“EMAKUMEAK ZIENTZIAN”, bizitza oso baten bila dabiltzan pertsonak

Albisteak, K·talent, Konpromisoa

Euskadiko Parke Teknologikoak Emakumeak Zientzian proiektuan parte hartzen du, eta, horrela, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berresten du: emakumeek zientzian egiten duten jarduera ikusaraztea eta jarduera zientifiko-teknikoei egozten zaizkien rol tipiko maskulinoak haustea.

Euskadiko Teknologia Parkeak konpromiso handia du gizartean, eta bokazio zientifikoak sustatzen ditu neskatoen eta nerabeen artean. Hori dela eta, “Emakumeak Zientzian” ekimenarekin bat egiten du berriro ere, 30 bat enpresa eta erakunderekin batera, otsailaren 11n Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna Zientzian ospatzeko. Urtero, ekimenaren helburu nagusiak betetzeaz gain, Emakumeak Zientzian proiektuak hausnarketa sakona egiten du panorama zientifiko-teknologikoan beharrezko aldaketa bat egiteko. Hala, aurten “azpimarratu nahi dugu arlo zientifiko-teknologikoko pertsonak beren beharrak, grinak, konpromisoak eta zaletasunak dituzten pertsonak direla”, adierazi du Emakumeak Zientzian elkarteak. Zientziaren esparruan, beste askotan bezala, gaur egun bikaintasun-estandarrak aldatzea eskatzen da, bai eta bokazio profesionalak familiari, aisialdiari edo garapen pertsonalari denbora gutxi uzten dion ideia aldatzea ere. Hori guztia bideo pertsonal batean islatuko da. “Zientzia- eta teknologia-arloko hainbat pertsona protagonista dituen kanpaina bat abiaraziko dugu, eta zientziatik haratago jarri dugu arreta haien bizitzan. Ez dugu edozertara iristen den superheroinarik nahi, ezta arrakasta lortzeko uko egiten dionik ere. Bizitza errealak dira, karrera profesional baten fase ezberdinetan oreka lortzen saiatzen direnak “, gaineratu dute.

Euskadiko Teknologia Parkeak antolatzen dituen ekimenen artean dago “Mundua aldatzen duten emakumeak” erakusketa, otsailaren 2tik 17ra Garbera Merkataritza Gunean (Donostia) ikusgai dagoena. Euskadiko Teknologia Parkeko sei campusetan zientziarekin eta teknologiarekin lotutako jarduera profesionala garatzen duten emakumeak dira erakusketaren protagonistak.

Halaber, otsailaren 14an, 16:00etan, “Guía – Educación STEAM y Profesionales STEM” online aurkezpena egingo da, ikastetxeetako irakasleentzat eta orientazioko langileentzat. Estereotipatutako adibideak ugariak direnez, garrantzitsua da ikasleei kolore guztietako profil profesional zientifiko-teknologikoak aurkeztea, erabakitzeko garaian eredu eta erreferentzia izan daitezen. Euskadiko Teknologia Parkeak gida horiek aurkeztuko ditu, irakasleei profil erreal eta hurbil horiek lantzen laguntzeko.

Emakumeak Zientzian programaren 8. edizioan parte hartzen duten 32 erakundeak, horietako asko Euskadiko Teknologia Parkeko sei campusetan daudenak, Euskadiko zientziaren eta teknologiaren ehunaren erakusgarri dira: Euskadiko Teknologia Parkea, Achúcarro, BCMaterials, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU Informatika, UPV/EHU Kimika, Aranzadi Zientzia Elkartea, Basque Artifcial Intelligence Center (BAIC), Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Niton Cogon Center Zientzia Museoa-Kutxa Fundazioa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Ingeniariak-Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (MEGP), Mubil, Euskadiko Parke Teknologikoa, POLYMAT, Tecnalia, Tecnun, UPV/EHU Ingeniariak eta Vicomtech.

Jardueren programa osoa www.emakumeakzientzian.eus webgunean dago eskuragarri.

Partekatu

Beste berri batzuk