Elkarrizketa: Javier Julián, PRAXIS PHARMACEUTICALko Kontseilari Delegatua
Javier Julián, PRAXIS PHARMACEUTICAL ko Kontseilari Delegatua
1.- Osasunerako ikerketen arloan lan egiten duen enpresa zarete. Zer da, zehazki, Praxix Pharmaceutical?
Osasun-zientzien arloko enpresa bat gara. Arabako Teknologia Parkean dugu egoitza eta Europan eta Latinoamerikan filialak ditugu. Sendagai eta osasun-produktu berritzaileak garatzea, fabrikatzea eta merkaturatzea da gure helburua (produktu esterilak dira gure espezializazioa), bai geureak, bai hirugarrenek eskatutakoak, eta produktu horiek kalitate-estandar zorrotzenak betetzea. Horretarako, prestakuntza handiko langileak ditugu, eskakizun zorrotzak dituen sektore bioteknologiko-farmazeutiko honetan aplikagarri diren teknologietan trebatutakoak, hain zuzen.
Praxis Pharmaceutical enpresa hiru ataletan dago egituratuta:
1- Ikerketa eta garapenaren atala. Atal honen jardueraren ardatzak hauek dira: osagai natural eta sintetikoen oinarrizko bioteknologiak; nanoformulazioko plataformak; eta terapia aurreratu zelularrak eta genikoak.
2- Fabrikazioko atala. Sendagaiak eta osasun-produktu esterilak (fabrikazio aseptikoa), ekoitzi eta garatzeko atala da hau. Geureak eta hirugarrenentzat egiten ditugu; batez ere biologikoak. Terapia zelularrerako areto bat ere badugu. Gaitasun horiek guztiak Europako eta nazioarteko arautze-agentziek eskatzen dituzten arau zorrotzenak betez gauzatzen ditugu.
3- Atal komertziala. Atal honen helburua gure salmenta-sareen bidez, edota banatzaileekin akordio estrategikoak eginda, aipatutako sendagai, osasun-produktu eta terapia zelularrak merkaturatzea da.
Gure helburua osasun arloko profesionalei pazienteentzako tratamenduak hobetzeko eskura duten armategi terapeutikoa hedatzeko produktu berritzaileak eskaintzea da, batez ere hiru arlo hauetan: Birsorkuntzari lotutako medikuntza, intzidentzia txikiko minbiziak eta gaixotasun arraroak. Birsorkuntzari lotutako medikuntzan, ehunen birsorkuntzan eta zaurien orbaintzean egiten dugu lan batez ere eta une honetan, zenbait produktu merkatuan izateaz gain, beste gatzuk garatzen ari gara. Minbiziari dagokionez, gliomaren (garuneko tumoreak) tratamendurako beste produktu bat dugu garatze-bidean eta gaixotasun arraroei lotuta, fibrosi kistikoa eta bronkiektasia tratatzeko zenbait produktu ditugu bai merkatuan, bai garatze-bidean.
Une honetan, 100 langile ditu Praxis Pharmaceutical enpresak Europan eta Latinoamerikan.
2.- Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearekin eta bikaintasunezko ikerketarako nazioarteko erakundeekin lankidetzan aritzen zarete.
Noski. Gure enpresa-kulturan eta gure balioetan oinarrituta, LANKIDETZARAKO AMETSA geure egin dugu eta horri jarraiki, askotariko eragile teknologiko, enpresa bioteknologiko eta farmazeutikoekin lankidetzan aritzeko gai den enpresa eratu dugu. Lankidetza horretan, eragile bakoitzak bere jakintza espezializaturik onena eskaintzen du alde guztien intereseko proiektuaren alde. Adibide batzuk ematearren, honako hauekin elkarlanean ari gara une honetan zenbait proiektutan: unibertsitateak (EHU, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Bartzelonako Unibertsitatea, Karlos III, Burgoskoa, Université Paris, etab.), ospitaleak (BIOEF-OSAKIDETZA, Santiago de Compostelako Unibertsitate Ospitalea, Vall d’Hebron, etab.), bertako eta Europako zentro teknologikoak (TECNALIA, CEA-LETI), CIBER-BBN, CSIC, CIC-BIOGUNE, CARLO BESTA INSTITUTUA eta abar.
3.- Egokitzen al da ikerketaren erritmoa pazientearen behar eta eskaeretara?
Oro har, ikerketaren eta molekula eta produktu berrien garapena bai, egokitzen da. Hala ere, agintariek pazienteentzako produktu berrien segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko ezartzen dituzten arautze-eskakizunak oso zorrotzak direnez, ekoizpenari, bermatzeari, kalitatearen kontrolari eta ikerketa klinikoei lotutako prozesuak asko luzatzen dira eta kostu handia izaten dute. Horretarako, baliabide handiak behar ditugu enpresok; ez giza baliabideak bakarrik (langile espezializatuak), baita finantza-baliabideak ere, itzultzeko aurreikuspena epe laburrera ez, epe luzera dutenak. Hori ere erronka da gure lanean eta pazienteentzako irtenbide terapeutiko berriak garatzeko gure helburuan.
4.- Praxis Pharmaceutical enpresak berrikuntzaren aldeko apustu argia egin du; ez biomedikuntzaren arloan soilik; eta Parkean duen egoitza, eraikin ekoberritzailea, horren adierazgarri da. Zertan da eraikin hau gainerakoen aldean desberdina?
Batez ere, instalazio klasikoek baino energia gutxiago kontsumitzen du eta ingurumen aldetik iraunkorra den diseinu eta garapen-lanetik abiatuta lortu dugu hori. Eraikinak energia aurrezteko sistemak, islapeneko eta absortzio termikoko beirak eta kontsumo txikiko ekipamenduak ditu, berotasunaren transferentzia ahalik eta txikiena izateko. Era berean, eraginkortasunez erabiltzen ditugu airea, ura eta hondakinak eta ekoizpen-prozesuko ura eta airea birziklatu egiten ditugu. Makineria automatizatzeko sistemak ere baditu eta horiei esker, prozesuak eraginkorragoak dira. Gainera, aipagarria da eraikinaren zati bat hondakin birziklagarrietatik fabrikatutako materialez, pintura birziklagarriz eta ingurumen-inpaktu txikiko materialez dagoela eraikita.
5.- Praxis Pharmaceutikal enpresa sendotua da. 2010ean finkatu zen Parkean eta hemendik hilabete batzuetara hedatze-faseari ekingo diozue Parkean. Zer eskaintzen dizue Arabako Teknologia Parkean egoteak?
Gure enpresa 2006an eratu zen eta Parkean, 2008tik gaude. Bulego txiki bat genuen orduan CEIAn (orain BIC Araba). Handik pare bat urtera, orain egoitza ditugun gure instalazioen eraikuntza-lanak amaitu genituen. Arabako Teknologia Parkeak onura asko eskaintzen dizkigu; adibidez, zerbitzu bikainak (hitzaldietarako aretoak, prestakuntzakoak, konbentzioak, komunikazio-buletinak eta abar), izaera teknologiko nabarmeneko enpresa-ingurunea, komunikazio ona, segurtasuna eta, zergatik ez esan, hori guztia paraje ederrean! Hala, gure sektoreko edo sinergiak eskaintzen dizkiguten beste sektore batzuetako entitateekin espazioak partekatzen ditugu.