H2020 DECIDE proiektuari esker, DevOps taldeek hodei anizkoitzeko aplikazioak hedatzeko duten produktibitatea hobetu egingo da laster

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

DECIDE Europako H2020ko ikerketa-proiektu bat da, eta Europako Batzordeak finantzatu du hiru urtez

DECIDEren helburu nagusia da softwarerako azken belaunaldiko lan-esparru bat eskaintzea, hodei anizkoitzeko berariazko aplikazioak diseinatzeko, garatzeko, haiekin eragiteko eta dinamikoki hedatzeko aukera ematen duten teknikak, tresnak eta mekanismoak garatzeko, hodeiko zerbitzu-multzo fidagarri, elkarreragingarri eta legez bateragarri batean.

Hauek dira DECIDEko kideak: AIMES, Arsys, HPE, Experis IT, Time.lex, Fraunhofer, CloudBroker eta TECNALIA. Europako sei herrialdetakoak dira, eta Europaren iparraldea eta hegoaldea ordezkatzen dituzte. TECNALIA da partzuergoaren buru.

DECIDEk helburu du produktibitatea hobetzea eta aplikazio batzuk merkaturatzeko behar den denbora murriztea —bai errendimendu eta fidagarritasun handiak behar dituzten aplikazioena, bai kudeatzen duten informazioaren izaeragatik hodeiko baliabideen lege-alderdi oso garrantzitsuak dituztenena—.

DECIDE lantzen ari den xedea bereziki garrantzitsua da hodei anizkoitzeko aplikazioak hedatzen dituzten DevOps-eko lantaldeentzat eta hodeiko zerbitzuen hornitzaileentzat (CSP, cloud service provider).

Proiektuak oraintsu zabaldu du DECIDE DevOps lan-esparrua osatzen duten tresnen hirugarren bertsioa, eta GitLab-en daude eskura, proiektuaren biltegi publikoan. DECIDE DevOps v3.0 esparru integratua abuztuan argitaratuko da, eta deskargatzeko moduan egongo da. Gaur egungo paketeak tresna hauen funtzionalitate berri eta hobetuak ditu:

  • DECIDE ARCHITECT: aplikazioetan zer arkitektura-eredu erabili behar diren aholkatzen du, identifikatutako baldintza ez-funtzionalak betetzeko.
  • DECIDE OPTIMUS: hodeiko zerbitzuen hornitzaile batean baino gehiagotan inplementatzeko konfigurazio-konbinazio egokiena gomendatzen du mikrozerbitzuetan oinarritutako aplikazio baterako.
  • Hodeiko zerbitzu aurreratuen metabitartekaria (ACSmI): hodeiko zerbitzuak automatikoki kontratatzeko aukera ematen du, batez ere CSP edo hodeiko zerbitzuen hornitzaileen makina birtualak (VM, virtual machine), hala nola Amazon.
  • DECIDE ADAPT: aukeratutako hodei anizkoitzeko azpiegituraren konfigurazioa automatikoki ematen du (OPTIMUSen aholkuen arabera). Halaber, aplikazioaren mikrozerbitzuak ere automatikoki hedatzen ditu Amazon, ARSYS, CloudSigma eta halako hornitzaileen hodeiko azpiegituretan.

Aplikazioa hedatu ondoren, martxan dagoela, DECIDEren tresnek eragiketa-ezaugarriak monitorizatzen dituzte, hala nola aplikazioaren eta CSPen disponibilitatea; gorabeherak daudenean, DevOps taldeei jakinarazten diete, eta aplikazioa automatikoki hedatzen dute berriro, automatikoki hautatutako konfigurazio berri batekin. Tresna guztiak DevOps lan-esparru seguru eta erabilerraz batean txertatuta daude, zeina webean oinarritzen baita; haien bilakaera eta egoera kontrol-panel integratu baten bidez ikus daiteke. Orobat erabili ahal izango dira DECIDE ARCHITECT eta DECIDE OPTIMUS Eclipseren plugin baten bidez.

DECIDEren tresnen gaur egungo bertsioa hiru erabilera-egoera zorrotzetan eman da ontzat: proba klinikoen aplikazio bat, disponibilitate handiko aplikazio bat eta energia-salerosketako plataforma bat, bloke-kateetan oinarritua. DECIDE erabiliz lortutako lehen emaitzek erakusten dute, eskuzko prozesuekin alderatuta, badaudela abantaila potentzialak hodeiko baliabideak hautatzeko eta kontratatzeko erabiltzen den denboran, hedatzean eta jardunean.

DECIDE DevOps v3.0 lan-esparru osoaren azken bertsioa 2019ko abuztuan argitaratuko da, eta etengabe hobetuko eta eguneratuko da.

Partekatu

Beste berri batzuk