Euskadik Biospain 2012 ostatatuko du, biozientzien arloko mundu mailako ekitaldi garrantzitsuenetako bat

Bizkaia

Euskadiko biozientzien sektoreak 3.000 enplegatu dituzten 70 enpresa bildu ditu hamar urteko ibilbidean. Euskadi da jarduera nagusi gisa biozientziak dituzten enpresa gehien biltzen dituen Espainiako laugarren erkidegoa.
Ekitaldia lehen aldiz izango da Bilbon datorren astean. Aurten stand kopurua %29 handiagoa izango da, 216 guztira. Biospain 2012n 25 herrialdetako jendea elkartuko da.
SPRIren Biobasque Agentzia da biozientzen enpresa sektorea gara-tzeko Euskadiko erreferentzia-gunea.

BioSpain 2012, biozientzien eta bioteknologiaren inguruko sektore profesionalak bi urterik behin ospatzen duen nazioarteko topaketa, lehen aldiz iritsiko da Euskadira. Ekitaldia Bilbon izango da datorren astean, irailaren 19tik 21era bitartean. BioSpain 2012ren antolakuntzak gaur arte bildutako zifrek agerian uzten dute ekitaldia arrakastatsua dela eta bioteknologiak gero eta garrantzi handiagoa duela Estatuan.

Barakaldoko BECen egingo den kongresuan hainbat jarduera eskainiko dira: ospe handiko hizlarien konferentziak, erakusketa komertziala 216 erakuslerekin, negozioa garatzeko 4.500 bilera profesional (aurrez hitzartuak)… Nobedade bezala, aurten enplegu foro bat antolatu dute, non ikasleen eta bio enpresen arteko eskaintza eta eskaera uztartzeko baliabideak eskainiko baitira, enplegu aukerak esploratuz. Edizio honetako beste proposamen berri bat Biochen da, bioteknologia industrialean zentratutako inbertsio foroa alegia. Bestalde, aukeratutako 32 proiektuek espazio bat izango dute inbertsiogileak bilatzeko.

25 herrialdetatik iritsitako 1.450 profesional eta 750 enpresa erregistratu dira jada BioSpain kongresuko jarduera desberdinetan. Aipatzekoa da parte-hartzaile indi-bidualen %23 nazioartekoak direla eta aurreko edizioan atal hori %15ekoa izan zela.

Eusko Jaurlaritzak eta ASEBIO-k, Espainiako Bioenpresen Elkarteak, elkarlanean antolatu dute aurten Biospain 2012 ekimena. Ekimen horren bidez indartu egingo da Euskadik enpresa sarearen berrikuntza eta dibertsifikazioaren alde egin duen apustua, helburua baita Euskadiko etorkizun lehiakorraren oinarriak ezarriko dituzten negozio sektoreetara zabaltzea, Euskadi erreferentziazkoa izan dadin sektore horietan.

Biozientzien sektorean negozio berriak garatzea eta sendotzea da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2015 Planean jasotako erronka estrategikoetako bat, eta estrategia propioa du horretarako, Biobasque 2020 alegia. Estrategia horren aurreko fasea (Biobasque 2010) arrakastaz osatu da Biobasque Agentziaren (SPRI) bitartez.

Biozientzien euskal sektoreak hamar urteko ibilbidea egin du jada eta Europako aitorpena jaso du bioeskualde gisa. Urte hauetan enpresa berri baten hiru hilerik behingo erritmoan hazi da eta gaur egun sortutako enplegu maila mantentzea lortu du. Sektoreak biokluster (enpresa bioteknologikoen sektore elkartea) forma hartu du iaztik. Euskadiko bioteknologia sektoreak 70 enpresa biltzen ditu, zuzeneko 1.500 enplegu eta zeharkako beste hainbeste eskaintzen dituztenak.

Biozientzien euskal sektoreak toki nabarmena du Estatu mailan. ASEBIO 2011 txostenaren arabera (Estatuko sektore elkarteak 163.526 enplegu ematen dituzten 1.715 enpresa biltzen ditu guztira), jarduera nagusitzat bioteknologia duten Espainiako enpresa guztien %8,4 EAEn kokatuta daude eta elkarte horretara atxikitako enpresek 2011n zehar merkaturatu dituzten produktu berri guztien %25 garatu dituzte.

SPRIko zuzendari nagusi Tomas Orbearen iritziz, “BioSpain 2012 Euskadin izateak esanahi berezia du guretzat, aukera ematen baitigu jendaurrean aurkezteko Zientzian eta Teknologian oinarritutako enpresen garapenerako estrategia, zeinak sektore ekonomiko gorakorra sortzea lortu baitu hamarkada bakar batean. Topaketa inflexio puntua izango da Biobasque estrategian, bigarren sendotze fasean eta negozioa garatzeko estrategietan sartuko baita, bide horretatik sektorearen potentzial guztia zuzentzeko Euskadiko lehiakortasuna hobetzera.

Bestalde, ASEBIOko presidente Regina Revillak esan du “aurreko edizioekin alderatuta, ekitaldia oro har hazi egin dela parte-hartzean, nazioarteko presentzian eta bilera zein bisitari kopuruan. Bertaratuko diren enpresen %31 atzerritarrak dira; ekitaldiko nazioartekotze portzentajea, beraz, %14 haziko da eta bisitari profesionalen zein enpresen kopuruak ere %10 eta %17 haziko dira hurrenez hu-rren”.

Partekatu

Beste berri batzuk