AZTIk Bermeoko itsas hondoen doitasun handiko kartografia aurkeztu du

Bizkaia

  • Erliebe-mapak oso erabilgarriak dira itsas sektore guztietarako: salbamendu eta sorospenetarako nahiz ikerkuntza edo aisiarako. Horrez gain, aplikazioak dituzte beste zenbait sektore eta jardueratarako
  • Mapa honek Matxitxako lurmuturra eta Ogoño artearen itsasbazterreko tarteari dagokion itsas hondoko erliebea eta batimetria erakusten ditu, eta gaur egun dagoen badiaren konfigurazioa garai batean oso ezberdina izan zela nabarmentzen du.
  • Bermeoko Arrantzaleen Museoan (Txile aretoa, 19:00etan) aurkeztuko da maiatzaren 20an, asteburu honetako Arrain Azokaren gertaeren barnean.

AZTI Bermeo aurreko itsas hondoaren kartografia aurkeztuko du bihar Bermeoko Arrantzaleen Museoan (Txile aretoa, 19:00etan) asteburu honetako Arrain Azokaren gertaeren barnean. Material hori —kalitate eta doitasun handikoa— oso lagungarria izango da zenbait arrantza- eta aisialdi-jardueratarako: arrantza, urpekaritza, surfa eta olgeta-arrantza, besteak beste.  Mapa tienda.azti.es web-orrian eskura daiteke maiatzaren 20tik Aurrera, non eskuragarri dauden dagoeneko Bilbo, Donostia, Hondarribia eta Pasaiako kartak.

CartaBermeoAurkeztuko den materiala euskal kostaren aurreko plataforma kontinental osoa kartografiatzeko proiektu batekoa da. Proiektu horretan xehatzen dira puntu azpimarragarrienak, hala nola harkaitzen azaleratze-eremuak, itsaspeko arroilak edo pezioak. Lan hori AZTIko ikerlariek egin dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Mapa honek Matxitxako lurmuturra eta Ogoño artearen itsasbazterreko tarteari dagokion itsas hondoko erliebea eta batimetria erakusten ditu, kostaldetik 95 metroko sakoneraraino. Karta honen ardatza Bermeoko portuko inguruan erdiratzen da  eta Izaro uhartearen eta lurrerako bere konexioaren itsaspeko konfigurazioa zehazki erakusten du, gaur egun dagoen badiaren konfigurazioa garai batean oso ezberdina izan zela nabarmentzen delarik. Orain dela 10.000 urte gutxi gora behera, gure arbasoak Santimamiñen bizi zirenean, Izaro lurrari batuta zegoen eta kosta lerroa maparen mugetan aurkitzen zen.  Kartak erakusten du ere plataforma kontinentala Matxitxakon estutzen dela, non hondoek aldapa handiagoak  dute eta abisaleko hondoetara lasterrago heltzen den.

Ikerlan honetan lortutako informazioa baliagarria da itsas hondoak sedimentuen arabera sailkatzeko, hartxintxarrak, harea, lokatzak eta tarteko ñabarduren arteko bereizketa eginda. Era berean, artisau-arrantzari dagozkion eremuen eta arrantza-mota hori egiten den itsas hondoen xehaketa geografikoa egin da.

Itsas hondoen ezaugarriak jakitea oinarrizkoa da habitaten banaketa ezagutu eta aurreikusteko, baita klima-aldaketak habitatetan eta gure estuario eta hareatzen prozesu geomorfologikoetan izango duen inpaktua ondorioztatzeko ere. Bestalde, indarrean dagoen legeriari jarraiki, ezinbestekoa da itsas hondoen eta habitaten karakterizazio morfologikoa egitea, haiek babestu eta kudeatzeko beharrezko neurriak hartu ahal izateko.

Erabilera eta sektore onuradunak

Erliebe-mapak oso erabilgarriak dira itsas sektore guztietarako: salbamendu eta sorospenetarako nahiz ikerkuntza edo aisiarako. Horrez gain, hainbat aplikazio dituzte beste zenbait sektore eta jardueratarako:

  • Aisialdiko arrantza ;
  • Nabigaziorako simulazioak
  • Itsas ibilbideen prestaketarako edo kirol-urpekaritzarako laguntza
  • Urautsien inguruko informazioa surflarientzako
  • Ozeanografiaren eta arrantzaren inguruko ikerkuntza
  • Prozesu geomorfologikoak (esaterako, hareatza eta estuarioetan klima aldaketak eragiten duen inpaktua neurtzeko)
  • Dragatze eta isurien segimendua
  • Apaintzeko elementu edo/eta opari gisa

Sorta aniztuneko zunda

AZTIko ikerlariek sorta aniztuneko ekozunda erabili dute ikerketarako. Teknologia horrekin, pultsu akustiko anitzeko sorta baten bidez, hondoetako topografia erreproduzitu daiteke, zehaztasun handiz eta ikerketa-eremu zabal batean. Zehatza izateaz gain, azkarra da. Hori dela eta, laginketa-lanak nabarmen murrizten ditu. Kanpoko lanetarako ontzia erraz maniobratzen da, eta sakonera txikia du. Bestalde, oso egokia da laginketa-lanak itsasertzetik hurbil eta portu eta estuarioetan egiteko.

 

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk