Eureka! Zientzia Museoak ANIMALIA aretoa inauguratu du, animaliei buruzko jakintza eta haiekiko errespetua sustatzeko helburuarekin

Gipuzkoa

Eureka! Zientzia Museoaren ANIMALIA areto berriak hiru ekosistema bereizi ditu, eta giro berezi horien adierazgarri diren 20 bizidun espezietik gora jarri ditu erakusgai, 260 m2-ko azalera duen instalazio batean.

ANIMALIA okErakusketa iraunkor horren bitartez, animalien eta haien ingurumenaren aurrean daukagun jarrera hobetu nahi du museoak, eta ez-jakintasunaren ondorioz hartu ditugun ohitura txarrak saihestu.

Ingurumenaren zaintza, animaliekiko errespetua eta ingurumen-hezkuntza museoaren hezkuntza-zereginaren zati dira. Ekipamendu berri horrekin, museoak planetako gainerako bizidunei buruzko jakintza sustatu nahi du, eta haiei zor diegun zaintza eta errespetua areagotu.

Sentsibilizazio-ekintzen jomuga nagusia adingabeak dira, prestakuntzaren lehen etapan daudenak. 2015-2016 ikasturterako Eureka! Zientzia Museoko pedagogía-taldeak lau tailer eta bisitaldi gidatu espezifiko prestatu ditu haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako taldeentzat, eta guztiak ere museoan bertan garatuko dira.

Haur-hezkuntzarentzat (3-5 urte) – Nor bizi da hor?

Lehen hezkuntzarentzat. Lehen zikloa (6-7 urte) – Ba al zenekien…?

Lehen hezkuntzarentzat. Bigarren zikloa (8-9 urte) – Non bizi dira…?

Lehen hezkuntzarentzat. Hirugarren zikloa (10-11 urte) – Ematen dutena al dira…?

Laster, bizidunak gunera egokitu eta zainduko dituzten profesionalengana moldatu ondoren, partikularrek bisitaldi gidatu esklusibotan parte hartzeko aukera izango dute, talde txikitan antolatuta. Bertan, animaliekin kontaktu zuzena edukitzeko aukera izango dute.

Zer da ANIMALIA?

Areto honetan hiru giro islatu nahi izan ditugu: oihan tropikala, basamortua eta itsasoa, azken hori itsas baltsa baten bitartez. Giro berezi horietan, bisitariek aukera izango dute ekosistema bakoitzaren bizirik dauden animalia adierazgarrienak ikusteko.

Animalia horien guztien artean, honako espezie hauek nabarmendu behar ditugu:

  • Tamainarengatik, pitoi-suge albinoa: Erakusgai duguna oraindik gaztea bada ere, hazkundea amaitzean 7 metro ere neur dezake, eta 150 kilo pisatu.
  • Bere toxinaren ahalmenarengatik, urre-koloreko igela: Agian hori da erakusketako espezierik deigarriena, urre-kolore bizi-bizia daukalako, harekiko zuzeneko harremanak berekin dakarren arriskuaren adierazgarri. Izan ere, bere pozoiaren toxinaren gramo bat nahikoa izan liteke 100.000 pertsona hiltzeko. Ezbairik gabe, naturan aurki dezakegun pozoirik sendoena da.
  • Arrantzarako darabilen estrategia bereziarengatik, kaiman-dortoka: Haragijalea da, eta mingaina egokitua dauka. Izan ere, bi zizareren itxura dauka mingainak, eta horri esker arrainak ahutzetara erakartzen ditu harrapatzeko.
  • Modu sinestezinean zintzilikatzeko duen gaitasunarengatik, pantera-kamaleoia: Kolore urdin biziarengatik nabarmentzen da, baita buztan oratzailearengatik eta hatzen jarrerarengatik ere; izan ere, elkarren auka jarrita dauzka hatzak, eta horri esker pintza moduko bat egiten du, adarrei sinetsi ezinezko jarreretan heltzeko.
  • Azalaren leuntasunarengatik, lehoinabargekoa: Musker handia da, eta Ekialde Ertaineko eremu lehorretan bizi da, Irandik Pakistanerainoko tartean. Azal leun-leuna dauka.
  • Ugaltzeko ahalmen bereziarengatik, Freddy arraina: Espezie horretako emeak ar bihur daitezke ingurumen-egoerak hori eskatzen duenean, ugalketarekin zerikusia duten arrazoiengatik oro har.

ANIMALIA areto berri honetan, gauza bitxi ugari aurki ditzakegu. Garrantzitsuena ez da bertako animaliek zenbaiterainoko exotikotasuna edo berezitasuna duten, haiei esker egingo dugun sentsibilizazio- eta kontzientziazio-lana baizik.

Ordutegia eta prezioa:

ANIMALIA areto berria museoko erakusketa iraunkorraren barruan dago, eta museoko sarrera ordaintzeak aukera ematen du aretoari bisitaldi librea egiteko.

  • 18 urtez azpikoak, 65 urtez gorakoak eta familia ugariak: 7 € / pertsona bakoitzeko.
  • Helduak: 10 €/ pertsona bakoitzeko.

Museoa zabalik egoten den ordutegian ikus daiteke gunea:

  • Astelehenetan, 10:00etatik 16:00etara.
  • Asteartetik ostiralera, 10.00etatik 19:00etara.
  • Larunbat, igande eta jaiegunetan 11:00etatik 20:00etara.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk