“Emakumeen inguruko klixeek haien itxaropenak mugatzen dituzte umetatik”

Araba, Konpromisoa

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak “Zientzia eta Teknologia Berdintasunean” jardunaldia antolatu du Emakunderen 2017ko Berdintasunerako Foroaren barruan. Marta Macho doktoreak eman du hitzaldi nagusia, eta besteak beste, etorkizuneko garapenean emakumearen inguruko klixeek duten garrantzia nabarmendu du

 

IMG_1982Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak “Zientzia eta Teknologia Berdintasunean” jardunaldia antolatu du Emakunderen 2017ko Berdintasunerako Foroaren testuinguruan. Hain zuzen ere, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak lehen aldiz hartu du parte bertan.

Sarearen zuzendari nagusiak, Itziar Epalzak, egin du jardunaldiaren irekiera eta honako hau nabarmendu du: “zientziaren arloan emakumearen rola optimoa izatetik urrun gaude, baina bide onetik goaz”. Eremu zientifiko-teknologikoan berdintasuna lortzeko esfortzu bateratua egitearen garrantzia ere nabarmendu du. Parkeen Sarearen “Plan Estrategikoak” Parkeetan berdintasunaren arloan dagoeneko garatzen den lana indartzeko ekintzak jasotzen ditu.

Bestalde, Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, ere hartu du parte jardunaldiaren irekiera-ekitaldian eta Berdintasunerako Foroan Euskal Parkeen Sareak egindako lana eta inplikazioa eskertu du; gainera, gizartearentzat, oro har, eta emakumeentzat, bereziki, berdintasuneko helburuak lortzeko Emakunde egiten den ekintzen bozgorailu bihurtzeak duen balio handia gogoratu du.

Jardunaldiak bi zati izan ditu; lehenengoan, EHUko Marta Macho matematikako doktore eta irakasleak eman duen hitzaldia, “Mujeres con-ciencia” (Emakumeak Zientzian), izan da oinarri. Bertan, doktoreak emakumeen inguruan dauden klixeek duten garrantzia aipatu du, eta umetatik haien itxaropenetan gainditu behar dituzten mugak nabarmendu ditu. Hitzaldiaren beste oinarrietako bat izan da oro har, emakumeen ikusgarritasun eta aukera faltagatik gizartearentzat alferrik galtzen den talentuaren arazoa. Amaitzeko, Marta Machok gogorarazi du “emakumeak zorrotzago epaitzen” direla, eta zientzia-gizonezkoa estereotipoa dela “nagusi munduan eta, bitxikeria gisa, garatuago dagoela joera hori herrialde oso garatuetan”.

Jardunaldiaren hitzaldi nagusiaren ondoren, mahai-ingurua izan da, Kutxa Fundazioko Natalia García de Albizuk moderatuta. Bertan, honako hauen parte-hartzea izan da: María Muñoz Caffarel, Biodonostia Ikerketa Institutukoa; Gemma Climent, Nesplora enpresako ikerlaria eta sortzailea, eta Itziar Zubillaga, zientzia biologikoetako doktorea eta DNA Data enpresaren sortzailea. Karrera profesionala eta karrera pertsonala bateratzeko zailtasunak, neskatilengan bokazio zientifikoak sustatzea edo oztopoak gainditzeko berrikuntzaren beharra izan dira saioan zehar aipatu dituzten gaietako batzuk.

HURRENGO JARDUNALDIAK

Datorren urriaren 26an, Gasteizko Europa Jauregian, Euskadiko Parkeen Sareak berriz hartuko du parte 2017ko Berdintasunerako Foroan. Han Arabako Parke Teknologikoak antolatuko du jardunaldia eta bertan bi hitzaldi eta mahai-ingurua izango dira. Azkenik,  azaroan, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, Leioako EHUren Parke Zientifikoan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko jardunaldi-zikloari amaiera emango dio.

Partekatu

Beste berri batzuk