Donostia, industriako teknologia-irtenbiderik aurreratuenen egoitza
- Makina-erreminten eta Fabrikazioko Teknologien XIX. Biltzarra Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean burutuko da, 2013ko ekainaren 12tik 14ra.
- Ikerketa-zentroek, unibertsitateek eta enpresa fabrikatzaile eta erabiltzaileek parte hartuko dute.
Ekainaren 12tik 14ra, Makina-erreminten eta Fabrikazioko Teknologien XIX. Biltzarra egingo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. AFM sektoreko elkarteak 1976. urteaz geroztik antolatzen duen biltzar honetan, metal-mekanika fabrikazioaren alorrean interes eta gaurkotasun handieneko gaiak landuko dira; era berean, biltzarra foro ezin hobea izango da parte-hartzaileen artean loturak eta lankidetzak zehazteko, eta enpresari, teknikari, ikerlari, zientzialari, ikasle eta irakasleei esperientziak partekatzeko aukera emango dien gune bilakatuko da.
Hona hemen, biltzarrak irauten duen egunetan aurkeztuko diren komunikazioetan landuko diren arlo batzuk: aeronautika eta automobilgintzara zuzendutako fabrikazioko teknologiak, makina handien eta pieza handien diseinua eta fabrikazioa, iraunkortasuna, makina eta prozesuen adimena eta mekanizazio-prozesuen hobekuntza, eta deformazioa. Horrez gain, sektoreko enpresa fabrikatzaileen bezero onak diren aeronautika eta automobilgintza sektoreei buruzko saio monografikoak egingo dira, eta, halaber, material konposatuen fabrikazioari eta ekarpen-teknologiei buruzko saioak eskainiko dira.
Biltzarrean, fabrikatzaileei kostuak murriztu, produktibitatea handitu, doitasuna hobetu eta diseinuaren fasean nahiz ekoizpen-fasean jardunbide iraunkorrak abian jarrita lehiakorragoak izatea ahalbidetuko dieten teknologiak aztertuko dira.