Elebitasuna lagungarria al da garunaren zahartze osasuntsua izateko?

Albisteak, Gipuzkoa

BCBLk elebitasunak zahartzaroan duen eginkizuna ardatz duen ikerlanaren emaitzak aurkeztuko ditu azaroaren 2an Donostiako Aquariumean

Ekitaldian zehar garuna gazte mantentzen laguntzeko zientifikoki frogatutako aholkuak ere emango dira

Topaketa, doakoa eta publikoari irekitako mugaturiko tokiekin, 65 urtetik gorakoei zuzenduta dago nagusiki

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) Donostiako ikerketa zentroak zahartzean elebitasunak duen eragina ezagutzea ardatz duen ikerlan baten emaitzak aurkeztuko ditu Donostiako Aquariumean azaroaren 2an 12:00etan.

BCBLko zein zentro honekin elkarlanean aritu diren Nebrijako Unibertsitateko adituek eta zenbait neurologok hartuko dute parte ekitaldian. Bertan garuna gazte mantentzeko bizi-ohitura osasungarrien inguruko hainbat aholku ezagutaraziko dira.

Ekitaldian, hizlari ezberdinen eskutik, lau mintzaldi aurkeztuko dira. Publikoak eta ikertzaileek giro lasaian elkarri eragiteko parada izango dute ordubetez. Bertaratutakoen artean BCBLko ikerketetan boluntario gisa parte hartu duten 65 urtetik gorako pertsonak egongo dira.

Batetik, Nebrijako Unibertsitateko irakasle den Jon Andoni Duñabeitia izango dugu hizlari, duela hamarkada bat abian jarri zen ikerketa protagonistaren ikertzaile nagusietako bat. Beste oinarrizko kontzeptu batzuen artean, zahartze osasuntsua eta erreserba kognitiboa, hots, garunaren narriaduraren aurreran materia grisak bere funtzionamendua optimizatzeko duen gaitasuna, azalduko ditu.

Bestetik, ikerlanean esku hartu duen Ileana Quiñones ikertzaileak orain arte erdietsitako emaitza zientifikoak aurkeztuko ditu, zera iradokitzen dutenak: elebitasunak, berez garunarentzat abantailarik suposatzen ez badu ere, erreserba kognitiboan badu eragina; honenbestez, garunaren zahartze osasungarrian laguntzen du.

Halaber, Zumarragako (Gipuzkoa) eskualde-ospitaleko Iago Rego neurologoa ere izango da tartean. Bertaratutakoei zientifikoki frogaturiko bizi-ohitura osasuntsuen inguruko aholkuak emango dizkie, garuna gazte mantentzeko lagungarriak izan daitezkeenak.

Ikerketa lerro berria

BCBLk antolaturiko ekitaldi honen amaieran, Europako Batzordearen (Horizon 2020 programa) laguntzaz zentroak abian jarriko duen proiektu berria aurkeztuko da. Kasu honetan ere 65 urtetik gorako pertsonen parte-hartze boluntarioa beharko dute.

«Giza-ahotsa oinarri hartuz neuroendekapenezko gaixotasunen markatzaile goiztiarrak topatzea du xede», azpimarratu du Lucía Amoruso BCBLko ikertzaileak, proiektu berri honen nondik norakoak ezagutzera emango dituena.

Zientzia eta osasun arloko beste entitate batzuk, Nebrija zein San Andresko (Argentina) unibertsitateak eta Osakidetza esaterako,  zentroarekin elkarlanean aritzea espero da.

Ikerketa lerro honek Amorusok parte hartu duen nazioarte mailako beste ikerlan batean du jatorria. Honek Alzheimer gaixotasunarekin lotutako dementzia hitz atazekin erlazionatzen du eta emaitzak orain, urrian, argitaratu dira Alzheimer’s & Dementia (The Journal of the Alzheimer’s Association) aldizkari espezializatuan.

Gogoan izan ekitaldia doakoa dela, publikoari irekitako leku mugatuak dituela eta, nagusiki, 65 urtetik gorako pertsonei zuzendua dagoela. Bertaratzeko interesa dutenek harremanetan jartzeko bide ezberdinak dituzte: 943 30 93 00 (#500 luzapena) telefono zenbakira deitu, 664 424 461 zenbakira whatsappa igorri edo posta elektronikoz participa@bcbl.eu helbidera idatzi. Izena emateko epea urriaren 31n, asteartea, 12:00etan bukatzen da.

Partekatu

Beste berri batzuk