CyberIndustry kongresuan 250 enpresa eta 50 aditu baino gehiago bilduko dira industriaren zibersegurtasun-erronkei aurre egiteko
Eusko Jaurlaritzak antolatu du, SPRIren eta TECNALIAren bidez, eta Bilbon egingo da, ekainaren 16an eta 17an. Guztira 350 lagun baino gehiagok eman dute izena, eta Euskadi Europan zibersegurtasunaren erreferentzia moduan finkatzen lagunduko du
Lehen edizio arrakastatsuaren ondoren, CyberIndustry Congressen bigarren edizioa egingo da Bilbon 2026ko ekainaren 16an eta 17an, eta helburu du Europako zibersegurtasunaren balio-kate osorako urteko erreferentziagunea izatea. Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak antolatu du kongresua SPRIren eta TECNALIAren bidez. 50 hizlari adituk Europako zibersegurtasuneko azken aurrerapenen berri emango diete 250 enpresatako 350 parte-hartzaileri baino gehiagori.
Zibersegurtasuna funtsezko teknologia bihurtu da Euskadin, bertako sektore estrategikoak gero eta digitalizatuagoak eta konektatuagoak daudelako. Euskadiko ehun teknologikoa sendoa da, bereziki funtsezko sektoreetan, hala nola industrian, energian, osasunean eta, orain, baita industria aeroespazialean ere. Sektore horiek guztiek zibersegurtasuneko soluzio aurreratuak behar dituzte lehiakortasuna, osotasuna eta erresilientzia bermatzeko.
CyberIndustry Congress eskaintza teknologiko espezializatua eta sektore estrategikoen benetako beharrak konektatzeko sortu da, eta jarraitutasun operatiboa, erresilientzia eta subiranotasun teknologikoa lehiakortasunerako eta segurtasun ekonomikorako funtsezkoak diren esparruetan jartzen du arreta. Horretarako, maila goreneko hizlari nazionalak zein nazioartekoak, dibulgatzaile prestigiotsuak, enpresa liderrak, startupak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak, inbertitzaileak eta eragile instituzional eta sektorialak bilduko dira kongresuan.