“Etorkizuneko autobusa” marrazki-lehiaketako sariak banatu ditu CityMobil 2-k
- Modu dibertigarri eta sinesgarrian adierazten dute saritutako marrazkiek nola ikusten duten eskola-umeek datozen urteotan garraioak hirietan izango duen bilakaera.
- “Neska-mutiko hauek dira etorkizun hori, eta hura eraikitzea dagokie orain, teknologia berriak protagonista direla”, adierazi du mugikortasun eta garraio-zinegotzi Pilar Aranak.
“Etorkizuneko autobusa” marrazki-lehiaketako sariak banatu dituzte Donostiako Udalak, Novadays aholkularitza-enpresak, Tecnalia ikerketa-zentroak, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak, DBUS garraio publikoko enpresak eta Eureka! Museoak.
CityMobil 2-k sustatu du lehiaketa, txikitatik bultzatzeko neska-mutikoen artean mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoa eta berrikuntza zein aurrerapen teknologikoekiko jakin-mina. Gaur arratsaldean banatu dira, Eureka! Museoan, lehiaketako sariak, ikasle, guraso eta irakasle ugari ikusle zirela.
Donostiako hamar ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako 658 ikaslek eta Bigarren hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako 296kumek hartu dute parte “Etorkizuneko autobusa” marrazki-lehiaketan, bai eta hura sustatzen eta haren berri zabaltzen lagundu ere.
Donostiako Udaleko mugikortasun- eta garraio-zinegotzi Pilar Aranak eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko zuzendariorde Raquel Ubarrechenak adierazi dutenez, marrazkietan islatu dute etorkizuneko autobusaz duten ikuspegia lehiaketan parte hartu duten neska-mutikoek. Adierazi dute, halaber, neska-mutiko horiek direla etorkizun hori, eta eurek eraiki behar dutela autobusa, teknologia berriak protagonista direla.
Pilar Aranak eman dizkie diplomak bi kategorietako hamar finalistei. Sariei dagokienez, Dbus-eko gerente Igor Gonzálezek banatu ditu 2016an hilabetez edo bi hilabetez DBUSeko autobusak mugarik gabeko erabiltzeko txartelak (bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren); Eurkea! Museoko eduki-arduradun Larraitz Etxeberriak, berriz, Museo horretarako sarrera bana eman die bi kategorietako irabazleei, beren ikasgelako kide guztiekin planetariora bisitari joan eta “errusiar mendiko” simulagailura igo daitezen eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko gidaririk gabeko ibilgailuan joan-etorri bat egin dezaten, Novadaysen eta Tecnaliaren eskutik.
Ezaugarri artistikoak ez ezik, sormena, originaltasuna eta jasangarritasun-alderdiak ere hartu dira kontuan zer marrazki saritu hautatzeko prozesuan. Modu dibertigarri eta sinesgarrian adierazten dute saritutako marrazkiek nola ikusten duten eskola-umeek datozen urteotan garraioak hirietan izango duen bilakaera.
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin zentralean izango dira ikusgai hamar marrazki finalistak, CityMobil 2-ren erakuslea Parkean den bitartean.
Lan sarituak:
LEHEN KATEGORIA (Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailak):
1.- Ane Alberdi (Axular Lizeoa – 3.a A) – URREA
2.- Izaro Burgera Martínez (Axular Lizeoa – 2.a A) – ZILARRA
3.- Paula Telleria (Deutsche Schule San Alberto Magno – 1.a B ) – BRONTZEA
BIGARREN KATEGORIA (Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailak):
1.- Haizea Múgica Hernández (Axular Lizeoa- 5B) – URREA
2.-Maite Luzia Gomara Goikoetxea (Ibai Ikastola – 6.a A) – ZILARRA
3.-Lander Sanz Domínguez (Herri Ametsa Ikastola – 6.a B) – BRONTZEA
Donostiako Udaleko, Novadayseko, Tecnaliako eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko ordezkariek osatu dute bi kategoria horietarako marrazki saridunak hautatu dituen epaimahaia.