Datuen analisiak aurrerapenak lortu ditu Alzheimerra eta Parkinsona bezalako gaixotasunen ikerkuntzan

Albisteak, Bizkaia, Gipuzkoa

Ibermatica testu klinikoen kodetze automatikoa garatzen ari da, gaixotasun neurodegeneratiboen tratamenduaren testuinguruan

Ibermatica Berrikuntza Institutua (i3B) Sendaneu ikerketa-proiektuaren azkeneko fasean sartu da dagoeneko; 2018az geroztik dihardu proiektu horretan parte hartzen. Gaitz neurodegeneratiboekin –Alzheimer eta Parkinson gaixotasunak kasu– lotutako osasun arloko profesionalentzako informatika-tresna klinikoen ikerkuntzara bideratuta dago Sendaneu proiektua, eta profesional horientzako zerbitzu-prototipo funtzionalak garatzera.

Biocruces Osasun Ikerketako Institutuak zuzentzen duen partzuergoko kide modura kolaboratzen du Sendaneu proiektuan Ibermaticak –Tecnaliak ere hartzen du parte–, datuen analisi aurreratuko teknikak garatzeko helburuz, Alzheimerra eta Parkinsona bezalako gaixotasun neurodegeneratiboen diagnostikoan eta tratamenduan euskarria ematea ahalbideratuko duen sistema adimendun bat sortzeko eta baliozkotzeko.

Sendaneu proiektuaren helburu nagusia da pazienteak hobeto karakterizatzeko aukera emango duten tresnak eta algoritmoak sortzea eta baliozkotzea, datuen analisi aurreratuko teknikak aplikatuz (Smart Analytics), medikuntzako profesionalei gaixotasun neurodegeneratiboak dituzten pazienteen diagnostikoa, tratamendua eta jarraipena egiten laguntzeko.

Espero diren emaitzak

Sendaneu proiektutik espero diren emaitzen artean, lehendabizikoa da datu klinikoak atzemateko prozesuan eta ondorengo prozesatze-fasean hobekuntzak sortzea, hiru faktoreren bitartez: egituratu gabeko datuak datu egituratu bihurtzeko algoritmoak diseinatzea (batez ere erresonantzia magnetikoetako irudiak eta historia klinikoetako testuak); datuak gordetzeko nazioarteko estandarrak erabiltzea; eta datuak normalizatzeko teknikak diseinatzea, erresonantzia magnetiko ezberdinetan eskuratutako irudiak alderatu ahal izateko.

Sendaneu proiektua lantzen ari den beste alor bat da datu- eta irudi-banku bat sortzea eta abian jartzea, lagin biologikoei, irudiei, prozesu-ondokoei eta intereseko hainbat daturi buruzko informazioa jasoko duena, prozesuak optimizatzeko eta nazioarteko partzuergo handitan sartuko duten ikerketa-zentroen eta taldeen parte-hartzea hobetzeko.

Halaber, aurrerapenak egiten ari dira algoritmoen garapenean, jakintza eskuratzeko eta profesional klinikoei pazienteen diagnostikoan, tratamenduan eta jarraipenean laguntzeko, bai eta pazienteen datuak aztertzeko tresnen erabilerarako esparru etikoaren eta lege-esparruaren azterketa zorrotzean eta datuak biobankuan sartzeko protokoloen diseinuan ere.

Elkartek 2018 Programaren barruan sartzen da ekimena; Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskadiko 2020ko Planeko espezializazio-esparruetan Lankidetzako Ikerketak egiten laguntzeko programa da Elkartek, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen barruan dauden Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako erakundeek abian jarritakoa.

Partekatu

Beste berri batzuk