ERC Advanced Grant 2017 deialdiari esker, ikerketa europarraren elitean kokatzen dira Jesús Jiménez Barbero eta Luis Liz Marzán, bioGUNE IKZko eta biomaGUNE IKZko zuzendari zientifikoak, hurrenez hurren
Europako Ikerketa Kontseiluak, guztira, 4,9 milioi eurorekin finantzatuko ditu bere ikerketa-taldeen lanak datozen 5 urteotan
Europan ematen diren laguntzarik prestigiotsuenak dira, eta haien hartzaileak “lider bikaintzat hartzen dira ikerketa-ekarpenen originaltasunari eta garrantziari dagokienez”
Europako Ikerketa Kontseiluak (European Research Council, ERC) bere ERC Advanced Grants prestigiotsuenak eman dizkie Jesús Jiménez Barbero eta Luis Liz Marzán Ikerbasque programako ikertzaileei, bioGUNE IKZko eta biomaGUNE IKZko zuzendari zientifikoei, hurrenez hurren. Jiménez Barberok, esaterako, 2,5 milioi euroko diru-laguntza jaso du, “Karbohidratoak ezagutzeko mugak hausten, erresonantzia magnetiko nuklearraren bidez” proiektua gauzatzeko hurrengo 5 urteetan. Luis Liz Marzánek, bestalde, “Tumoreen hazkundearen jarraipena lau dimentsiotan, gainazaletan areagotutako Raman espektroskopia erabilita” proiektura bideratuko ditu jasotako 2,4 milioi euroak.
Europako Ikerketa Kontseiluak ematen dituen laguntza horiek Europako prestigiotsuenak dira. ERCren hitzetan, “ikerketa-ekarpenen originaltasunari eta garrantziari dagokienez, lider bikainak” izan behar dute hautagaiek. Hortaz, beren arloetan nabarmentzen diren ikertzaileak soilik aurkezten dira deialdira. Aurkezten diren hamar hautagaitzetatik bat baino ez da aukeratzen.
Erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN) delako teknika ezaguna aplikatzeko protokolo berriak garatzea da bioGUNE IKZko zuzendari zientifiko Jesús Jiménez Barbero buru duen proiektuaren helburua, karbohidratoen molekulak ezagutzeko funtsezko alderdiak deszifratu ahal izateko eskala anatomikoan. Substantzia horiek –glikano, azukre edo sakarido izenez ere ezagunak– funtsezko zeregina dute osasunarekin eta gaixotasunarekin loturiko gertaera biologiko ia guztietan. “Proiektuak diziplinarteko ikuspuntua behar du. Hala, EMN garapen berriak eta sintesi kimikoko metodo esperimentalak zein teknika konputazionalak uztartuta, glikano mota bakoitzaren eta haren hartzaile biomolekularren arteko elkarreragin bereziki selektiboaren atzean dauden mekanismoak ulertu gura dira”, adierazi du Jesús Jiménez Barberok.
Tumoreen hazkundea denbora errealean eta inguru kontrolatuetan –bereziki diseinatutako aldamioak erabilita– aztertzeko materialak eta metodoak diseinatzen saiatuko da biomaGUNE IKZko zuzendari zientifiko Luis Liz Marzánen proiektua. Egungo metodoen zailtasunak gainditzeko, bereziki, ehunaren alderik sakonenak behatzeko gaitasunari dagokionez, metodo optikoak erabiltzea proposatzen da. “Gainazaletan areagotutako Raman espektroskopia (ingelesez, surface enhanced Raman spectroscopy edo SERS) deritzon teknika horri esker, substantzia anitz azter daitezke bereizmen espazial oso baxuarekin, kontzentrazio erabat baxuetan ere bai. Urrezko nanopartikulen erabileran oinarritzen da SERS teknikaren eraginkortasuna, molekuletan argia islatzen den modua aldatzen baitute eta errazagoa baita haiek identifikatzea”, azaldu du Luis Liz Marzánek.