Esklerosi Anizkoitzaren Eugenia Epalza Fundazioaren erakusketa, Parkean
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen eraikin nagusiko (101) erakusketa-gelan, datorren otsailaren 15era arte ikusgai egongo dira “Esklerosi anizkoitzaren 1.000 aurpegiak”.
Enrique Moreno Esquibel argazkilari bilbotar ospetsuak 18 argazkiz osaturiko erakusketa prestatu du. Esklerosi anizkoitza duten 20 pertsona dira protagonista, euren lantokietan, etxekoekin, aisialdiaz gozatzen, osasun-zentroetan, etab.
Erakusketak hainbat helburu ditu. Lehenik eta behin, oro har gizartea sentiberatzea erien arazoekiko. Pazienteak emozionaraztea eta eurekiko enpatia sortzea ere bada asmoa; hala, estereotipoak apurtu ahalko dira, errealitate anitz eta heterogeneoa erakusten baita, euren ezintasun-maila eta inguru sozial guztiekin. Era berean, gaixotasunaren inguruko komunikazioa berritzailea izatea nahi da, irudiek transmititzen duten indarraz baliatuz.
Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologiko sendaezina da, 18 eta 40 urte artean agertu ohi dena, eta emakumeek pairatzen dute gizonek baino gehiago. Gainera, heldu gazteen artean, ezintasunen bigarren kausa da, trafiko-istripuen atzetik. Euskadin, 2.200 pertsona baino gehiagok dute esklerosi anizkoitza.
Gizartera hurbiltzeko eta zenbait proiektu sozialetan lankidetzan aritzeko ildoari jarraiki, Parkeak erakusketa-gela laga du, esklerosi anizkoitza dutenekiko sentiberatzea bultzatzeko.