Elkarrizketa: Ana Gómezi, AZUL Multimedia enpresako CEO eta proiektuen zuzendariari

Araba

1.- Azul Multimedia Arabako Parke Teknologikoko enpresa beteranoetako bat da. ¿Nola definituko zenuke zuen enpresa?

300x373 colorKomunikazio-, prestakuntza-, turismo- eta enpresa-proiektuetarako irtenbide teknologikoak, sormenezkoak, funtzionalak eta soilak eskaintzen dituen ETE bat da Azul Multimedia.

2.- Zer motatako bezeroei zuzenduta dago Azul Multimedia?

Era askotako bezeroak ditugu, sektore oso desberdinetatik Datozenak: teknologia beren ideiari, zerbitzuari edo produktuari gehitzeko balio erantsi gisa erabili nahi duten administrazioekin, enpresa pribatuekin eta erakundeekin lan egiten dugu.

3.- Teknologia ugari daude ikusgai zuen webgunean. Zein da merkatu teknologikoan posizionatzeko duzuen estrategia?

Lehenengo galderan esan duzun eran, Azul Multimedia enpresa beteranoa da jada, ia hogei urteko esperientzia baitugu.

 Zalantzarik gabe, Arabako enpresa aitzindarietako bat gara komunikazio digitalaren, Interneterako proiektu-programazioaren, 3D-aren, errealitate birtualaren eta enpresei eta administrazioei zuzendutako laguntza teknologikoko zerbitzuen alorretan. Gure ibilbide osoan, aurrerapausoak ematen eta mundu teknologikoan agertzen joan diren teknologia guztiak gure Know Howra gehitzen joan gara, eta gure DNAren zati gisa barneratu ditugu.

Gure berrikuntza sailetik, beren beharretara edo asmoetara hobekien egokitzen den teknologiari buruzko aholkuak ematen dizkiegu bezeroei, eta, gerora, modu pertsonalizatuan garatzen dugu hori haientzat, eta laguntza ematen diegu tresna edo proiektua garatzeko eta abiarazteko prozesu osoan.

4.- Zenbateko garrantzia izan dute hezkuntza-proiektuek enpresaren hazkundean?

Urte askotan, erreferente izan gara online gauzatzen diren hezkuntza-proiektuen diseinuan; tresna teknologikoak eta mundu birtualak sartu izan ditugu gure hezkuntza-produktuetan, orain bezain ezagunak ez ziren garai haietan. Horrek zenbait sari ekarri dizkigu, maitasun handiz gordetzen ditugunak; esate baterako, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-software onenei ematen dien Migel Altzo saria.

Baina hezkuntza ez da interesatzen
zaigun gai bakarra. Aisialdi arduratsuak ere erakartzen gaitu eta, horregatik, guztiz pertsonalizatutako jolas elkarreragileak diseinatzen ditugu herritarrei zuzendutako ekitaldi eta proiektu mota guztietarako. Ziur, jakin gabe ere, elkarrizketa hau irakurtzen ari diren pertsonetako askok enpresa handien komunikazio-kanpainen baitan garatu ditugun jokoetako batekin jolas egingo zuela noizbait, hemen EAEn edo beste erkidegoren batean.

Une honetan, adibidez, GooglePlay-n eskuragarri dago txikienentzat sortu dugun jolas bat (Kids Racing Islands); poztasun handiak ekarri dizkigu, bai izan duen onarpenagatik, bai eta erabiltzaileek uzten dituzten iruzkinengatik ere.

5.- Nola sentitzen da 20 urteko esperientzia duen enpresa teknologiko bat negozio teknologikoen eredua eraldatu duten dozenaka startup enpresaren artean?

Startup direlakoak funtsezkoak dira berrikuntza sortzeko eta zenbait sektoreri balio erantsia emateko, ez sektore teknologikoari bakarrik. Guretzat hobetzen jarraitzeko eta bertan gozo ez gelditzeko pizgarri dira. Gainera, lankidetzan jarduteko prest egon ohi dira, gainerako enpresak baterako proiektuak gauzatzeko aukera gisa ikusten baitituzte, merkatuko lehiakide gisa soilik ikusi beharrean.

Ikusten diedan eragozpen bakarra da haietako batzuk espezializazio maila oso altuarekin sortu direla eta, lantzen duten teknologia zaharkituta geratu bezain laster, merkatutik desagertuko direla.

6.- Zure ustez, norantz doa teknologia?

Galdera interesgarria da. Sektoreko profesional askok burbuila teknologikoari buruz hitz egiten dute dagoeneko. Batzuetan, iruditzen zait teknologia berrien negozioa haiei buruz hitz egitean eta etorkizuneko erabilera posibleei buruzko igurikimenak sortzean datzala, gaur egun benetako erabilgarritasuna izan dezaketen produktuak sortzean baino gehiago. Horregatik, batzuetan, orainaldiko teknologia lantzen dugun enpresak baztertuta eta gutxi baloratuta sentitzen gara unibertso teknologikoan.

Azul Multimediak ongi daki zer iritzi duen horri buruz: pertsonak proiektu guztien ardatz bihurtzen dituen enpresa gara. Horregatik, azken urteotan, proiektu teknologikoak gauzatu ditugu osasunaren alorrean eta pertsonen bizi kalitaterako hobekuntza nabarmena dakarten tresnen esparruan.

Etorkizun handia duten proiektu-ildoak dira, baina administrazioen laguntza behar dutenak garatzeko eta, batez ere, gizartean tresna erabilgarri gisa finkatzeko.

7.- Desberdina al da enpresa teknologikoen mundua emakume baten ikuspegitik?

Ez dauka zertan horrela izan, baina gezurretan ariko nintzateke ez banuke azalduko enpresa bat sortzeko ideia lan-esperientzia zabala nuenean sortu zela, eta ekintzaile izatea ez zela nire lehen aukera izan ikasketak amaitu nituenean.

2017ko zifrek erakusten duten eran, karrera teknikoetan eta IKT sektorean dauden emakumeak gutxiengoa dira oraindik. Azul Multimediak errealitate hori aldatzen lagundu nahi du, eta, horregatik, Deustuko emakumezko irakasle batek, Itziar Aloriak, sustatutako proiektu bati laguntzea erabaki dugu. Aloriak lortu du programazioaren esparruan lan egiten dugun emakume batzuk Neskak in code proiektuan parte hartzea; proiektua 12 urtetik 16 urtera bitarteko neskei zuzenduta dago, eta haren xedea da neska horietako askorengan beren lan-etorkizuna programazioarekin lotzeko nahia edo interesa piztea.

 Aurten abiarazi da asmo handiko proiektu hori, eta Azul Multimediak enpresa gisa parte hartu du tresna baten garapenean, parte-hartzaileei programazioaren oinarriak ulertzeko eta proiektu teknologiko oso bat gauzatzeko aukera emango dien tresna baten garapenean hain zuzen ere.  Espero dugu laster Parke Teknologikoen Sarean aurkeztu ahal izatea, eta beste enpresa eta erakunde askok ere ekimenean parte hartzea.

8.- Arabako gune teknologiko handienean zaudete, Parkean; enpresa gisa, zer abantaila dakarkizue hemen egoteak?

Lehenengo urteetan, enpresaren egoitza Jundiz industrialdean zegoen, baina, enpresaren etorkizuna aztertu ostean, erabaki genuen Arabako Parke Teknologikoan garatu ahal izango zela hobekien gure enpresa.

Orduz geroztik, enpresak bizi-kalitatea irabazi du, lan-inguruneari eta Parkeak eskaintzen dituen zerbitzuei dagokienez. Gainera, duela urte batetik hobekuntza nabarmena ikusi dugu Parkearen eta ETE-en artean, eta langileei zuzendutako zerbitzu berriak eskaintzen dira.

Interesgarria iruditzen zaigu eredu hori. Pertsona gehiagori ikusarazten badiegu hau oso ingurune interesgarria dela lan egiteko edo ekintzailetza-proiektu bat sortzeko, Parkeko masa kritikoa hazi egingo da, eta mesedegarria izango da dagoeneko hemen lan egiten dugun gainerako enpresentzat ere.

www.azul-multimedia.com

Partekatu

Beste berri batzuk