Batfarm softwareak ustiategien ingurumen inpaktua ebaluatzea ahalbidetuko die abeltzainei

Tresna NEIKER-Tecnaliak, INTIAk, IRSTEAk, TEAGASCek, Portugalgo Agronomiako Goi mailako Institutuak eta Glasgow Caledonian Unibertsitateak garatu dute elkarrekin

Kutsadura urritzeko hainbat estrategiaren eragina simulatzeko aukera ematen du

OLYMPUS DIGITAL CAMERAAbeltzaintzaren sektoreak software berritzaile bat dauka gaurgero, ustiategien ingurumen ebaluazio zehatza egin ahal izateko. Tresna informatikoak Batfarm du izena, eta elkarrekin garatu dute NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak, INTIAk (Nafarroa), IRSTEAk (Frantzia), TEAGASCek (Irlanda), Portugalgo Agronomiako Goi mailako Institutuak eta  Glasgow Caledonian Unibertsitateak (Eskozia). Softwarearen garapena Europako Batfarm proiektuaren baitan egin da, Eremu Atlantikoko Interreg IIIB Programak finantzatuta, eta “Abeltzaintzako ustiategietan airearen eta uraren kutsadura murrizteko erabilgarri dauden teknikarik onenen ebaluazioa” du izenburutzat. Batfarm NEIKER-Tecnaliako ikertzaile Pilar Merino doktoreak gidatu du.

Batfarm softwareak txerri, arrautzatarako eta haragitarako hegazti eta esnetarako behi ustiategietan kutsadura urritzeko hainbat estrategiaren eragina simulatzea ahalbidetzen du. Tresnari esker, ustiategi bakoitzean jokaleku desberdinak konparatu daitezke eta, horrenbestez, kasu bakoitzean gehien komeni den ingurumen estrategia hautatu. Softwareak ekoizpen sistemaren fase guztiak hartzen ditu kontuan: animaliak aterpetzea, biltegiratzea, tratamendua eta simaurren eta purinen landako aplikazioa.

Batfarm softwarean abeltzaintzako kudeaketa estrategiarik garrantzitsuenak hartu dira kontuan. Horien artean nabarmentzen dira estrategia nutrizionalak (proteina eta fosforoa doitzea, fasekako elikadura), aterpeen diseinua (aterpe motak, zorua eta zulo sakona) eta simaurrak eta purinak biltegiratzeko kudeaketa (hustuketa sistema, estalki mota, gehigarriak). Elementu horiek balorizazioko elementuekin osatzen dira (lehorketa, solido-likido bereizketa, tratamendu aerobikoa, metanizazioa, konpostajea), landako aplikazio sistemekin (injekzioa, altxatzea) eta erabiltzaileek definitutako beste praktika on batzuekin.

Tresna informatikoak egiten dituen kalkulu nagusiak dira pentsu, ur eta energi kontsumoa; animali ekoizpena (pisua bizirik, arrautzak, haragia eta esnea); amoniako, oxido nitroso eta metano igorpenak; simaur eta purinen ekoizpena eta osaera; eta lurrean aplikatutako nutrienteak (larreak edo nekazaritza lurrak). Neurketa horiek osatzeko, hainbat egoera alderatzeko aukera dago.

Kalkuluak egiteko, Batfarmek eskualdearen arabera lehenetsitako balioak erabiltzen ditu, datu zooteknikoei, klimatikoei eta igorpen faktoreei buruz. Programa informatikoa erabiltzaile estandarrei eta aurreratuei zuzenduta dago. Azken horiek softwareak erabiltzen dituen balioak aldatu ditzakete.

Batfarm aplikazioa doan deskargatu daiteke http://www.intiasa.es/es/batfarm-software webgunean. Deskargarekin batera, zuzen erabiltzeko behar diren eskuliburu eta tutorial guztiak eskuratu daitezke.

NEIKER, erreferentziazko zentroa lehen sektorearentzat

NEIKER, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko enpresa publikoa konprometituta dago I+Gko helburu hauekin:  nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiategietan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.