Elkarrizketa: Urko de la Torre, eragiketen arduraduna WEROI-n
Enpresaren jarduera…
Marketin digitala B2B enpresentzat, batik bat industria-sektorekoentzat.
Bereizgarriak…
Gure lan-metodologia urte askotako ikaskuntzan oinarritzen da, saiakuntzan eta huts egitean –50 industria-enpresa baino gehiago dira horren adierazle–, eta metodologia horren helburua da proiektuaren lehen hilabeteetan emaitzak lortzea, bai merkatu nazionaletan, bai nazioartekoetan. Ez dugu bezerorik epe luzean konprometitzen. ‘Harreman luzeak’ ditugu gogoko, jakina, baina enpresa bati ez diogu hasieratik esaten gurekin betiko ezkondu behar duenik. Harreman iraunkorra eskuratzen ditugun emaitzen araberakoa izango da eta, beraz, gure lanak emaitzen kontuan duen eraginaren araberakoa. Gure indarguneetako beste bat Interneten inbertitzen den euro bakoitzaren itzuleraren neurketa da: negozio-aukera berriak erakartzean tresna bakoitzak duen eragina ezagutzea.
WEROI ez da marketin digitaleko ohiko agentzia bat. Marketin-merkataritza digitaleko aholku-etxea gara, eta emaitzetara begira gaudela dugu bereizgarri. Beti ari gara B2B ingurunean lanean, enpresa handi eta ertainekin, bai industria-enpresekin, besteak beste, ONA ELECTROEROSION, INGETEAM, ULMA eta TÉCNICAS HIDRÁULICASekin, bai industriarako zerbitzuetakoekin, esaterako, BANKOA, BILBOKO MERKATARITZA GANBERArekin.
Gizarteari egin nahi dizkiozuen ekarpenak.
Egiten duguna egiten zoriontsuak izateko borrokatzen gara gogor, eta gure bezeroak hazten laguntzeko. WEROI bere sektorean erreferente izateko sortu zen, eta lortzen ari gara. OSO zoriontsu egiten gaitu lan ona egiteak, industria-enpresei Internet beren merkataritza-prozesu tradizionaletan integratzen laguntzeak eta negozio-aukera berriak lortzen laguntzeak. Hori ezinezkoa izango litzateke sortu dugun taldea egongo ez balitz; gazteak dira, bai, baina, batik bat, profesional handiak, ahalmen handikoak, eta energiaz beterik daude.
Eta Euskadiko Parkeen Sareari dagokionez, zer ekarpen egiten dio WEROIk?
Marketin digitalaren ikuspegi berria eta desberdina, industria-eremuko espezializazio-maila altukoa. Gure lan-metodologiak enpresei Interneti esker hazten laguntzen die. Industria-konpainiek gero eta argiago dute beren arrakasta edo porrota beren erakundearen barruan kultura digitala garatzeko gaitasunaren araberakoa izango dela. WEROIn salmenta-prozesu tradizionaletan kultura digital hori arrakastaz eta emaitzekin integratzen irakasten diegu. Bestalde, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen barruan egoteak izen ona ematen digu, jakina. Eta, gure kasuan, Bizkaiko Parkeko enpresa batzuk bezero dira. Beraiengandik hain hurbil egotea abantailatsua da; izan ere, gure lan-filosofia dela eta, aldian behin jarraipen-bilerak egiten ditugu bezeroekin. Enpresa barneko marketineko eta salmentetako sailekin hertsiki koordinatuta lan egiten dugu. Merkataritza-zuzendaria eragile nagusietako bat izaten da WEROIren edozein merkataritza-proiektu digitalaren arrakastan.
Munduan zehar hedatutako enpresa batek hau eduki behar du…
Lan-metodologia argia, eta abiadura zehaztutako estrategiak abian jartzean. Ezagutza teknikoak izatea, gure kasuan tresna digitalen funtzionamendua ezagutzea, beti ez da proiektu batek arrakasta izateko berme. Oso prozedura argiak eta ondo zehaztutako erantzukizunak izan behar dira, aurretiaz ezarritako helburuak lortzeko.
Ez, ordea…
Ez da bertan geratu behar. Eta are gutxiago industriako marketin digitalean, zein ingurune aldakorra den aintzat hartuta, eta egunero tresna digital berriak edo aurretik zeudenen bertsio eguneratuak agertzen direla kontuan hartuta.
Eta enpresen munduko erreferentzia bat aipatzekotan?
Ez dut topikorik egin nahi. Egunero nirekin lanean ari diren profesional asko goresten ditut, eta horrek lagundu egiten dit argitzen nolako profesionala izan nahi dudan orain eta etorkizunean. Esperientzia batzuek ere lagundu egin didate argi izaten zer profesional-mota ez dudan izan nahi. Nirekin lan egiten duten profil gazteenen artean, lantoki duten enpresarekin erabateko konpromisoa dutenena da gehien miresten dudana, bai eta elkarrekin garatzen ditugun proiektuetan arrakasta lortzeko borrokan jarduteko ilusioa dutenena ere. Profil beteranoen artean, iraganean eta enpresa-metodologia eta -ikuspegi zaharkituetan geratu ez direnena miresten dut gehien, erronka berrietara eta enpresa-eremuan gauzak egiteko modu berrietara irekita daudenena.
Haren filosofiagatik gustuko duzun enpresa…
Gure lanaren ondorioz merkataritzako eta marketineko sailek eskutik lan egin behar dutela ulertzeko gai diren enpresak miresten ditut. Enpresa batzuek filosofia hori beste batzuek baino garatuago dute. Batzuetan, enpresa batzuetako marketin sailak merkatarien beharrak asetzera bideratuta daude, eta ez horrenbeste merkataritza-beharrak asetzera. Gure erronketako bat da bi sailetan gerentziaren aurrean erakutsi ahal izatea emaitzen kontuan dakarten ekarpena. Horretarako, goi-zuzendaritzaren laguntza ezinbestekoa da.
Talentuak hauxe dakar berarekin…
Lana, lan handia. Lana, borondatea, iraunkortasuna, gauzak ondo egiteko obsesioa… Osagai horiek beharrezkoak dira talentua izateko.
Non bilatzen dituzu enpresarako behar dituzun talentuak?
Egia esan, lan nekeza da. Marketin digitaleko prestakuntza arautuak gutxi dira. Eremu digitala oso aldakorra da, eta, ondorioz, lanpostu batzuetan jarrera gaitasuna baino gehiago balioesten dugu, baina aintzat hartuta, halaber, beste postu teknikoago batzuek, tresna berezien erabilerarekin zerikusia dutenek, espezializazioa behar dutela. Orain arte, barne-prestakuntzaren bidez hazi gara; une honetan dugun erronka da zenbait tresna zehatzetan –besteak beste, Google Analytics, Google Ads eta marketinaren automatizazio-tresnak– espezializatuta dagoen talentua erakartzea.
Nire laneko mahaian edo bulegoan, beti dut…
Nire bulegoan beti dago berrikuntzarako eta etengabeko hobekuntzarako lekua. Oso ekinak gara honetan: industria-sektoreak negozio-aukera berriak lortzeko tresna digitalak ere erabil ditzakeela erakustea. Proiektu guztiak desberdinak dira, eta neurrira eginiko soluzioak behar dituzte; hori dela eta, etengabe egon behar dugu ikasten eta hobetzen. Proiektu bakoitza abentura berria da.