Elkarrizketa Begoña Gavilán-i, EDE Fundazioaren enplegu inklusiboko sailaren arduradunari

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

“Parke Sarearekin elkarlanean aritzeak aukera eman digu enpresek gizarte ardurarako berezko politikak eratzeko bitartekotzat har gaitzaten”

Aurreko urtearen amaieratik, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Emaktiva programan parte hartzen du. Gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden emakumeak lan-merkatuan sartzea errazten duen EDE Fundazioaren ekimena da Emaktiva. Emakume horientzat, lana soldata bat jasotzea baino askoz gehiago da; autoestimua berreskuratzeko, independenteak izateko eta bizitza berri bati ekiteko aukera da. Parkearentzat, gizartearekiko konpromisoa erakusteko eta bertan kokatutako enpresei beren ekarpentxoa egiten laguntzeko aukera da. Programa hau gizarte- eta lan-arloko jokabide onenak hautatzen dituen Europako Inklusioaren aldeko Berrikuntza Sarearen hirugarren deialdiko finalistetako bat izendatu berri dute. Fundazioaren Enplegu Inklusiboko sailaren arduradun Begoña Gavilánek azaldu duenez, “taldearen ahalegina eta ilusioa aintzat hartu dituzte, eta horrek bide onetik goazela adierazten digu eta lanean jarraitzeko bermea eta bultzada ematen dizkigu”.

-Nola aurkeztuko zenioke EDE Fundazioa haren berri ez duen norbaiti? Nori laguntzen diezue eta zer prestakuntza eskaintzen duzue?

-Fundazioa 1976an sortu zen. Garai hartan, Gazteriaren Hezitzaileentzako Elizbarrutiko Eskola zen, eta aisialdiko monitore eta zuzendari ikastaroak eskaintzen zituen. Geroago, gizarte mailako esku-hartzearen arloan hasi zen lanean. Prozesu juridiko-instituzional baten ondorioz, 1990ean fundazio kanoniko bihurtu zen, eta fundazio zibila da 2009tik. Ibilbide luze horretan zehar, hainbat lan-arlo jorratu ditu. Gaur egun, Lanbidek lan-orientazioa eta enplegurako prestakuntza eskaintzeko homologatutako erakunde bat gara, eta profesionaltasun-agiria eskuratzeko aukera ematen diegu langabetuei, lanak jardunaldiaren % 33 baino gutxiago hartzen dien langileei edota beren jarduera eta prestakuntza batera dezaketen autonomoei. Hainbat ikasgai eskaintzen ditugu: administrazio-jarduerak, sistema mikro-informatikoak, webguneen diseinua edo arreta soziosanitarioa. Bestetik, herri-administrazioei ere laguntzen diegu gizarte baliabideen eta politiken diseinuan. Gaur egun, EDE Fundazioan gizarte-eraldaketaren alde dihardugu lanean, enplegu inklusiboa, gizartearen parte hartzea eta komunitateen garapena bultzatuz eta gizarte-, kultura- eta hezkuntza-mailako esku-hartzearen arloko aholkularitza- eta ikerketa-zerbitzuak eskainiz.

-Helburu orokor horiekin lotuta, zein da Emaktiva programaren bereizgarria?

-Lan-orientazioaren arloan egindako bidearen eta, gehienetan genero indarkeriaren biktima izateagatik, zaurgarritasun egoeran dauden emakumeekin egin dugun lanaren emaitza da programa. Bi ardura horiek elkarri estu lotuta zeudela ohartu ginen; izan ere, bizitzan zehar indarkeria motaren bat jasan duten emakumeen behar nagusietako bat enplegu bat lortzea ahalbidetuko dien lan arloko orientazioa jasotzea da. Gizarte-bazterkeria zein pobrezia-egoera jasateko arrisku bikoitza duen kolektiboa izanda, haiei modu espezifikoan zuzendutako programa bat martxan jartzea beharrezkoa zela pentsatu genuen. 2016an abiatu zen programa, Europako Gizarte Funtsaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Lanbideren eta zenbait erakunde pribaturen (BBK-ko Gizarte Ekintza, horien artean) babesaz. Ondoren, emakumeak lan-munduan sartzea ahalbidetuko zuen sarea eratzeko, konpainia ugari biltzen dituzten enpresa talde handiekin elkarlanean hasi ginen: Bizkaiko Enpresarien Konfederazioarekin, Euskadiko Lan Sozietateen Elkartearekin edo Bizkaiko Teknologia Parkearekin berarekin. Egun, programan parte hartu duten emakumeen nahiz haiek kontratatu dituzten enpresen poztasun-maila oso handia dela esan dezakegu. Lehen bi urteetan 144 lan-eskaintza kudeatu ditugu, eta 102 emakumek lana lortu dute.

-Gainera, halakoetan enplegua lan hutsa baino askoz gehiago da.

-Bai, hori funtsezkoa da. Hasieratik argi geneukan gure betebeharra zailtasunak dituzten emakume horiei enplegu bat bilatzen laguntzea zela, baina ez soilik lan bat izan dezaten, baita autonomia pertsonal handiagoa eskura dezaten ere. Enpleguaren bidezko autonomia ekonomikoa zikloaren amaiera baino ez da. Emaktiva ahalduntze pertsonal eta sozialerako programa bat da. Integrala eta zeharkakoa. Hau da, alderdi guztiak lantzen saiatzen gara, esperientzia zailak bizi izan dituzten emakumeek beren buruarekiko konfiantza berreskura dezaten. Beren egoeraren arrazoiez jabetu daitezen lortu behar dugu eta egoera hura aldatzeko tresnak eman behar dizkiegu, proaktiboak izan daitezen konponbideak bilatzeko orduan. Haien jarrera, erresilientzia, komunikatzeko ahalmena edo taldean lan egiteko gaitasuna zein garrantzitsuak diren ulertarazten diegu. Ikuspegi feminista batetik egiten dugu hori, genero-rolak, estereotipo sexistak eta segregazio horizontala baztertuta, horiek guztiek emakumeek soilik etxeko lanen arloan eta antzeko jardueretan lana bilatzera bultzatzen baitituzte, non enpleguak ez dien egiazko independentziarik ekarriko. Azkenean, emakume batzuek enplegua berehala lortzen dute eta beste batzuek ez, baina gure helburua denek enplegu bat bilatzeko gaitasuna izatea da, hots, beren kabuz moldatzeko ahalmena izatea.

-Zer lanpostu ezberdin betetzen lagun dezake programak enpresetan? Bada aukerarik, lanpostu jakin bat bete ahal izateko, pertsonak enpresa batek adierazitako behar zehatzei erantzuteko presta ditzazuen?

-Bai, jakina. Pozik egingo genukeen zerbait da. Enpresa batek profil jakin bat beharko balu eta kontratazioa egiteko konpromisoa hartuko balu, haiekin batera poz-pozik garatuko genituzke beharrezko prestakuntza-jarduerak. Gure jakintza osoa enpresen zerbitzuan jartzen dugu, baina haiengandik ere ikas dezakegu zeintzuk diren merkatu-hobi berriak. Urtero berrikusten dugu gure prestakuntza-eskaintza, enplegu-eskaera handiena duten arloetara egokitzeko, eta iradokizunak jasotzera zabalik gaude.

-Zer garrantzi du Fundazioarentzat Parke Sarea zuekin halako programa espezifikoetan elkarlanean aritzeak eta zuek Bizkaiko Teknologia Parkeko enpresekin harremanetan jartzeak?

-Guretzat lankidetza oso garrantzitsua da hasieran aipatzen nuen sare hura ehuntzeko. Programaren gakoetako bat kalitatezko enplegu-aukera errealak bilatzean datza, eta Bizkaiko Teknologia Parkea, gure ekintzak gauzatzen ditugun eremua, funtsezko aliatu estrategikoa izan zitekeela ohartu ginen. Enpresen ateak irekitzen dizkigu eta haiekin harremanetan jartzeko bermea ematen digu, beraien gizarte ardurarako politikekin bat datozen ekintzak burutzeko bitartekotzat har gaitzaten. Askotan, enpresek ez dakite oso ondo inguruarekiko konpromisoa edo berdintasunaren aldeko apustua nola eratu, eta Parkearekiko elkarlanak aukera ematen digu esateko lehen pausoa erraz-erraza dela, nahikoa dutela guregana jotzea lan-eskaintza bat dutenean edo, bestela, borondatezko lanak eginez gure prestakuntza-ikastaroetan parte hartzea. Itxaropen handiak ditugu emaitzetan. Parke Sarearen zuzendaritza bat dator helburu horiekin eta hasieratik erakutsi zuen guri laguntzeko prest zegoela. Parkeko enpresei programa lehendabiziko aldiz aurkeztu genien egunean bertan, haietako batek sorrera berriko lanpostu baterako kontratazio-eskaintza egin zigun.

Partekatu

Beste berri batzuk