Euskadiko berrikuntza-ekosistema, erreferente

Gipuzkoa

Hegoafrikako “Centre for Applied Studies in Economic and Industrial Development” (CASEID) zentroko ordezkaritza bat Euskadin dago bisitan, Tecnalia Ikerkuntza eta Garapen Teknologikoko Zentroaren eskutik. Ordezkaritza horrek, bere egonaldian, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea bisitatu du, Parkeen Sarearen garapena eta finkapena eta I+G+b arloarekin lotutako beste alderdi batzuk ezagutzeko

 

Visita Sudrafica 001Hegoafrikako garapen ekonomiko eta industrialeko ikasketen zentro handieneko ordezkariak Euskadin daude bisitan, Tecnalia Ikerkuntza eta Garapen Teknologikoko Zentroak gonbidatuta. Hegoafrikako zientzia, teknologia eta unibertsitateen arloetako kide garrantzitsuek osatzen duten afrikar ordezkaritza, eta Siyanda Siko dute buru, Lanaren Nazioarteko Erakundeko ekonomia sustatzeko programaren zuzendaria; bisitaren helburua da Euskadiren berrikuntza-sistema xehetasunez ezagutzea, eta I+G+b arloan izan ditzaketen lankidetzak identifikatzea, batez ere, Energiaren eta Ingurumenaren arloan.

Eusko Jaurlaritza eta Hegoafrikako Gobernua 2003. urteaz geroztik garatzen ari diren lan-agendaren eta enpresa-misioen eta misio instituzionalen barruan sartzen da hegoafrikar ordezkaritzaren egonaldi hau.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen sorrera eta garapena ezagutzeko interes handia erakutsi dute ordezkari afrikarrek; Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea bisitatu dute gaur goizean, honako hauek lagun zituztela: Raquel Ubarrechena, Sareko Negozio Garapeneko eta Marketineko Zuzendaria; Pedro Urteaga, misio honetako gonbidatzaile den Tecnaliako Energiaren eta Ingurumenaren Merkatu Zuzendaria; eta Antonio Bardasco, Tecnaliako Prentsa eta Harreman Publikoetako arduraduna.

Bisita horretan, Raquel Ubarrechenak jakintzaren eta zientzia- eta teknologia-garapenaren benetako ekosistema gisa aurkeztu du Parkeen Euskal Sarea; azaldu du 511 enpresa, ikerkuntza-fundazio eta berrikuntza-zentrok osatzen dutela sare hori, eta horietako batzuk korporazio handiak direla, eta beste batzuk startupak. Gaineratu du parkeko enpresen % 22 Euskadiko haztegien eta elkartegien laguntzari eta jarraipenari esker sortu direla. Halaber, Ubarrechenak nabarmendu du parkeek garrantzi handia dutela Euskadiren ekonomian, eta 16.100 profesionali ematen dietela lana. 2016an, Euskadi osoko enpresek I+Gean egindako gastu osoaren % 40 baino gehiago inbertitu zuten parkeen sareko enpresek (urteko 494 milioi euro), eta 4.633 milioi euroko fakturazioa izan zuten.

Parkeen sorkuntzari eta geroko garapenari dagokionez, Sareko Negozio Garapeneko eta Marketineko zuzendariak azaldu du garai bakoitzera egokituz joan dela Parke Teknologikoen Euskal Sarea 30 urte hauetan, eta Euskadiko garapen ekonomikoaren eta sozialaren katalizatzaile bilakatu dela, gaur inoiz baino gehiago iraultza digitalarekin lotuta dagoen helburua. Horrela, Sareko parke teknologikoak berrikuntzari laguntzeko azpiegitura bilakatu dira; zientziaren eta teknologiaren arloko jakintzaren eta enpresen arteko elkargunea ezartzen da parkeetan, euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza-bideak diseinatzen dira eta jakintza teknologikoa gizarteari hurbiltzeko lan egiten da.

Partekatu

Beste berri batzuk