Gainazalak Aldatzeko Teknologiei buruzko Nazioarteko 32. Konferentzia –SMT32– Donostian egingo da, ekainaren 27tik 29ra

Gipuzkoa

Ekitaldiaren barruan EAST FORUM 2018 ere egingo da, European Academy of Surface Technology-ren urteko bilera

Auditorio 1CIDETEC zentro teknologikoak Conference on Surface Modification Technologies-en 2018ko ekitaldia antolatuko du Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko  instalazioetan, eta bertan bilduko dira Gainazalen Ingeniaritzako nazioarteko eragile eta erreferentzia nagusiak. Gainera, ekitaldi horren programak barne hartuko du EAST FORUM 2018 ere.

Gainazalen ingeniaritzako ikerketa sustatu eta ezagutzera ematea du helburu SMT konferentziak, eta, horrez gain, baita bideak zabaltzea ere, diziplina horri loturiko arlo guztietako zientzialari eta ingeniariek elkarrekin lankidetzan jardun dezaten. Konferentzia horretan gainazalak aldatzearekin zerikusia duten jarduera-eremu guztiak jorratuko dira, hasi metodologiatik eta gainazalen karakterizaziora eta aplikazioetara.

Bestalde, European Academy of Surface Technology (EAST) irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakunde bat da, helburu orokortzat hauxe duena: gainazalen teknologiaren arloan eta harekin loturiko beste esparruetan zientzia, ikerketa eta prestakuntza sustatzea Europa osoan. EASTek urtean bilera bat antolatu ohi du (EAST FORUM), aurrerapen, proiektu eta berrikuntza esanguratsuenak partekatzeko.

Programa.

2018ko SMT32 konferentziaren programak 16 gai izango ditu aztergai:

  • Chemical & electrochemical machining
  • Corrosion & tribological characterization
  • Corrosion in extreme environments
  • Lubrication and tribologically protective coatings
  • Metal deposition from non conventional techniques
  • Modeling & simulation
  • New concepts for aesthetic finishing
  • Omniphobic coatings
  • Optically active layers
  • Protective coatings for light alloys
  • Replacement of restricted chemicals
  • Selective deposition techniques
  • Sol-gel hybrid films
  • Surface cleaning & preparation
  • Surface conditioning for additive manufacturing
  • Thermal barrier coatings

Mundu guztiko adituek gai horiei buruzko hitzaldiak emango dituzte hiru egunetan. Osoko bilkuretan, nazioarteko espezialista gailenetako batzuk hartuko dute parte:

T.S. Sudarshan doktorea Materials Modification, Inc. enpresako lehendakari eta zuzendaria da. 31 urtez enpresaren aitzindaritza teknologikoa zuzentzeko ardura izan du, azken belaunaldiko materialak, prozesuak eta teknikak garatzeko.

Laurent Bortolotto Ingeniaritzako doktoreak Airbus Helicopters-eko materialen eta prozesuen laborategian egiten du lan. Eurocopter-en hasi aurretik, zortzi urtez jardun zuen I+G industrial eta instituzionalean, erakunde hauetan: Mecaplast (Stuttgart), EADS Research & Technology (Friedrichshafen) eta Dechema Research Institute (Frankfurt am Main).

Peter Leisner doktoreak 25 urtetik gorako esperientzia du materialei aplikatutako ikerketan eta teknologia industriari transferitzen, eta hainbat entitatetan jardun du. European Academy of Surface Technology (EAST) erakundeko kide da 2003az geroztik, eta haren lehendakaria izan da 2015etik gaurdaino.

Keith Parsons doktoreak 30 urteko esperientzia du gainazaletarako tratamenduen eta estalduren ikerketan eta garapenean. I+Gko zuzendaria da MacDermid Autotype Ltd. enpresan, eta aurretik 3M eta Imation enpresetan egin zuen lan.

Antolaketa.

CIDETECek antolatuko du SMT32. CIDETEC Surface Engineering erreferentziako zentro bat da gainazalen ingeniaritzan, eta teknologia horien garapenean espezializatutako berrikuntza-polo baten ardatza ere bai; izan ere, balio-kate osoko gainazalentzat irtenbideak eskaintzen dizkie automobilgintzaren sektoreari, sektore aeroespazialari eta energia-sorkuntzakoari, besteak beste. Zentroak bere egoitza eta instalazioak ditu, goi-mailako ekipamenduz hornituak; polimero eta konposite aurreratuak sintetizatu, karakterizatu eta prozesatzeko ekipamendua du, bai eta gainazalak aztertu, karakterizatu eta tratatzeko erabat ekipatutako laborategiak ere.

CIDETEC Surface Engineering CIDETECeko parte da, zeina ikerketa aplikatuko erakunde pribatu bat baita, 1997an sortua; haren helburua da enpresei balioa eranstea, ezagutza teknologikoa erakarriz, sortuz eta transferituz. Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko Donostiako egoitzan dago CIDETEC, eta energia-metatzean, gainazalen ingeniaritzan eta nanomedikuntzan nazioartean erreferentziakoak diren hiru zentro teknologiko biltzen ditu. Une honetan 170 langile ditu CIDETECek; haietatik, % 95ek unibertsitate-titulua dute, eta % 50 doktoreak dira. Jardueraren bolumena 12,7 M €-ra iritsi zen 2017an.

Kokalekua.

Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoko eraikin nagusian egingo da biltzarra, Miramonen; ondo konektatutako inguru hiritarra da, 130 hektareakoa, eta, horietatik, 65 parke naturala dira.

Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru probintzietako bat da Gipuzkoa, eta Donostia haren hiriburu administratiboa da. Iberiar penintsularen iparraldean dago, Frantziako mugatik kilometro gutxira. Donostiatik Baionaraino hedatzen den mugaz gaindiko eskualde hau Europar Batasuneko hego-mendebaldeko garapen sozial, ekonomiko eta turistikoko gune garrantzitsua da.

Argibide gehiago:

www.smt32.org

Partekatu

Beste berri batzuk