Egitezko Ekintzailetzako Master Dualak amaiera bikainarekin bukatu du lehen fasea

Masterraren bigarren edizioan parte hartu dutenek BBK Fundazioak eta Euskadiko Parkeen Sareak (Parkea) proposatutako benetako erronketarako haien proposamenak aurkeztu dituzte.

Urtarrilaren 14an, astelehenean, Master Dualeko parte-hartzaileek haren laguntzaile diren bi erakundek planteatutako erronketarako haien proposamenak aurkeztu zituzten Zamudion, Parkeen Sarearen egoitza nagusian.

BBK Fundazioak honako hauek konpontzeko irtenbideak diseinatzeko erronka bota zien aurreko astean: iraupen luzeko langabetuen lan-munduratzea hobetzen lagunduko liekeen irtenbideren bat diseinatzea erakundearentzat. Bestalde, Euskadiko Parkeen Sareak bere jardueraren inpaktu soziala eta ekonomikoa ebaluatzeko eredua garatzeko erronka bota zien.

Honako hauek izan ziren amaierako aurkezpenean: Itziar Epalza, Amaia Bernaras, Joseba Urbieta, Raquel Ubarretxena eta Aitor Elorduy (Parkeen Sarea), Xabier de la Torre eta Gorka Martínez (BBK Fundazioa) eta Víctor Urcelay, José Luis Larrea, María Lambarri, Janire Gordon eta Roberta Vicente (Deustuko Unibertsitatea).

Hala, amaitutzat eman da Masterraren lehen fasea. Bertan, parte-hartzaileek, irailetik urtarrilera bitartean, erakunde laguntzaileek proposatutako erronkei aurre egin behar izan diete astero. Zehatzago esanda, erronka horiek honako hauek mahaigaineratu dituzte: Salto Systems, Petronor, Grupo Urbegi, IDOM, Euskaltel, Tecnalia Ventures, CIE Automotive eta Siemens-Gamesa. Erronka horietako bakoitza elkarlanean diseinatu, ezarri eta ebaluatu dute Unibertsitateko eta erakundeetako bideratzaileekin batera. Lanerako erabili duten metodologia Design Thinking izenekoa da. Berrikuntza-erronka bati aurre egiteko izaera sistemikoa duen metodologia hori arazo irekiak eta konplexuak konpontzera bideratuta dago eta ikuspegi sortzailea eskatzen duen edozein esparrutan da aplikagarria.

Hala, lau hilabeteko iraupena izan duen fasea amaitu eta beste sei hilabeteko iraupena izango duen bigarren fasea hasiko da. Bertan, parte-hartzaileek (barne) ekintzailetza-proiektua ezagutarazteko lana egin beharko dute. Heren batek Unibertsitateko inkugabagailuetan (Innogune Donostiako campusean, eta Deustokabi Bilboko campusean) garatuko dituzten beren proiektuak landuko dituzte. Gainerakoek, aldiz, erakunde laguntzaileek proposatutako barne-ekintzailetzako proiektuetan hartuko dute parte, eta ondoren erakundeen baitan abian jartzeko edo ez jartzeko erabakia hartuko dute.

Proposatutako lan-metodologiaren oinarriak funtsezko hiru ardatz dira: bezeroaren frustrazioak eta arazoak konpontzen arreta jartzea, hipotesi eta prototipoak balioztatzea (Lean Startup) eta proiektuen pentsamendua eta gauzatze arina. Master Dualeko partaide bakoitzak prozesu osoan laguntza eskainiko dien aholkulari teknikoen eta garapen pertsonaleko aholkularien taldea izango du.

Azken emaitza ekainean aurkeztuko dute esparru ugaritako ekintzaileek osatutako epaimahaiaren aurrean. Bestalde, “merkatura ateratzeko” prest daudela uste duten proiektuek Orkestrak antolatutako Crecer+ plataforman hartuko dute parte. Ekintzaileen eta inbertsiogileen arteko interesak bateratzen dituen ekimena da. BBK Fundazioak 5.000 €-ko poltsa emango du egingarritasun- eta bideragarritasun-irizpideen arabera epaimahaiak egokitzat jotzen duen proiekturako.

Astearte honetan, urtarrilaren 15ean, erakunde ugariek proiektu bakoitzerako izendatutako Trebatzaileentzako Prestakuntza saioa egin dute. Saio horretan, fase berri honetan elkarrekin lan egingo duten Masterreko parte-hartzaileek, eta enpresetako eta Unibertsitateko aholkulariek lehen harremana izan dute eta proiektu horietako bakoitza ezagutarazteko bilerak egin dituzte.

ZER DA MASTERRA?

Egitezko Ekintzailetzako Master Duala Deustuko Unibertsitatearen titulu propioa da eta bere helburua pertsona ekintzaileak eta berritzaileak, ingurune konplexuetan bizkorrak eta etengabe aldatzen ari den eta aldaketa digitalaren aro berriaren aurrean dagoen mundu globalizatuan negozioa garatzeko estrategia iraunkor berriak diseinatzeko gai direnak, trebatzea da.

Masterrak gerturatze berritzailea du: prestakuntza-eredu duala da, eta enpresek eta erakunde laguntzaileek parte-hartzailearen ikaskuntza-prozesu osoan rol aktiboa eta protagonista hartzen dute. Hala, parte-hartzaileak beharrezko gaitasunak eskuratzen ditu erakunde horietan esperientzia praktikoak garatuta.

Master horretan, diziplina anitzeko taldetan egingo dute lan. Design Thinking, Lean Startup eta User Experience metodologien bidez, prestakuntza esperientzialeko ereduan oinarritzen da (learning by doing), benetako erronketarako irtenbide estrategiko berriak bilatuta proiektu berritzaileak sortzeko eta garatzeko lanean zein erakunde batean barne-ekintzailetzako edo norberaren ekintzailetzako proiektua landuta.

Hauek dira erakunde laguntzaileak: Salto Systems, Petronor, Urbegi Taldea, IDOM, Euskaltel, Tecnalia Ventures, CIE Automotive, Siemens-Gamesa, Angulas Aguinaga, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Eta zer da master dual bat? Master Duala Unibertsitatearen eta enpresen eta erakundeen artean elkarrekin ikaskuntza-prozesu ezberdina diseinatzeko eta ezartzeko konpromiso sakona, benetakoa eta egingarria dagoenean egiten da.

Informazio gehiago:

Webgunea: www.emprendimientoenaccion.deusto.es

Masterraren bideo orokorra: https://youtu.be/S-lrIjir34c

  1. fasearen laburpen-bideoa: https://youtu.be/4Y65FDn1zew
  2. fasearen laburpen-bideoa: https://youtu.be/TCXtrdj7oBY