Euskadiko hizkuntza-industriek 280M euro fakturatu zituzten 2014an

Gipuzkoa

  • Zenbaki horrek esan nahi du % 0,87 hazkundea egon dela aurreko ekitaldiaren aldean. Sektoreak 5.159 lanpostu biltzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta langile-kopurua % 1,26 areagotu da joaneko ekitaldiaren aldean.
  • Datuak gaur eman dira argitara, Euskal Herriko Hizkuntz Industrien Elkarteak (LANGUNE) Donostian egin duen Urteko Asanblada Orokorrean. Elkartea 40 erakunde biltzen dituen aurreklusterra da.

LANGUNE_Batzar OrokorraEuskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hizkuntza-industrien sektoreak 280.122.244 euro fakturatu zituen iaz, aurreko ekitaldian baino % 0,87 gehiago. Sektoreak 5.159 langile ditu, hau da, Euskadin lanean dauden biztanleen % 0,50, eta horrek esan nahi du langile-kopurua % 1,26 areagotu dela 2013aren aldean.

2015eko ekitaldirako aurreikuspenen arabera, enplegua % 1,80 igoko da eta fakturazioa % 1,93, hurrenez hurren. Gipuzkoako eta Bizkaiko erakundeek nagusitasunari eusten diote, EAE osoko establezimenduen % 83 bi lurralde horietan baitaude. Datuak gaur aurkeztu dira jendaurrean, LANGUNEren urteko Batzar Orokorra egin ondoren, Donostiako Zientzia eta Teknologia Parkean.

LANGUNEk (Hizkuntz Industrien Aurrekluster Elkartea Euskal Herrian) itzulpengintzan, hizkuntzen irakaskuntzan, eleaniztasunaren kudeaketan eta hizkuntza-teknologietan lan egiten duten 40 erakunde biltzen ditu (enpresak, zentro teknologikoak, erakundeak eta unibertsitateetako ikerketa-taldeak). Enpresa elkartuek EAEko hizkuntza-industriaren establezimendu guztien % 12 osatzen dute. 40 bazkideek 51,75 M€ fakturatu zituzten iaz, eta sektoreko enplegu osoaren % 25 hartzen dute Euskadin.

LANGUNEren Batzar Orokorrean, 2014ko Ekintza Planean planteatutako proiektu eta ekimen nagusien laburpena aurkeztu dugu, eta aipatzekoa da plan hori iazko Batzarrean aurkeztutako 2014-2017 aldirako Plan Estrategikoaren emaitza dela. Hizkuntz Industriak Euskadirentzat sektore estrategiko gisa kokatzea da erronka nagusia. Ildo horretan, industria-sektore horrek honako hiru erronka hauei erantzun nahi die: euskal enpresetan hizkuntz aniztasunaren kudeaketa sartzea, espezializazio adimentsua ahalbidetzeko hizkuntz teknologiak sustatzea, eta Euskadiren hizkuntz eredua proiektatzea eremu urriko beste hainbat hizkuntzarentzat.

Jardunaldira gonbidatu gisa bertaratu dira, batetik, Jorge Jiménez jauna, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, eta, bestetik, Iñaki Tellechea jauna, SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendaria. Batak eta besteak bertatik bertara ezagutu nahi izan dituzte Hizkuntz Industrien sektoretik 2015. urterako garatzen eta planteatzen ari garen jarduera guztiak.

Elkarteko lehendakari berria
Batzar Orokorrean LANGUNEko lehendakari berria aurkeztu dugu. Joseba Bartolome izango da, Mondragon Linguako komunikazio- eta marketin-arduraduna. Zuzendaritza Batzordeak honako kide hauek izango ditu: lehendakaria, Joseba Bartolome, Mondragon Lingua erakundekoa; lehendakariordea, Leire Cancio, Elhuyar erakundekoa; diruzaina, Imanol Urbieta, Uzei erakundekoa; idazkaria, Ritxi Lizartza, Mara Mara Taldekoa; eta azkenik, bokalak, Dani Larrea, Emun erakundekoa, Eli Pombo, Iametza Interaktiboa erakundekoa, Larraitz Erize, Elduaien hizkuntz-zentrokoa, eta Juan Otegi, IK4 aliantza ordezkatuz.

LANGUNE
www.langune.com
LANGUNE Hizkuntz Industrien Elkartea Euskal Herrian 2010ean sortu zen. 2008an, sektoreko enpresez osatutako lantalde bat jarri zen martxan, Gipuzkoa Berritzen – Innobasque plataformaren barnean, eta bi urtez lanean aritu ondoren, LANGUNE elkartea eratu zuten. Gaur egun, itzulpengintzan, hizkuntzen irakaskuntzan, eleaniztasunaren kudeaketan eta hizkuntza-teknologietan aritzen diren 65 erakunde biltzen ditu. Elkartearen misioa da Euskadiko hizkuntza-industrien garapena eta lehiakortasuna sustatzea, sektorearen ikusgarritasuna eta balio erantsia handitzen duten elkarlanerako eta berrikuntzarako espazioak sortuta.

Partekatu

Beste berri batzuk