Bizkaia Euskaltel Digital Centerrek gaikuntza teknologikoa bultzatuko du udazkenean, 46 tailerren eta programazio berri baten bidez
Prestakuntza-eskaintza berria aste honetan bertan hasiko da, eta hasierako proposamenak 46 tailer barne hartzen ditu: 220 ordutik gorako prestakuntza, maila guztietako profilentzat
Zentroak ia 800 lagun prestatu ditu dagoeneko, eta irailetik azarora bitartean arlo hauetako prestakuntza indartuko du: adimen artifiziala, zibersegurtasuna, programazioa, 3D-diseinu eta -inprimaketa eta fabrikazio digitala
Bizkaia Euskaltel Digital Centerrek, Euskaltel Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako gaikuntza digitaleko zentro aitzindariak, programa indartu batekin ekiten dio udazkenari, martxan dagoenetik lehen hilabeteak igaro diren honetan. Ekainean jarri zen abian, teknologia-kanpalekuen eta herritarrentzat irekitako lehen prestakuntza-saioen eskutik, eta ordutik zabaldu duen eskaintza handitu egingo da datozen hilabeteetan, guztira 220 prestakuntza-ordu emango dituzten 46 tailerren bidez, zeinetatik 34 hasierako mailakoak baitira eta beste 12 tarteko mailakoak.
Bizkaia Euskaltel Digital Centerrek eskaintzen duen prestakuntza-proposamena askotariko profiletarako pentsatuta dago, eta haren edukiak konpetentzia digital berriak lortzera bideratzen dira, bai eta pertsonak zenbait arlo teknologikotan espezializatzera ere, edo tresna digitalak interes pertsonalagatik eskuratzera.
Proposatutako tailerretako irakasgaien artean daude, besteak beste, adimen artifiziala, Prompt Engineering, tokiko txatbotak, web-aplikazioen AA bidezko sorkuntza, Blender, Unreal Engine, Unity 3D, laser bidezko ebaketa eta 3D eskaneatzea, baita fabrikazio digitaleko eta programazioko prestakuntza ere.
Webgunean dago programa osoa eskuragarri: www.bizkaiaeuskalteldigitalcenter.eus/eu/
Prestakuntzarekiko eta garapen profesionalarekiko konpromisoa
Aurkeztutako prestakuntza-eskaintzak dinamismoa du ezaugarritzat eta aldian-aldian berritua izateko pentsatuta dago, ingurune digitalaren eskaera berriei erantzute aldera. Edukiak eta jarduerak aldatu egingo dira denboran zehar, baina helburua ez da aldatu zentroa abian jarri zenetik: konpetentzia digitalak unibertsalizatzea, herritar guztiek eskura izan ditzaten. Iragan uztailera arteko tartean —ireki ondoko bi hilabeteetan baino ez, beraz—, ia 800 lagunek hartu dute parte Bizkaia Euskaltel Digital Centerrek antolatutako jardueretan.
Zentroaren ikuspegi praktikoaren adibideetako bat Zuntz Optikoko Teknikari Instalatzaile izateko prestakuntzaren lehen edizioa izan da: lanbide-praktikak egin eta lan-merkatuan sartu ahal izan dira ikasleak ikastaroa amaitu eta berehala. Prestakuntza horren edizio berria urriaren 7an hasiko da, eta lan-praktikak egiteko konpromisoa izango du berriro ere.
Bizkaia Euskaltel Digital Center, gainera, ikasteko formatu berriak ere abian jartzen ari da, hala nola Labs izenekoak: adituen laguntzarekin eta jarraipen pertsonalizatuarekin proiektu praktikoak garatzeko gune esperimentalak. Ekimen hori osatzeko, ekosistema teknologikoarekin lotutako ekitaldi, jardunaldi eta topaketen programa bat ere egongo da.
Euskal gizarte osoari irekitako topaleku, lankidetza-gune eta prestakuntza-gune bat
BEDCren sortzetiko xedea da topaleku eta prestakuntza-gune bihurtzea beren profilak eguneratzeaz gain Euskadiko ekoizpen-sarearen funtsezko beharrei erantzun nahi dieten pertsona eta enpresentzat, enplegagarritasuna eta hazkunde pertsonala errazteko.
Helburu hori lortze aldera, maila guztietako prestakuntzaren alde egin du apustu zentroak, eta tailerren, hitzaldien eta prestakuntza osoen bidez gaitasun teknologikoak garatzeko guneak sortzearen alde.