Euskadik aurrera egin du Europan hegazkinek eragindako kutsaduraren aurkako borrokan

Albisteak, Gipuzkoa

Euskadi bigarren lekuan dago Europako eskualdeen artean Clean Sky 2 ekimen publiko-pribatuaren eragile gisa

Clean Sky ekimenaren xedea aire-nabigazioan CO2 isuriak murriztea eta mugatzea da

CIDETEC Surface Engineering euskal zentro teknologikoa aeronautikako ikerketa eta berrikuntzako Europako 7 proiektutan partzen ari da

Euskal aeronautikaren sektoreak oso posizio nabarmena du azken belaunaldiko hegazkinen garapena helburu duten Europako ekimenetan.
​ 2017an, Clean Sky 2 ekimenean Europako bigarren parte-hartze handieneko eskualde bihurtu zen Euskadi. Clean Sky 2 aeronautikako berrikuntzaren arloko programa kontinental handizalea da.

Ez dugu pentsatzen hegazkinak klima-aldaketa eragiten duten agente kutsatzaileetako bat direnik baina, egia esan, aireko garraioa da gas kutsatzaileen isurien % 2ren erantzulea.
Proportzio hori handitu baino ez da egingo datozen urteetan, aire-trafikoaren etengabeko gorakadaren ondorioz; izan ere, aireontzi gehiago zerbitzuan eta hegaldi gehiago daude eskuragarri hegazkin-bidaiak ohiko jarduera bihurtu dituen gizarte batentzat.
Kontua da inoiz ez dela airez hainbeste bidaiatu, eta etorkizunean are gehiago bidaiatuko dela. 2037. urterako 40.000 hegazkin berri inguru behar direla aurreikusten da.

Europako erakundeak errealitate horren jakitun dira, eta haren ondorio kaltegarriei aurre egitera bideratutako industria- eta ikerketa-politikak jarri dituzte martxan. Hortik sortu da Clean Sky (Zeru Garbia), Europako Batzordea eta industria aeronautikoa lotzen dituen ekimen publiko-pribatua, aireko garraioak ingurumenean uzten duen aztarna murrizten lagunduko duten teknologiak garatzeko. Programa 2008an sortu zen eta 2014an ekin zion 2024ra arte iraungo duen bigarren fase bati (Clean Sky 2).
Clean Sky 2k Flightpath 2050eko helburuen eragile handienetako bat izan nahi du. Bruselak aeronautika sektorerako diseinatu duen bide orria da Flightpath 2050:
​ % 75 murriztea CO2isuriak, % 90 nitrogeno oxidoaren (NOx) isuriak eta % 65 aireontziek sortzen duten zarata. Asmo handiko ekimena da, 5.600 milioi euroko aurrekontuarekin 2008tik 2020ra bitarteko aldirako, eta 24 herrialdetako 600 erakunde baino gehiagok hartu dute parte.

Euskal aeronautikak posizio esanguratsua du Europako industria-panoraman, eta sektoreko enplegu osoaren % 2 hartzen du kontinentean.
Espainiako eremura mugatuz gero, ehunekoa % 27 ingurura igotzen da.
Horrek esan nahi du ia 15.000 langile daudela guztira. Horietatik 5.000 Euskal Autonomia Erkidegoan, 7.600 Espainiako beste leku batzuetan eta 2.200 munduko gainerako lekuetan.

Berrikuntzari dagokionez, EAEko industria aeronautikoak 143 milioi euro bideratu zituen I+Gra 2018. urtean. Bereziki esanguratsua da euskal partaidetza Clean Sky 2 programan, ekimenean txertatzen diren proiektuetan parte hartzen duten 14 enpresa eta zentro teknologikorekin.
Hain zuzen ere, CIDETEC zentro teknologikoak arrakasta-historia bat du: bost proiektu ditu martxan, eta horietako biren koordinatzailea da. Horizon 2020 programaren beste arlo batzuk sartzen badira, dagoeneko zazpi dira CIDETEC Surface Engineering-en partaidetza duten aeronautikako ikerketako eta berrikuntzako proiektu europarrak:
AIRPOXY, ECOLAND, U-CROSS, CHOPIN, HARVEST, AMANECO eta STELLAR. Zazpi proiektu horietatik, lehen hiruren buru da CIDETEC.

“CIDETECek Clean Sky 2 proiektuetan duen parte-hartze handiak sektore aeronautikora zuzendutako berrikuntza teknologikoaren arloko euskal ikerketaren kalitatea eta potentzia ziurtatzen du”, adierazi zuen Eva Garcia-Lecina doktoreak, CIDETEC Surface Engineering-eko zuzendariak, eta honako hau gaineratu zuen jarraian: “Paradigma-aldaketa baten aurrean gaude garraioa bere alderdi guztietan ulertzeko moduan. Horregatik da garrantzitsua euskal industria eta ikerketa erronka horretan protagonista izateko prest dauden Europako eskualdeen lehen postuetan kokatzea , erronka horrek kontinentearen etorkizun industriala nabarmen markatuko duelako”.

CIDETEC Surface Engineering-i buruz

Gipuzkoako Parke Zientifiko Teknologikoaren Donostiako egoitzan dago CIDETEC, eta nazioarteko erreferentziazko hiru zentro teknologiko biltzen ditu: Energia Biltegiratzea (CIDETEC Energy Storage), Nanomedikuntza (CIDETEC Nanomedicine) eta Gainazalen Ingeniaritza (CIDETEC Surface Engineering).

CIDETEC Surface Engineering-ek gainazaleko tratamenduak garatzen ditu, batez ere hezetasun bidezko teknologia kimiko eta elektrokimikoetan espezializatuz, eta bere jarduera beste eremu batzuetara hedatuz, hala nola estaldura zeramikoetara, eguzki-gelen geruzetara, nanogainazaletara eta tratamendu fisikoetara. CIDETEC Surface Engineering-ek 4.000 m2-ko eraikina du automobilgintzaren, aeroespazialaren, muturreko baldintzen eta beste sektore batzuetako enpresei zerbitzua emateko teknologiarik aurreratuenaz hornitutako instalazioekin. Instalazio horiekin balio-kate osoa estaltzen du, oinarrizko ikerketatik hasi eta industria-ekoizpenetik oso hurbil dauden baldintzetako saiakuntzetaraino; horretarako, azken belaunaldiko laborategiak eta planta pilotuak ditu.

CIDETEC osoan 175 profesionalek egiten dute lan. % 95 goi-mailako tituludunak dira eta % 50 doktoreak. CIDETEC osatzen duten ikertzaile eta teknologoen helburu nagusia da erakundearen ezagutza-kapitala irtenbide industrializagarri eta jasangarri bihurtzea. Jarduera-bolumena 13,3 milioi eurora iritsi zen 2018an.

www.cidetec.es

Partekatu

Beste berri batzuk