Euskadiko LHk DBHko 200 ikasle bilduko ditu Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, haiengan teknologiarekiko eta zientziarekiko interesa pizteko

Gipuzkoa

  • Hetel eta Ikaslan elkarteek, Euskadiko LHko itunpeko ikastetxeen eta ikastetxe publikoen sarearen ordezkariek, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearekin batera, Esperientziaren I. Foroa antolatu dute, Euskadiko Lanbide Heziketak dituen aukerak azaltzeko eta enpresen errealitatearen berri emateko
  • Zuzen-zuzeneko testigantzak egongo dira, eta bisitak egingo dira Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko enpresetara
  • Inaugurazioan, datorren ostiraleko 9:30ean, Raquel Ubarrechena Parkeko Berrikuntzako zuzendariordeak eta Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak hartuko dute parte

Flyer_DEF_Página_1Martxoaren 10ean, ostirala, Hetel eta Ikaslan elkarteek, Euskadiko LHko itunpeko ikastetxeen eta ikastetxe publikoen sarearen ordezkariek, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearekin batera, DBHko 4. Mailako 200 ikasle bilduko dituzte Esperientziaren I. Foroan, haiengan teknologiarekiko interesa pizteko, teknologia haientzat erakargarria izan dadin, eta Lanbide Heziketa enplegagarritasun-maila handiko lan aukera gisa sustatzeko, batik bat industriarekin lortutako adarretan. Ekimen horri esker, gazteek Parkeko enpresen errealitateak ezagutuko dituzte, eta ikusiko dute zein diren gehien behar diren profilak, zer jarrera behar diren eta zer erronka aurkituko dituzten, ahalik eta prestakuntzarik osoena lortzeko.

Zientziarako bokazioak falta dira euskal gazteen artean. Eta gabezia hori oso kezkagarria da Euskadiko industriaren etorkizunera begira, eta bai ugazaben elkarteek bai Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan mahai gaineratu dute. Euskadiko Lanbide Heziketak arazo hori desagerrarazi nahi du, edo, behintzat, txikiagotu, euskal industriak teknikari kualifikatuak behar dituela ahaztu gabe.

Jardunaldia

Hain zuzen, DBHko 4. mailako 200 ikasle, 15 eta 16 urtekoak, Gipuzkoako  Zientzia eta Teknologia Parkera joango dira martxoaren 10ean. Jardunaldia 9:30ean hasiko da Parkeko entzunaretoan, Raquel Ubarrechena Parkeko zuzendariorde nagusiaren eta Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariaren eskutik. Hain zuzen, Parkearen eta hango enpresen jarduerari buruzko azalpen laburra emango da. Inaugurazioaren ondoren, Likuid eta BIC Gipuzkoa enpresek euren esperientzia azalduko dute. Ondoren, mahai inguru bat egingo da. Hartan, Lanbide Heziketako zikloa amaitu duten edo oraindik etapa horretan dauden ikasleek zer prestakuntza eta lan esperientzia izan duten azalduko dute, eta nola erabaki zuten LH ikastea edo, zenbait kasutan, nola sortu duten euren enpresa.

11:30etik aurrera, bisitak egingo dira Gipuzkoako Teknologia Parkeko zenbait enpresatara, hala nola IKUSI,  BCBL, SPYRO, IBERMATICA, VICOMTECH, TECNALIA, EITB, PERNOD RICARD eta VIVEbioTECH enpresetara. Ikasle bakoitza bi enpresatan egongo da, nola funtzionatzen duten eta zer behar profesional dituzten zuzen-zuzenean jakiteko. Horrenbestez, enpresa teknologikoetako zenbait lan ingurune ezagutuko dituzte, eta imajinatuko dute etorkizun hurbilean beraiek azaldu beharko dietela beste gazte batzuei zeinen dibertigarria eta zoragarria den euren lan teknologikoa.

Partekatu

Beste berri batzuk