Enpresa berritzaileentzat inkubagailu berria sortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean
- Iñigo Urkullu, Lehendakariak eta Jose Luis Bilbao, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak inauguratu dute gaur goizean KABI 612, laborategirik aurreratuenak dituen azpiegitura eta garapen teknologiko handia izan dezaketen konpainiak hartuko dituena.
- Energia iraunkortasun eta eraginkortasun alorrean, nazioarteko ziurtapen garrantzitsuenetakoa den LEED ziurtagiria du eraikinak.
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak enpresak sortu eta garatzeko plataforma berria du gaurdanik: KABI 612.
KABI 612k 30 proiektu inguru hartu ahal ditu, enpresa-proiektu berritzaileak izan behar dira eta gehienez 6 urte egon ahal izango dute bertan; salbuespena bioteknologia, nanoteknologia eta mikroteknologia proiektuak izango dira, egotaldia luzatu ahal izango dutelarik.
Inkubagailuak BIOKABI, 2005.urtean Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta Foru Aldundiak martxan jarritako bioinkubagailutik eratorritako bost proiektu hartuko ditu. Gainerakoak proiektu berriak dira KABI 612n abiarazten direnak.
2009.urtean hasi ziren azpiegitura berriaren eraikitze lanak eta 2013.urtean amaitu, barrualdeko espazioen egokitzapen lanekin. 6.000 m2 ditu bi solairutan banatuta; behe solairuan sustatzaileentzako moduluak, kudeaketa esparrua, bilera gelak eta erabilpen anitzetarako espazioak daude. Lehen solairuan berriz beharrezko tresna guztiekin hornitutako laborategiak. 11,4 milioi euroko inbertsioa egin du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak KABI 612 inkubagailuaren eraikitze eta egokitze lanetan.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak definitu dute azpiegitura berriaren kudeaketa eredua, horrenbestez BEAZ, sozietate publiko forala izango da KABI 612ren kudeaketaz arduratuko dena, Eusko Jaurlaritza-SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia, eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen koordinaziopean. Erabaki hau, bi erakundeen artean lortutako akordio zabalago baten atal bat da, Bizkaian ekintzailetzari eskaintzen dizkioten laguntza-programak indartzea eta sustatzea helburu duen akordioa hain zuzen ere.
Eraikin iraunkorra
Energia iraunkortasun eta eraginkortasun alorrean, maila gorenetakoa den nazioarteko ziurtagiria du KABI 612 eraikinak, hain zuzen ere LEED ziurtagiriaren Zilarrezko maila. Green Building Certification Institute erakundeak ematen duen ziurtapena, mota guztietako eraikinetan iraunkortasun estrategien erabilpenari buruzko arau multzo batez osatuta dago. Eraikinaren proiektuan zenbait arlo garrantzitsu eranstean oinarritzen da, besteak beste: energia eraginkortasuna, energia berriztagarrien erabilpena, barruko giroaren kalitate hobekuntza, ur-kontsumo eraginkorra, libre dauden eremuen garapen iraunkorra eta materialeen aukeraketa.
Inaugurazio ekitaldia
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Jose Luis Bilbao, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak inauguratu dute KABI 612, beste hainbat agintari eta enpresa ordezkarirekin batera, besteak beste Lander Aiarza eta Igotz Lopez, Derio eta Zamudioko alkateak hurrenez hurren, Arantza Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua, Imanol Pradales, Sustapen Ekonomikorako diputatua, Estibaliz Hernaez, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea eta Alexander Arriola, Spriko zuzendari nagusia.
Ekitaldian, Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du ekintzailetza ereitea dela eta lan horretarako espazio aproposa dela Kabi 612, ideiak erein eta garatuko diren tokia. Honekin batera, erakunde arteko lankidetzaren eredutzat jo du azpiegitura berria, baita Ekintzailetza Bultzatzeko Plana ere, erakunde eta eragile desberdinek landu eta garatu beharrekoa.
Jose Luis Bilbao, Ahaldun Nagusiak bere aldetik esan du “Kabi 612 inkubaziorako espazio aurreratua dela, ekintzailetzarako beharrezkoa den guztia, alegia, ekintzaileak, sustatzaileak, inbertsoreak…izango dituen tokia”. Ahaldun Nagusiaren esanetan, Kabi 612 munduan erreferentea izatea da helburua.
Jose Miguel Corres, Euskadiko Parke Teknologikoetako presidenteak adierazi du Parke Teknologikoen betebehar garrantzitsuenetakoa enpresa berrien sorrera eta garapena bultzatzea izan dela betidanik eta hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean inkubagailu berri bat inauguratuko dela iragarri du.
Euskadiko Parke Teknologikoak, inkubazio esparruak
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Parke Teknologikoek enpresa inkubagailuak dituzte beren sorreratik; izan ere euren misioan jasotzen denez “enpresa berritzaileak sortu eta garatzea bultzatzea” da Parkeen betebehar nagusietakoa. Araban CEIA, Gipuzkoan Bic Berrilan eta Bizkaian berriz, Biokabi, Elkartegi eta T4-rekin batera dira enpresa proiektu berriak hartzen dituzten egiturak, urtero 60 enpresa-proiektu, batezbeste.
Enpresa berritzaile eta oinarri teknologikodun enpresen inkubaziorako zentro hauek, aholkularitza eta babesa eskaintzen diete ekintzaileei, negozio-ideiaren definizioan, proiektuaren garapenean eta enpresaren sorreran, baita enpresaren lehen urteetako jardunaren garapenean ere. Honekin batera, ekintzaileen beharretara egokitutako azpiegiturak.