Elkarrizketa: Gari Etxebeste, Txirrindulariaren Biomekanikaren Unitateko zuzendaria. Poliklinika Gipuzkoa

Gipuzkoa

Poliklinika Gipuzkoan dago txirrindularientzako lehen zerbitzu espezializatua, hau da, Txirrindulariaren Biomekanikaren Unitatea. Podoactiva klinikarekin elkarlanean sortu da, bizikletaren zale amorratu guztiei tratamendu integrala eskaintzeko.

Gari Policlínica 1.- Zertan datza Poliklinika Gipuzkoak sortutako unitate berri hau?

Txirrindulariaren Biomekanikaren Unitatean, batetik, txirrindulariaren beharren arabera egokitzen da bizikleta, eta, bestetik, txirrindulariak biomekanikoki egiten duen lana ezagutzeko aukera dago.

Oso garrantzitsua da txirrindulariak gorputz-jarrera egokia izatea bizikletaren gainean; ez bakarrik errendimendua hobetzeko, baita epe labur zein luzera lesioak ekidin eta saihesteko ere. Txirrindularitza kirol ziklikoa da, hots, etengabe errepikatzen da mugimendu bera. Hortaz, mugimendu hori ez bada ondo egiten, eta urteetan zehar milaka aldiz errepikatzen bada, lesio nabarmenak sor daitezke. Besteak beste, artikulazio, muskulu, tendoietako eta nerbioetako lesioak (nerbioa estutzen delako). 3D kamerak erabiltzen ditugu gorputz osoko angeluazioak baloratzeko eta gorputza orekatuta dagoen ikusteko, hots, 3 euste-puntuen gaineko presioaren banaketa egokia den edo ez egiaztatzeko. Presioa eragiten duten barne-zolez baliatuz egiten dugu balorazioa (hankak, eskuak eta ipurmasailak). Azterketa egiteko, edozein norabidetan modula daitekeen bizikleta robotiko baten gainean igotzen da txirrindularia. Egindako indarrei buruzko grafikoetan oinarrituta, txirrindulariak hanka bakoitzarekin egiten duen lana ikus dezakegu, baita noiz egiten duen indarra ere. Azkenik, laser baten bidez, txirrindulariaren bizikletara eramaten ditugu neurketak. Behin azterketa amaituta, hilean behingo azterketa eta dagokion jarraipena egiteko data zehazten da.

2.- Aitzindariak zarete bai Euskadin bai Estatuan. Zergatik eta nola jaio da unitatea?

Txirrindularitzaren alorrean ezinbesteko behar bat asetzeko jaio da unitatea; biomekanikaren alorraz ari naiz. Gure lurraldean, gertu-gertutik bizi dugu txirrindularitzaren kultura.

Osasuna, kirola eta goi-mailako teknologia uztartzen ditugu. Ba al dago gurea bezalako erreferentziazko osasun-zentroa baino hoberik txirrindularientzat?

Fisioterapiaren eremutik egiten ditut azterketak, eta horrek balio erantsia ematen digu. Gorputzaren jarrera, malgutasuna edo dismetriak baloratuz, mugimendu asimetriko jakin batzuen jatorria uler dezakegu. Gainera, ondorio horiek zuzentzeko neurririk behar dugun edo gorputzaren beraren konpentsazioak diren ikusiko dugu.

3.- Den-dena hartu duzue kontuan, bizikletak eramateko igogailua ere instalatu duzue…

Bai. Txirrindulari baten irudia duen igogailu-kargagailua jarri dugu; erraz-erraz ikus daiteke, txirrindulariak arazorik gabe 3. solairuraino igo daitezen.

4.- Lurraldeko erreferentzia bilakatu da Poliklinika Gipuzkoa. Zer onura dakartza Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko inguruan egoteak?

Garrantzitsua da inguru aurrerakoi eta berritzaile baten ondoan egotea; guk ere aurrera egiten jarraitu nahi dugu, ez dugu geldirik egon nahi. Gure unitaterako interesgarria den teknologia garatzen duten enpresa batzuetara joateko aukera izan dut, besteren artean, elektromiografia-kuloten abantailak ezagutzeko. Izan ere, muskulu taldeetako uzkurdurak hautematen dituzte kulot horiek. Esan beharra dago azterketa egitera datozen txirrindularien ehuneko oso altua ingeniariak direla.

Partekatu

Beste berri batzuk