Energia aurreztea gauzen internetari esker
IK4-IKERLAN Arrowhead proiektu europarrean parte hartzen ari da, zeinaren bitartez efizientzia energetikoa eta energiaren kontsumoan malgutasuna bilatzen baita elkarrekin konektatuta dauden gailuak erabilita.
Proiektua 2017an bukatuko da, eta bertan Europa osoko 77 erakundek hartzen dute parte, 67 milioiko aurrekontuarekin.
Proiektua bultzatzen duen partzuergoa elkartu egin da duela gutxi Orona Ideoren instalazioetan, Hernanin
Enpresak, hiriak eta kontsumitzaileak energiaren ikuspegitik efizienteagoak izaten laguntzea eta energiaren sektorean negozio aukera berriak irekitzea dira Arrowhead proiektu europarrak dituen bi helburuak. Ekimenean IK4-IKERLAN euskal zentro teknologikoak parte hartzen du, eta ekimenaren asmoa da gauzen interneta erabiltzea, hau da, egunero erabiltzen diren objektuak internet bidez elkarrekin konektatzea enpresek eta kontsumitzaileek energia ahalik eta hoberen erabil dezaten eta eremu horrekin eta beste batzuekin erlazionatutako zerbitzu berriak abian jarri ahal izateko.
Arrowhead proiektuaren asmoa da marko teknologiko bat garatzea gailuak energiaren kudeaketarako sareetan txertatu ahal izateko eta, gailuak internet bidez elkarrekin konektatuta, elkar ulertu eta informazioak partekatu ahal ditzaten, azkenean erabakirik hoberenak hartu ahal izateko.
Proiektu hau sortzen ari den marko teknologikoa hainbat aplikazio abian jartzeko oinarria izango da. Adibidez, ahalbidetuko luke etxe bateko kontagailua energiaren enpresa hornitzailearekin konektatzea, eta hala, enpresa hornitzaileak etxeko kontsumo datuak ezagutu eta tarifarik egokiena eskaini ahal izango lioke kontsumitzaileari, bai eta daukan tarifaren arabera garbigailua pizteko unerik egokiena proposatu ere.
Gailuen datuak partekatu ahal izateak zerbitzu berri ugari eskaintzeko aukera ematen du. Esaterako, posible litzateke aire girotua kontrolatzeko gailu adimendun bat garatzea, aire girotuaren funtzionamendua modu autonomoan kontrolatzeko, kontuan izanik sarera konektatutako beste gailu batzuetatik datozen datuak aire girotuaren errendimendu eta kontsumo optimoa lortzeko. Hala, potentzia egokia aukeratu ahal izango litzateke, etxe barruan eta kanpoan dagoen tenperaturaren arabera, ondorengo orduetarako aurreikusitako eguraldiaren arabera eta kontratatutako tarifaren arabera, besteak beste.
Aplikazio horiek posible egiteko, Arrowhead protokolo bat ezartzen ari da energia hornitzaileek, produktuen hornitzaileek eta kontsumitzaileek informazioa trukatu ahal dezaten. IK4-IKERLANekin batera, ekimen horretan Europako 15 herrialdetako beste 77 enpresa, unibertsitate eta zentro teknologiko daude inplikatuta, eta horien artean hainbat euskal erakunde daude. Proiektu handi hori 2017an bukatuko da eta 67 milioi euroko aurrekontua dauka, Europar Batasunak (VII. Esparru Programaren bitartez) eta Industria Ministerioak finantzatuta.
Proiektuaren baitan hainbat gailu garatzen ari dira bost erakusletan probatzeko. Denak sarearen bitartez egongo dira elkarrekin konektatuta. Horretarako, partzuergoa beharrezko azpiegitura garatzen ari da, bai eta besteentzat erabilgarri izan dadin alde guztiek informazioa nola bidali behar duten zehazten ere.
Informazioa internet bidez trukatzeko Arrowheaden garatzen ari den protokoloa sektore ugaritan erabili ahal izango litzateke, energiaren sektorean ez ezik: komunikabideen sektorean, osasunaren sektorean, etab.
IK4-IKERLANen lana
IK4-IKERLANek proiektu honetan duen zeregina da etxebizitzetarako kontagailu adimendu bat garatzea eta baliozkotzea, elektrizitate, ura, gas eta beroari buruzko informazioa lortzeko eta datu horiek internet bidez bidaltzeko. Kontagailua “etxebizitza eko-nahikoa” deituriko erakusle batean probatuko da.
IK4-IKERLANen ekarpena azken belaunaldiko sistema txertatuak garatzeko duen gaitasunean oinarritzen da, hori baita zentroaren indarguneetako bat. Sistema txertatuak gailu nagusiagoetan sartuta doazen prozesatze sistemak dira. Funtzio bat edo gehiago kontrolatzen dituzte, eta txertatuta doazen gauzei hainbat ahalmen emateko gai dira.
“Abangoardiako sistema txertatuen ikerketan eta garapenean dugun esperientzia zabalari esker zeregin garrantzitsua daukagu Arrowheaden”, esan digu IK4-IKERLANen proiektuko arduraduna den Cristina Zubiak.
Proiektu honetan parte hartzea aukera ezin hobea da IK4-IKERLANerako, elkarren artean gero eta harreman handiago izango duten bi alorretan, hau da, energiaren alorrean eta sistema txertatuen alorrean oso garrantzitsuak diren erakundeekin harremanetan egotea ahalbidetzen digulako”, gehitu du.
Orona ideon topaketa
Arrowhead proiektuak bilera bat egin du duela gutxi Orona Ideoren instalazioetan, Hernanin. Lan bilera horretan, hainbat eragilek garatuko dituzten sistemek internet bidez elkarreraginean egotea ahalbidetuko duen markoa definitu eta garatzen aritu dira.