Enpresa txiki eta ertainek lainora eramango dute beren logistika
IK4-IKERLAN euskal zentroak C2Net europar proiektuan parte hartuko du, ‘Factories of the Future’ programak 7 milioi euro baino gehiagorekin finantzatuta
Proiektuak lainoan kokatutako tresna informatikoak garatuko ditu, enpresei, batez ere enpresa txiki eta ertainei, lankidetzan arituta material fluxua optimizatzen laguntzeko asmoarekin
Proiektuak enpresa sareak eratzea ahalbidetuko du, hornidura kateen kostuak eta eraginkortasunik ezak gutxiago izatea lortzeko
Enpresa askok material fluxu handiak izaten dituzte egunero sartzen eta irteten instalazioetan. Jarduera hori modu eraginkorrean egitea ez da lan erraza eta enpresen bitarteko asko kontsumitzea eragiten du. Halere, interneten oinarritutako teknologien agerraldiak orain arte eremu horretan pentsaezinak ziren aukerak irekitzen ditu, esaterako, hornidura katean dauden aktiboak modu eraginkorragoan erabiltzeko, eskariak, hornidura, ekoizpena eta banaketa planak sarean eta lankidetzan kudeatuz.
Testuinguru horretan, Europar Batasunak (EB) C2Net proiektua jarri du abian (Cloud Collaborative Manufacturing Networks), non IK4-IKERLAN euskal zentroa partaidea den. Proiektuaren helburua da lainoan dauden hainbat tresna informatiko garatzea enpresei, batez ere enpresa txiki eta ertainei, beren hornidura kateen kudeaketa optimizatzen laguntzeko, Internetek eskaintzen dituen bitartekoak erabilita. Horrenbestez, proiektuak enpresa sareak eratzea ahalbidetuko die, beren hornidura kateen kostuak eta eraginkortasunik ezak gutxiago izatea lortzeko.
C2Net proiektua I+Gari laguntzeko EBk duen Horizon 2020 programak finantzatuta dago, eta 7 milioi eurotik gorako aurrekontua du. Etorkizuneko lantegiak esaten zaienentzat balio erantsi handiko teknologiak garatzeaz arduratzen den ‘Factories of the future‘ ekimenaren proiektuetako bat da.
Zehazki, garatuko diren tresnekin asmoa da enpresen arteko lankidetzarako lekuak abian jartzea, kudeaketa lanak sarean eginez enpresek berrikuntzak egin eta lehiakortasuna oro har hobetu ahal izan dezaten. Aplikazio horiekin, planta, hornitzaile eta bezeroen arteko material fluxua denbora errealean monitorizatzea ez ezik, inplikatutako enpresen interesei begira aukerarik onena ere kalkulatu ahal izango da.
Adibidez, C2Net proiektuan egingo diren garapenen bitartez ustekabeak denbora errealean monitorizatzeko aukera izango dute, hala nola material baten horniduran izandako atzerapena, makina baten geldialdia edo kontsumo guneetako eskarietan izandako aldaketak. Informazioa aztertu eta gero, optimizazio tresnek hornidura, ekoizpen edo banaketarako plan berriak proposatuko dituzte, kostuetan eragin txikiagoa izateko eta baliabide logistikoen erabilera eta bezeroentzako zerbitzua maximizatzeko.
C2Net proiektua 2015eko urtarrilaren 1ean jarriko da abian, eta 3 urteko iraupena izango du. IK4-IKERLANez gain, Europako 6 herrialdetako beste 20 erakundek ere hartuko dute parte, Atos IT Solutions And Services enpresaren gidaritzapean.
Enpresa txiki eta ertainetarako laguntza
Enpresa txiki eta ertainek ez ohi dute baliabide nahikorik izaten beren hornidura kateak optimizatzen lagunduko dieten programa informatiko espezifikoak garatu edo erosteko eta, denbora errealean haietan gertatzen ari denaren berri izateko, beti kontrolpean izateko. Arrazoi horregatik, C2Net proiektuan aplikazio informatiko eskalagarriak eta automobilgintzaren, kosmetikaren edo ekipo ondasunen sektore hain desberdinetara moldatu ahal izango direnak garatuko dira.
IK4-IKERLANen zeregina
Proiektu honetan, IK4-IKERLANek industri enpresei teknologia transferitzeko proiektu askotan bereganatu duen esperientzia aplikatuko du, industri eszenatokiak, baldintza funtzionalak eta C2Net proiektua baliozkotzeko lekuak zehazteko. Era berean, cloud arkitektura diseinatzen eta inplementatzen aktiboki parte hartuko du, baita simulazio ereduak eta optimizazio algoritmoak garatzen ere. Jarduera horiek egiteko, IK4-IKERLANek 550.000 euro baino gehiagoko finantzaketa jasoko du.
“IK4-IKERLANen enpresei lehiakorragoak izaten lagundu nahi diegu eta asmo hori da aurrera bultzatzen gaituena; era guztietako konpainiak, multinazionalak zein gure inguruko enpresa txikiak, hobeto antolatzen aritu izan gara, eta horri esker esperientzia handia eskuratu ahal izan dugu alor horretan”, esan du Eduardo Saizek, euskal zentro teknologikoak proiektuan duen arduradunak.
IK4-IKERLANi buruz
IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, eraginkortasun energetikoa eta biltegiratzea, mekatronika eta fabrikazio aurreratua.