“Emakume eta neska zientzialariak” kanpainarekin bat egin du Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak

Araba

Emakumeek eta neskek erabateko eta ekitatezko parte-hartzea izan dezaten zientziaren alorrean, Emakume eta neska zientzialarien nazioarteko eguna izango da datorren larunbatean, otsailaren 11n

sEkimenarekin bat egin guran, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea osatzen duten enpresetako emakume zientzialarien lana eta egitasmoak hedatzeko eta ikusarazteko kanpaina abiarazi du Sareak.

Datuei erreparatuta, Sarea osatzen duten 511 enpresek 494 milioi euroko gastua egiten dute I+Gn. Enpresa horietan 6.309 emakumek lan egiten dute: goi-mailako 2.940 tituludun daude; 1.934 emakume I+Gn aritzen dira eta 153 emakumek doktore titulua dute. Bestalde, 2016an, 990 patente erregistratu ziren Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean.

Otsailaren 5etik 19ra gauzatuko den “Emakume eta neska zientzialariak” programaren barruan, Sareko emakume zientzialarien profilak eta egitasmoak ikusaraziko dira Sareko komunikazio-kanaletan, webgunean, sare sozialetan eta buletinean.

PLAN ESTRATEGIKOA

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 2017-2020 epealdirako zehaztutako plan estrategikoaren arabera, emakumeek zientziaren eta teknologiaren alorretan duten zeregina babestea eta hedatzea da ildo estrategikoetako bat. Hala, planean zehaztutako helburuak lortzeko, ekintza hauek abiarazi dira epe laburrari zein ertainari begira: berdintasun-foroak antolatzea Emakunderekin elkarlanean; emakumeek teknologian eta zientzian duten zeregina jendarteratzeko martxan diren proiektuekin bat egitea eta Sareko enpresetan diharduten emakumeen lanaren eta egitasmoen berri ematea.

Partekatu

Beste berri batzuk