bioerreaktore tradizionalak erabiltzen baitira hartzidura-metodoan.

Partekatu

Beste berri batzuk