Euskadiko Hizkuntza-Industriek beren gaitasunak erakutsi dituzte
- Langune-ren arabera, hizkuntzaren industriak Euskadin mila bat erakunde ─enpresa eta autonomo─ dira, ia 5.000 pertsonari ematen die lana eta 276 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzte.
- Hizkuntzaren industriek berrikuntzaren alde egiten dute argi eta garbi, fakturazioaren %14 batez beste I+G+b-ra bideratzen baitute, eta etengabe ari dira kanpoko merkatuak bilatzen.
- Eleaniztasunak irekitasuna eta tolerantzia sustatzen ditu, baina, gainera, Europako Batzordeak sorturiko Eleaniztasunari buruzko Enpresa Foroaren arabera, merkatu eta enpresa-aukera berriei ateak irekitzen dizkie.
Gaur goizean, Bilbon, Basque Center for Applied Mathematics-en (BCAM) egoitzan elkartu dira Euskadiko hizkuntza-industria nagusiak; hizkuntzen tratamenduarekin loturiko produktuak eta zerbitzuak diseinatu, ekoitzi eta merkaturatzea da beraien jarduera; eta “I+G+b hizkuntzetan” gai izan duen Innobasqueren Asteartearen barruan bildu dira, topaketa Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu duelarik Langune-Euskal Herriko Hizkuntzaren Industria Elkartearekin lankidetzan. Languneko zuzendari nagusia den Fernando Alanak bere hitzaldian esan duenez, Euskadin milaren bat erakunde –enpresa eta autonomo– daude hizkuntzaren industrian, 5.000 pertsonari ematen die lana, eta guztien artean enpresa irtenbideak eskaintzen dituzte erabiltzaileekin eta beren artean komunikazioa errazteko, eta 276 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzte.
Baita ere parte-hartzaile izan dira Joseba Erkizia, HABEko zuzendaria; Esther Villar, Tecnaliako ikertzailea; Izaskun Fernández, IK4-Tekniker-eko ikertzailea; David Villar, Mondragon Linguako Itzulpen eta Komunikazioko arduraduna; Igor Leturia, Elhuyar- eko Hizkuntza Teknologien I+G zuzendaria; Paz Delgado, Natural Vox-eko Ezagutze- zuzendaria; Jesús María Pérez, Dualiako Merkataritza eta Komunikazio zuzendaria; Lorea Gómez, Basque Center for Applied Mathematics-eko (BCAM) gerente orokorra; eta Matilde Elexpuru, Innobasqueko Zuzendaritza Batzordekoa eta Traductores e Intérpretes-Tisako zuzendaria.
Alanak hizkuntzaren industrien erradiografia zehatza egin du, lau jarduera- segmentutan zatituta: arautu gabeko hizkuntza-irakaskuntza, itzulpena eta interpretazioa, hizkuntza-edukien garapena, eta hizkuntza-teknologiak. Aipaturiko segmentuek portaera ezberdina izan zuten 2012. ekitaldian: irakaskuntzak %6,3 gehitu zuen fakturazioa, baina gainerako segmentuek datu negatiboak izan zituzten. Gainera, Alanak esan du industria hauek berrikuntzaren alde egiten dutela argi eta garbi, batez beste fakturazioaren %14 bideratzen baitute I+G-b-ra, eta gainera kanpoan merkatu bila dabiltza, eta horretarako enpresen tamaina murritza gainditu behar dute, eta Euskal Herritik kanpo merkatura ditzaketen produktu espezifikoak garatu. Alanak nabarmendu du eleaniztasunak irekitasuna eta tolerantzia sustatzen dituela, baina, gainera, merkatu eta enpresa-aukera berriei ateak irekitzen dizkiela; hori da Europako Batzordeak sorturiko Eleaniztasunari buruzko Enpresa Foroaren txostenean (“Hizkuntzek negozioak errazten dituzte. Hizkuntzak dituzten enpresek etekin handiagoa ematen dute”) ondorioztatzen dena.
Eleaniztasuna eta kulturaniztasuna
Gomezek nabarmendu du BCAM erakunde eleaniztuna eta kulturaniztuna dela, une batzuetan 24 nazionalitate biltzera iritsi dena, eta hizkuntza nagusia ingelesa duena; beraz, egoki kudeatzea komeni da hain bereziak diren ingurune hauek. Honela, Erkiziak iragarri du Eusko Jaurlaritzaren gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa, edonork dohainik erabil dezakeena, laster prest izango dela euskara-gaztelania eta ingeles- euskararako.
Bestalde, berezko hizkuntzaren eta semantikaren prozesaketaren inguruan, Tecnalian egiten ari diren ikerketa azaldu du Villar-ek, harreman “naturalagoak” ezar daitezkeelarik makinekin harremanak izaterakoan; IK4-Tekniker-eko Fernandezek, berriz, informazio-sistema adimendunetan oinarritzen du bere lana. Harenak bezalako ikerketen emaitzak gero zenbait proiektutan oinarritzen dira, Mondragon Unibertsitatea, CIC Tourgune eta Elhuyar turismoaren eta marketinaren inguruan zertzen ari direna bezalakoa.
Beste enpresa batek, Mondragón Linguak, nazioartekotze maila handia duen Orona kooperatibarentzat garatu duen berariazko prestakuntza-sistema azaldu du; izan ere, honek Estatu Batuetako hiriburuan ireki duen bulego berriak zubi-lana egiten du merkatu latinoamerikarraren eta anglosaxoiaren artean. Baita ere aipatu dute irabazi asmorik gabe parte hartzen dutela Translators Withour Borders gobernuz kanpoko erakundean, hondamendien kasuan zerbitzu emanez beraien presentzia behar den lekuan, bertako biztanleen eta laguntza ematera joaten direnen artean komunikazioa erraztuz.
Erabiltzailearekiko komunikazioa hobetzen duten irtenbideen atalean ahots- ezagutzaren berri eman da, Natural Vox-en eskutik banku eta aseguru-etxeen bezeroen arretarako erabilia. Halaber, Dualiak bere zerbitzu berritzaileetako bi aurkeztu ditu: Pack Dualia eta By-box. Lehenengoa Osakidetzako ospitale guztietan eta Eudel-Euskal Udalerrien Elkarteko udalen gizarte-zerbitzuetan egoten da, telefono- lineari konektaturiko tresna baten bidez aldi bereko itzulpen-zerbitzua eskaintzen baitu, eta hizkuntza bera hitz egiten ez duten erabiltzailea eta funtzionarioa denbora errealean elkar komunikatzea ahalbidetzen du. By-box itzulpen eta interpretazio-zerbitzuen lehenengo on-line plataforma da, hizkuntza-zerbitzuak biltzen dituena: telefonozko interpretazioa, testu-itzulpena eta testu edo irudien aurreko itzulpena.
“Innobasqueren Astearteak” ekinbidearekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.