Elkarrizketa: Marta de la Cruz, CounterCraft enpresako zibersegurtasun-analista
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egoitza nagusia duen CounterCraft-ek –Londres, Madril eta Kalifornian ere bulegoak ditu– zibersegurtasunaren sektorean dihardu. Izan ere, askorentzat, XXI. mendeko mehatxurik handiena da zibersegurtasuna. Marta de la Cruz zibersegurtasun-analistarekin hitz egin dugu, CounterCraft enpresan egiten duten lana sakonago ezagutzeko.
1.- CounterCraft-ek zibersegurtasunaren alorrean dihardu bereziki. Askoren ahotan dagoen hitza da, baina, nola defini genezake?
Oso kontzeptu zabala da zibersegurtasuna; baina, orokorrean, informazio-aktiboak babesteko segurtasun-mekanismoak aplikatzean datza. Informazioa biltegiratzeko eta prozesatzeko erabiltzen diren azpiegiturek ere zibersegurtasunarekin lotura dute.
Tradizioz, defentsa-tekniken aplikazioan oinarritu da zibersegurtasuna; hau da, ahalik eta neurri gehien hartzean, erasotzailea gure sarean sar ez dadin. Ohiko segurtasunari ekarpen ezberdina eta berria egiten diogu. Deception Technology berritzailearen bidez esaterako, enpresa handiak babesteko tranpak eta amuak jartzen ditugu etsaiak manipulatzeko. Hala, informazio baliotsua atzitzen ari direla usteko dutenez, guk haien asmoak ezagut ditzakegu eta etorkizunean egin diezazkiguketen erasoak neutralizatu. Erasotzaileei neurriak jartzeaz harago doan teknologia da azken finean, erasotzailearekin elkarreraginean aritzen baita hura aztertu eta manipulatzeko. Defentsa aktiboa da, beraz.
2.- Nolako zerbitzuak eta soluzioak eskaintzen ditu zuen enpresak?
Aurkariak detektatu, aurkitu eta manipulatzeko engainu-teknikak eta -tresnak erabilita, kontrainteligentzia-kanpainen sorrera automatizatzeko soluzioa eskaintzen dugu CounterCraft-en. Makinak, zerbitzariak eta tranpa mota ezberdinak hedatzen dituen produktu bat diseinatu dugu, arerioa erakarri eta manipulatzeko. Ahalik eta denbora luzez gure sare faltsuetan egotea da asmoa, haren mugimenduak aztertzeko. Horrela, erabiltzen dituen tresnak eta haren helburuak zein diren ezagutu ahalko ditugu. Alegia, informazioa lapurtzen ari zaigula usteko du aurkariak; baina, egia esan, manipulatua eta espiatua izaten ari da. Teknika horiei esker, denbora galarazten diogu eta erasoa neutralizatzen dugu. Gainera, gertakariari buruzko datu oso garrantzitsuak lor ditzakegu, geroago babes-neurri hobeak ezarri ahal izateko.
3.- Prestatuta al daude enpresak zibererasoei aurre egiteko? Duen garrantzia ematen al zaio gaiari?
Arazorik handiena enpresa txiki eta ertainen artean dago, askotan ez baitituzte ikusten zibersegurtasunean inbertitzeak dakartzan onurak, erasoa jasaten duten arte. Azken gertaeren ondorioz, enpresa ertainak askoz ere kontzientzia handiago dute gai horren inguruan, baina oraindik asko dago egiteke. Konpainia handiek jakin behar dute erasoak etengabe gertatzen direla, eta, aurkariaren xede bihurtzen badira, aurkariak ez duela etsiko konpainien sarera sartu arte.
4.- Emakume bakarra zara Gipuzkoako egoitzan…
Egia da, gaur egun, emakume baino gizon gehiago daudela gure alorrean. Baina, pixkanaka joera aldatzen doa, geroz eta gehiago baikara teknologiarekin loturiko karrerak aukeratzen ditugun emakumeak. Nolanahi ere, generoa gorabehera, arazoak izan ohi ditugu zibersegurtasunean prestakuntza duten langileak aurkitzeko. Abiada bizian hazten ari den eremua da, eta oso zaila da eskarmentudun langile kualifikatuak aurkitzea. CounterCraft-ek talentuaren eta aniztasunaren alde egiten du. Bertoko, Espainiako hainbat tokitako, Erresuma Batuko eta Errumaniako kideez osatuta dago da Parkean dugun taldea. Gainera, Londresen, Madrilen eta Kalifornian ere baditugu lankideak.
5.- Londresen, Madrilen eta Kalifornian dituzue bulegoak, eta zuen egoitza nagusia Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dago. Zer abantaila dakartza bertan egoteak?
Euskadi beti izan da erreferentziazko tokia zibersegurtasunari dagokionez; eta, denborak aurrera egin ahala, geroz eta indar handiagoa du bai nazioan bai nazioartean. Donostia apustu handia egiten ari da sektore horretan –Basque CyberSecurity Centre ekimena da horren adibide–; beraz, pribilegioa da hemen lan egin ahal izatea. Beste leku batzuetan bulegoak ditugunez, internazionalizaziorako aukera dugu; Londreseko bulegoari esker, adibidez, Europako merkatuan gaude.