Elkarrizketa: Isabel Machado, SOMAprobes enpresako proiektu-kudeatzailea

Gipuzkoa

Asegabeko behar klinikoetarako soluzioak eskaintzen ditu SOMAprobes-ek; pasioa zein eskarmentua jartzen ditu pertsonen osasunaren zerbitzura. Enpresak erabiltzen duen teknologiari esker, modu arin eta fidagarrian detekta daitezke bizitzarako arriskutsuak diren gaixotasunak. Horrenbestez, ohiko diagnosi-metodoen gainetik nabarmentzen da teknologia hori.

ENTREVISTA11.- Solutions for life da zuen lema. Zertan datza SOMAprobes-en jarduera?

Nukleasa eta azido nukleikoen (DNA eta RNA) biokimikaren alorreko ezagutzaz baliatuz, diagnosi-tresna berriak garatzen ditu SOMAprobes-ek. Tresna espezifiko, sentibera eta azkar horien propietate berritzaileei esker, besteak beste, lesioak edota infekzioak anatomikoki hauteman daitezke eta patologia baten jarduera biologikoa in situ neur daiteke. Modu laburrean esanda, batez ere zelula edo bakteria ia-ia mota guztiak jariatzen dituzten entzimak dira nukleasak. Xede-nukleasak azido nukleikoen zunda atzematen duenean, zunda apurtu eta fluoreszentzia edo bestelako sistema transduktiboen bidez neur daitekeen seinalea sortu egiten da. Nukleasa-gainadierazpena etorkizun handiko biomarkatzailea dela frogatu da, adibidez, bakteria edo tumore-zelulen hainbat mota detektatzeko. SOMAprobes-eko sortzaileek jada demostratu dute nukleasak biomarkatzaile gisa erabil daitezkeela animalia ereduetako patogeno espezifikoak detektatzeko. Estrategia horri jarraituz, sentiberatasun eta espezifikotasun handiko oligonukleotido-zundak garatu ditu gure enpresak, bakteriak in vivo detektatu ahal izateko 45 minututan. Argi geratzen da, beraz, teknologia horrek potentzial handia duela diagnosietarako.

2.- Osasunaren arloko espezialistek erabaki azkarrak har ditzakete eskaintzen dizkiezuen tresnak erabilita…

Lehen aipatutako teknologiaren ezaugarriak optimizatzen ditu SOMAprobes-ek, aplikazio eremu zabal batean erabil daitezkeen eta egungo teknologien irismenetik kanpo dauden propietateak dituzten tresnak sortzeko. Esaterako, kontraste-agente funtzionalak edo diagnosirako kit sentikorragoak, ohiko teknikak suboptimoak direnean. Momentuz ez dago metodo azkar eta ez-inbaditzailerik infekzio bakterianoen edota minbiziaren lokalizazioa zehazteko. SOMAprobes-en plataforma teknologikoak behar horiek ase ditzake, eta ziur gaude bizitzak salbatzeko lagungarria izango dela.

3.- Enpresako langileek eskarmentu zabala dute sektorean. Zalantzarik gabe, haiek dira SOMAprobes enpresaren balio handienetako bat…

Ahalik eta lantalderik osatuena aukeratu dugu eskuartean dugun proiektu esanguratsua gauzatzeko, ikerketaren zeharkako hainbat alderdi kontuan hartzen baitira. Gaur egun, diziplinarteko 5 profesionalek osatzen dute taldea. Hau da, mikrobiologia, bioingeniaritza, sintesi-kimika eta kimika analitikoaren alorretan prestakuntza duten 4 doktoregai eta doktoregai bat. Era berean, oinarri teknologikoko enpresen kudeaketako aditu baten laguntza du SOMAprobes-ek, eta erakunde sanitarioekin lankidetzan gauzatzen ditugu uneko proiektuak.

BIC Gipuzkoa enpresa- eta berrikuntza-zentroaren babesa ere badaukagu. Besteak beste, profil zientifiko-teknologikoa duten enpresa berriak –gurea, kasu– balioesteko eta abiarazteko baliabideei buruzko aholkularitza eta kudeaketa eskaintzen dizkigu.

4.- Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko Kuatro eraikinean duzue egoitza. Zer-nolako abantailak dakartza horrek bai maila enpresarialean bai egunerokotasunean?

BIC Gipuzkoa zentroaren laguntzari esker, modulu bat dugu Kuatro eraikineko bio-sehaskan, baita laborategirako ekipamendu espezifikoa ere. Askotariko enpresak daude gure eraikinean; batzuk, gainera, gure alor berean jarduten dute eta gure garapen-une berean daude. Esan beharra dago horrelako inguru batean lan egiteak hartu-emanetarako eta sinergietarako aukera ematen duela; alegia, elkarlana ahalbidetzen duen lan-giro bikaina.

Partekatu

Beste berri batzuk