Berrikuntzan egindako ahaleginak ekonomiaren susperraldia bultzatu du Euskadin

· “Euskal Herriko Berrikuntzaren Gidaliburuak”, Estrategia Empresarial-ek Innobasquerekin lankidetzan egin eta gaur arratsaldean aurkeztuak, euskal berrikuntzaren 2014ko ibilbidea jaso du bere protagonisten bidez.

· Ekitaldiari amaiera Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak, eman dio, eta argitalpenean aurreratu du 2015ean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sareko berrantolaketa errealitate bat izango dela I+G+b-en efikazia irabazteko.

· Velatia, Sener, Agua de Alzola eta GTZ MicroLAB Detect eta Innobasqueren ordezkariek hartu dute parte “Susperraldirako berrikuntza” eztabaidan, eta berrikuntza-estrategiak partekatu dituzte, horiekin jakin izan dutelarik egoera nahasietan lehiatzen.

Argazkia-Guía InnovaciónEuskal Herriko Berrikuntzaren Gidaliburuaren zortzigarren edizioa, Estrategia Empresarialek Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan egina, gaur arratsaldean aurkeztu dute Guggenheim Bilbao museoan, eta ekitaldiari amaiera Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak, eman dio; hasiera, berriz, José Ignacio Arrietak, Editora del País Vasco 93-ko presidenteak, eta Alberto García Erauzkinek,Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, eman diote. Ondoren, “Susperraldirako berrikuntza” solasaldia izan da, eta bertan hizlari Itziar Urrutia, Sener-en Bilboko dibisioko zuzendaria; Luis Urkide, Velatiako Dibertsifikazioko zuzendari nagusia; Paloma Aldamiz, GTZ MicroLAB Detectekoa; Patxi Casal, Agua de Alzolako zuzendari nagusia; eta Lola Elejalde, Innobasqueko Eraldaketa Sozio-Ekonomikoko Dinamiken zuzendaria.

Euskal Herriko Berrikuntzaren Gidaliburuak 2014an izan diren gertaera berritzailerik aipagarrienak jasotzen ditu. Berrikuntzan egindako ahalegin horren ondorioz, “egindako lan handiaren balantze emankorra” egin du Arantxa Tapia sailburuak, eta argitalpenaren orrialdeetan iragarri du “2015. urtea euskal ekonomiaren hazkundearekin positiboan hasiko dugula, baina oraindik ere hazkunde moderatua eta arina, %1,3 ingurukoa”. Tapiak esan du “iritsi dela egiaren unea, eta sistema osoaren kudeaketan hobekuntzak egiteko unea dela, irizpide berritzaile eta zorrotzekin zera publikoaren ahaleginen eraginkortasunaren zerbitzura”. Bere iritziz, “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren heldutasun-mailak jauzi kualitatiboa ematea eskatzen du, eta horretarako prest dago Eusko Jaurlaritza”.

Bestalde, Alberto García Erauzkin Innobasqueko presidenteak, uste du “pertzepzio itxaropentsuak ahalbidetzen dituzten datuekin ari garela bukatzen urtea”, eta hori “oso garrantzitsua dela, ekonomia eragile ekonomiko guztien pertzepzioen mende dagoelako erabat, eta ingurunea hobetzen ari dela sumatzen baldin badugu, erabaki positiboak hartuko ditugulako inbertsio eta kontratazio mailan, lehenengo pertzepzio horien efektua biderkatuko dutenak”.

José Ignacio Arrietak, Editora del País Vasco 93ko presidenteak, lehiatzeko “Euskadin aukeratu ditugun zumeak” nabarmendu ditu: “ezagutza, zientzia, teknologia, industria, balio erantsia sortzea eta nazioartekotzea”.

Susperraldirako berrikuntza
Estrategia Empresarialek moderaturiko “Susperraldirako berrikuntza” solasaldian, bost euskal erakundek azaldu dute nola, hainbat berrikuntza-estrategiaren bidez, egoera ekonomiko ezegonkor batetik indarturik irtetea lortu duten. Adibidez, Aguas de Alzola merkatuan bere lekua aurkitu duen ETE bat da, merkatu konplexu eta oso arautuan, non produktua bera ─ura─ ezin daitekeen manipulatu. Horregatik, marketin berritzaile baten bidez, packaging-ak zeregin erabakigarria bete du, eta zailtasunak gainditzen asmatu dute. Bestalde, GTZ MicroLAB Detect, Velatia eta Sener Euskadirako espezializazio-estrategia adimendunaren oinarrian dauden indar-guneen adibideak dira: biozientziak, energia eta manufaktura aurreratua, hurrenez hurren. Gaiker IK4-ren GTZ MicroLAB Detect spin off-a elikagaietan patologiak analizatzeko gailuen aurre-industrializaziora dedikatzen da. Velatia-k energiaren arloan lan egiten du eta Sener-ek manufaktura aurreratuaren arloan, biak ere trakzio-enpresak izanik, biziki nazioartekotuak, berrikuntza balio-kate osoan txertatua dutenak. Azkenik, Innobasque lankidetza-sare publiko-pribatu gisa agertzen da, sektore ezberdinetako hainbat erakunderen artean aukerak detektatu eta lankidetzak, sinergiak eta aliantzak errazten dituena.

Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.