Elkarrizketa: Mario Bilbao. Harreman publikoetako eta komunikazioetako zuzendaria ZTE MANAGED SERVICES SOUTHERN EUROPE, S.L. enpresan

2014. urtean sortu zen ZTE Managed Services Southern Europe, eta ZTE Corporation taldearen barruan dago. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duten egoitzatik telekomunikazioko zerbitzu aurreratuak eskaintzen dizkiete enpresei.

IMG_49041.- Aholkularitza, diseinua, sareen hedapena… Noraino heltzen dira zuen enpresak ematen dituen zerbitzuak?

ZTE Managed Services Southern Europe konpainiak telekomunikazioko sareak diseinatu, eraiki eta kudeatzen ditu. Merkatu lehiakorra da oso; eta operadore tradizionalek bide berriak arakatzen dituzte bertara hurbiltzeko. Esaterako, salmenta-kanaletara bideratzen dituzte haien ahalegin guztiak, eta aditu baten esku uzten dute haien sareen kudeaketa.

ZTE, beraz, aditu hori litzateke. Mundu osoko 250 milioi bezeroren baino gehiagoren sareak kudeatzeaz gain, etengabeko inbertsioa egiten baitu tresna eta prozesuetan, egunez egun, kalitaterik goreneko zerbitzua eskaintzeko.

Sarearen erabilgarritasuna bermatu eta optimizatu ez ezik, hura ere monitorizatu egiten dugu 365 egunez, 24 orduz, Bizkaiko Parkean kokatutako eragiketa-zentrotik.

2.- Telekomunikazioko korporazio handienetako bat zarete munduan…

Bai. Multinazional txinatarra da ZTE Corporation, alegia, munduko enpresa teknologikorik garrantzitsuenetakoa. Industriako eskaintzarik osoena du gure konpainiak, eta “end to end” soluzioak eskaintzen ditugu giltza eskuan. Liderrak gara telekomunikazioko ekipamenduetan eta sareko soluzioetan.

Telekomunikazio-operadore, enpresa eta administrazio publiko askorekin lankidetzan dihardu ZTEk, eta haiekin aliantzak ere ezarri ditu. 160 herrialdetan baino gehiagotan gaude, eta gure teknologiaz hornitzen ditugu nazioarteko operadore nagusienak, baita Fortune zerrendako 500 enpresa baino gehiago ere.

Bestalde, berrikuntza teknologikoaren alorrean nazioarteko liderra da ZTE. Izan ere, OMPIk (Patenteen Munduko Erakundea) argitaratutako datuen arabera, 2017an patente-eskaera gehien egin dituen enpresa da munduan. 2015ean, berriz, hirugarrena izan zen, eta 2010etik lehenengo hirugarrenen artean dago urteko zerrendan.

3.- Langileen garapena eta erantzukizun soziala dira enpresaren oinarrizko ardatzetako bi, zertan datzate ardatz horiek?

ZTE Managed Services Southern Europe enpresako langileak dira haren aktiborik onena. Prestakuntza handiko enplegatuak dira, eskarmentu handikoak sareen diseinuan, eraikuntzan, mantentze-lanetan eta optimizazioan. Langileok balio segurua dira guretzat, eta horregatik zaindu egiten ditugu. Errendimendu handia etengabe aitortzen duen lan-giroa sortzea da gure asmoa. Lan gogor eta nekeza aitortzen duen enpresa izan gura dugu, geurean diharduten pertsonen karrera profesionalak inguru multinazional batean uztartzeko bide ematen duena.

Erantzukizun soziala garrantzitsua da ZTE enpresarentzat, eta horren arabera jarduten du kokatuta dagoen lurralde guztietan. Ahal dugun heinean, apaltasunetik abiatuta aritzen gara elkarlanean. Adecco Fundazioarekin, Teknologia Parkearekin eta Zamudioko Udalarekin batera Gaitasunen Lasterketa antolatu genuen Bizkaiko Parkean, eta aniztasunaren aldeko erreferentzia bilakatu zen.

4.- Bizkaiko Parkea bezalako inguru batean kokatuta egotea lagungarria al da zuen helburuak betetzeko?

Bai, zalantzarik gabe. Ez gaude Bizkaiko Parkean kasualitatez. Hainbat arrazoi garrantzitsuk eraman gintuen hona etortzera, besteak beste:

  • Parkearen kokapena. Gure bezeroaren sarea ahalik eta modurik eraginkorrenean kudeatzen saiatzen gara; zalantzarik gabe, hurbiltasuna balio erantsia baita. Hain zuzen ere, Parkeetatik (Gipuzkoakoan ere bagaude), gure enpresarik enblematikoenetako bati zerbitzuak eskaintzen dizkiogu, Euskaltel-i alegia.
  • Azpiegitura, komunikazio eta bestelako zerbitzu osagarriak daude Parkean.
  • Inguru atsegina eta erosoa da geurean diharduten pertsonentzat, eta askotariko zerbitzuak eskura ditugu.
  • Teknologia eta berrikuntzan punta-puntakoak diren enpresez inguratuta gaudenez, sinergiak eta aukera berriak sortzeko aukera dugu.