Europak, CIC energiGUNEk belaunaldi berriko bateriei buruzko H2020 programara aurkeztutako 4 proiekturen finantzaketa onetsi du, 3,2 milioi euroko aurrekontu orokorrarekin

Albisteak, Araba

CIC energiGUNE izango da, ibilgailu elektrikorako bateria seguruagoen garapenarekin eta eskala handiko biltegiratzearekin erlazionatuta dauden onetsitako bi proiekturen liderra

Onetsitako 4 proiektuez gain, beste 3 proposamenek deialdiaren mozketa gainditu zuten, aurkeztu ziren 11 proiektuen artean

Proiektuek 3 eta 4 urte arteko iraupena dute, eta horietan Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) eragileek hartuko dute parte, nazioarteko puntako enpresez gain

 

CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratze elektrokimikoaren eta termikoaren alorrean Europa mailako erreferentziazko ikerketa zentroak, Europar Batzordearen Horizon 2020 programako 2019ko deialdian aurkeztu dituen lau proiekturen onespena lortu du, “Bateria Belaunaldi Berria” atalaren barruan. Lau proiektuetatik biren liderra Euskal zentroa izango da, eta CICek 3.250.000 euroko aurrekontu bateratua jasoko du.

Lau proiektu horiek onesteak, bateriei zuzendutako H2020 programako egungo deialdian Estatu osoan finantzaketa handiena lortu duen erakunde zientifikoa bilakatu du Zentroa. Izan ere, aurkeztu dituen 11 proposamenetatik, 4 onetsi dira, eta beste hiruk hasierako mozketa gainditu dute. Horrela, %36ko arrakasta indizea lortu da. Zifra hori, Europa osoan erakundeek lortzen duten batez-besteko arrakasta maila baino askoz altuagoa da, maila hori %10ekoa baita.

Horrez gain onetsitako bi proiekturen liderra CIC energiGUNE izango da, eta BRTAko (Basque Research and Technology Alliance) beste eragile batzuen partaidetza izango du, IKERLANena eta CIDETECena, eta baita euskal enpresena, Gamesarena, adibidez, eta nazioarteko konpainia garrantzitsuena ere, Toyota, Renault edo Varta, besteak beste. Azpimarratzekoa da CIC energiGUNE kide den BRTAk estatu mailan onetsitako 11 proposamenetatik 7tan hartzen duela parte –horietako 3ren lider izanik, bi CIC energiGUNEren eskutik–. Horrek argi eta garbi uzten du euskal ekosistemak energiaren biltegiratzearen alorrean duen potentziala.

Estatu osoan, deialdi horren bitartez 12,42 milioi euroko itzulera lortu da, hau da, Europar Batzordeak esleituko dituen 113,27 milioietatik %10,9a. Horrela, finantza daitezkeen 11 proiektuekin, Espainiako estatua deialdian arrakasta maila altuena lortu duen hirugarren herrialdea da, Alemaniaren eta Frantziaren atzetik. Estatu mailako emaitza on horiek BRTAko zentroen partaidetzan oinarritzen dira. Horien artean azpimarragarria da CIC energiGUNE Estatu osoan koordinatzen diren 6 proiektuen artean biren lider den erakunde bakarra dela.

Horrela, Europar Batzordeak onetsi dituen CIC energiGUNEren proiektuak, etorkizuneko ibilgailu elektrikoarentzako bateriara eramango gaituzten teknologia berrien bilaketan Europako industriak izango dituen erronka nagusietako bitan zentratzen dira. Alde batetik, automobilgintzan segurtasun handiagoa emango duten egoera solidoko baterien garapena, baterietatik kobaltoa kentzeko erronka, eta bestetik, redox fluxua duten bateriekin egin beharreko lana, eskala handian biltegiratu ahal izateko. Azken kasu horretan, CIC energiGUNEk, banadioan oinarrituta dauden egungoak baino gutxiago kutsatuko duten elektrolito alternatiboen identifikazioan egingo du lan.

CIC energiGUNEren proiektuak

Onetsitako lau proiektuak hauek dira: HIGREEW, SAFELIMOVE, -biak ere CIC buru izanik-, 3beLiEVe eta COFBAT. Ondoren, horietako bakoitzaren datu nagusiak zehazten dira.

HIGREEW: Proiektuaren helburua, fluxuzko baterietan oinarritutako energia biltegiratzeko teknologia jasangarria, segurua eta merkea garatzea da, 2030erako 0,05€/kWh/zikloa kostura heldu ahal izateko, energia berriztagarriekin uztartzeko.

Iraupena: 40 hilabete.

Aurrekontu osoa: 3,7 milioi euro. CIC energiGUNEren aurrekontua: 728.000 euro.

CIC energigunek koordinatutako proiektua.

SAFELIMOVE: Ibilgailu elektrikorako elektrolito solidoa izango duen metalezko litiozko bateria garatzea planteatzen da, egoera solidoan dauden bateriek segurtasun handiagoa emango baitiote ibilgailu elektrikoari etorkizunean. Ikerketa ildo horren buru Michel Armand da, materia horretan aitzindaria den ikerlari ezaguna.

Iraupena: 48 hilabete.

Aurrekontu osoa: 7,8 milioi euro. CIC energiGUNEren aurrekontua: 975.000 euro.

CIC energigunek koordinatutako proiektua.

3beLiEVe: Proiektuak battery pack-ak eta goi boltajeko zeldak garatuko ditu ibilgailu elektriko arinetarako, eta Europako automobilgintzaren industriaren garapenean lagunduko du.

Iraupena: 42 hilabete.

Aurrekontu osoa: 10,8 milioi euro. CIC energiGUNEren aurrekontua: 888.000 euro.

COFBAT: Aplikazio estatikoetarako prestazio handiko kobaltorik gabeko bateriak garatzeko ekimena.

Iraupena: 48 hilabete.

Aurrekontu osoa: 7,9 milioi euro. CIC energiGUNEren aurrekontua: 658.000 euro.

 

Partekatu

Beste berri batzuk