DNA-erregulatzaile batek gibeleko gaixotasunak tratatzeko duen potentzialtasuna zehaztu dute

Bizkaia

CIC bioGUNE biozientzien arloko euskal ikerketa zentro kooperatiboak zuzendutako ikerketa baten bidez, lotutako erregulatzaile epigenetiko baten potentzialtasun terapeutikoa zehaztu ahal izan da, zirrosi biliar primarioa eta gibeleko fibrosia eta minbizia gisako gibeleko gaixotasun larriei dagokienez.

Cic BioguneMª Luz Martínez Chantar biologia doktoreak zuzendutako ikerketa honek egiaztatu duenez, saguetan parthenolide izeneko antiinflamatorio naturala erabiliz gero, kontrolpean manten daiteke histona deazetilasa 4 (HDAC4) deritzon DNA-aldatzailearen jarduera. Honen disfuntzioa gibeleko gaixotasun larriekin lotuta dago.

Duela bi urte abiarazitako ikerketa honi esker, bertatik bertara frogatu ahal izan da, gibeleko zelulak kaltetu eta minbizia eragin dezakeen zirrosi biliar primarioaren fenotipoa desagertu egiten dela saguetan, parthenolidearekin tratatzen baldin bada. Azterketa klinikoko fasean dagoen inhibitzaile honek HDAC4aren aurka jotzen du.

Ikerketaren abiapuntua, obesidate morbidoa eta era askotako gibeleko gaitzak dituzten helduengan maila txikietan agertu ohi den prohibitina 1 delako proteina mitokondrialaren behaketa da.

“Prohibitina-mailak oso murriztuta ageri dira gibeleko gaixotasuna dagoenean, eta ondorioz, eredu egokitzat jo genuen gaitz hauen garapena ulertzeko”, adierazi du Martínez Chantar-ek.

Ikerketa aurrera ateratzeko, ikertzaile-taldeak, aldakuntza genetikoaren bitartez prohibitina 1 proteina kendua zuen sagu bat garatu zuen, gerora gibeleko fibrosia eta minbizia izan zituena. Zientzialariek egiaztatu ahal izan zutenez, proteina horren gabeziak zerikusi zuzena du HDAC4aren jardueraren gaineko kontrolaren galerarekin.

“Prohibitinak HDAC4 bezalako faktore epigenetikoak erregulatzen ditu. Paziente osasuntsuengan, prohibitinak HDAC4arekin elkartu eta DNAren alterazioak saihesten ditu. Baina proteina hau desagertzen denean, histona deazetilasa 4ak kontrola galdu eta gibeleko zelulen kode genetikoa aldarazten du, era desegokian aldarazi ere”, ziurtatu du adituak.

Aurkikuntza honen ondoren, saguei parthenolidea ematen hasi ziren, HDAC4aren jarduera desegokia geldiarazteko. Ondorioz, zirrosi biliarraren fenotipoak atzera egin zuen.

Ikerketaren emaitzek, gaur egun behin-betiko tratamendurik ez duten gibeleko gaixotasunetarako hurbilketa terapeutiko berriak garatzeko aukera ireki dute.

Partekatu

Beste berri batzuk