Elkarrizketa: Jon Ander Egaña, Euskadiko Elikaduraren Klusterreko zuzendari nagusia

Bizkaia

2009an, elikaduraren sektoreko enpresa talde baten ekimen aitzindariaren fruitu, Euskadiko Elikaduraren Klusterra sortu zen, eta, denbora honetan, sektoreko erreferentzia bihurtu da Euskadin. Gaur egun, 90 enpresa inguruk osatzen dute klusterra, zeinari esker elikaduraren sektorea gure ekonomiaren aliatu nabarmena bihurtu baita.

1.- Zein da Euskadiko Elikaduraren Klusterraren eginkizun nagusia?

Entrevista1Sektore anitz biltzen dituen proiektu integratzailea izatea da gure funtsezko eginkizuna, sektorearen adierazgarritasuna areagotu dadin. Egun, 90 bazkide elkartzen dira gurean, elikaduraren sektorean ez ezik, bestelako jarduera hauetan ere badihardutenak: produkzio primarioa eta eraldaketa, banaketa, jatetxeak eta ostalaritza, amaierako kontsumitzailera heldu arte. Horrez gain, industria laguntzailean (ontziratzea eta enbalajea, makineria, etab.) eta laguntza-zerbitzuen prestazioan aritzen diren beste eragile batzuk biltzen dira klusterrean. Baina ezin ditugu ahaztu eragile zientifiko teknologikoak eta dinamizatzaileak. Horren guztiaren ondorioz, gaur egun, klusterra sortu eta 9 urtera, bazkide diren enpresa askok elkarlanean dihardute merkatuari balio handiagoa eransteko; topalekuak sortzen dira, elkarrekin proiektuak eraikitzen dituzte, batez ere, elikaduraren sektorea lehiakorragoa izateko Euskadin, eta dagokion aitortza izan dezan.

Gure ustez, prestakuntza funtsezkoa da. Horregatik, urtean zehar, gure bazkideentzako ikastaroak eta jardunaldiak antolatzen ditugu klusterrean.

2.- Ia hamar urte igaro dira sortu zinetenetik. Nolako ekarpena egin die klusterrak elikaduraren sektoreari eta gizarteari, oro har?

Aldez aurretik aipatu dudan moduan, uste dut sektorea “biltzeko” gai izan garela, eta hori oso garrantzitsua da lehiakorrak izan ahal izateko. Lehen, elkarren arteko lehiakidetzat ikusten zuten askok euren burua; orain, baina, proiektu komunetan ari dira guztion mesede, gizartearentzat ere bai. Euskadiko elikaduraren sektoreak eskaintzen duen “balio erantsia” gure ezaugarritzat hartzen da jada, nola gure lurraldean hala hemendik kanpo.

Gizarteari dagokionez, klusterraren giltzarria da; azken finean, egiten dugun lan guztiak eta bazkideek klusterreko kide izateko egindako apustuak helburu bera dute: amaierako kontsumitzailea, hau da, gizartea.

Gustatuko litzaidake nabarmentzea elikaduraren sektoreak funtsezkoa ekarpena egiten diola Euskadiko ekonomiari zein enpleguari.

3.- Gizarteak geroz eta gehiago eskatzen ditu elikagai osasuntsuagoak, etab. Nolako garrantzia du joera horrek zuentzat?

Noski, klusterra eta bazkideak horren jakitun ere bagara. Kalitateaz ari garenean, galdetu didazunaz ari gara hain zuzen. Apustu irmoa da guretzat, gure jarduera-lerroetako bat.

4.- Duela gutxi, tokiz aldatu zarete Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen barruan. Zer dakar zuentzat inguru horretan kokatuta egoteak?

Hasiera-hasieratik argi geneukan Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea bezalako inguru baten egon gura genuela. Diozun moduan, duela gutxi aldatu gara 2014 eraikinera. Berton, beharrezko azpiegiturak ditugu; gainerako enpresetatik hurbil gaudenez, sinergiak sortzen dira eta, batez ere, guretzat oso garrantzitsuak diren itxura eta irudi ona ematen dizkigu.

Partekatu

Beste berri batzuk