Enrike Solinís & Euskal Barrokensemble larunbateko Miramongo Matinéean
Antzinako musika taldeak Hego-koloreak: Danzas barrocas para guitarra izeneko kontzertua eskainiko du eta bertan joko dituen dozena bat baino gehiago piezatan gitarra izango da protagonista, bereziki bere errepertorio barroko espainiar eta italiarra
Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, maiatzak 12, 11:00etan, denboraldiko hamalaugarren hitzorduan, Enrike Solinís & Euskal Barrokensembleren Hego-koloreak: Danzas barrocas para guitarra izeneko kontzertuarekin. Aipatu taldea honako kideek osatzen dute: Enrike Solinís (gitarra barrokoa, bihuela, lavta eta zuzendaritza artistikoa), Miren Zeberio (biolin barrokoa), Gabriel León (kontrabaxua) eta Dani Garay (perkusioa). Kontzertu honek hasiera batean So British? izenburupean Quinteto Graziosok antolatu zuena ordezkatuko du.
Emanaldi honetan, orain arte argitaratu dituen hiru lanetako lehenengoaren hainbat pieza interpretatuko ditu Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek: Colores del sur: Baroque Dances for Guitar (2013), gitarrak protagonismo berezia duen diskoa. XVII. mendetik musika herrikoian nortasun oso handia izan duen instrumentua da gitarra, eta gaurko kontzertu honetan ere rol nagusia jokatuko du, bereziki bere errepertorio barroko espainiar eta italiarrak.
Bere belaunaldiko birtuoso nagusi eta pertsonalenetako bat bezala ezaguna, Enrike Solinís Euskal Barrokensemble antzinako musika taldearen fundatzailea da. Taldeak musikaren sustraietan barrena ikerketa sakona egiten du eta proiektu guztiz berritzaileak aurkezten ditu. Proiektu horietan espazio garrantzitsua dute inprobisazioak eta oso garai ezberdinetako musikaren birsorkuntzak. Musikari aurre egiteko modu honi esker, Euskal Barrokensemblek sona handiko nazioarteko antzoki eta jaialdietan parte hartu ahal izan du: Vienako Kontzerthaus, Potsdameko Jaialdia, Madrilgo Auditorio Nacional, Hanburgoko Jaialdia, Habanako Jaialdia, Montreal, Praga, Stockholm, Polonia, etab.
Nazioartean zabalkunde nabarmena izateaz gain, taldeak bere ibilbidean kritika paregabea jaso du. Adibide gisa, Kubako Leo Brouwer musikagile, gitarrajole, eta orkestra-zuzendari ezagunaren hitzak ekar ditzakegu gogora: “Enrike Solinís maisu gaztea Jordi Savall handiari laguntzen entzun nuen lehendabizikoz; beste aldi batean, urte batzuk geroago, eta ordurako bere talde propioa zuela, berriz txunditu ninduen”.
Sarrera solteak (7€) salgai daude www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.