Euskadiko Parke Teknologikoak emaitza positiboekin itzi du 2023. urtea, eta zorroan proiektu berriak izanik ekin dio hedapen- eta hazkunde-prozesuari
Parkeak 660 enpresa biltzen ditu, % 90etik gorako okupazioa du, eta energia, mugikortasun eta osasun arloetako eraldaketa proiektuak finkatu ditu
“Multicampus” ereduak kudeaketa iraunkorra eta digitala ahalbidetzen du, eta horren bidez, enpresek 8,9ko balorazioa ematen diote Parkeak ematen dien zerbitzuari
Etorkizunean parkea hedatu egingo da Vitoria-Gasteiz Campusean eta Donostia Campusean Illunbe aldera, eta Bilbon, Ortuellan eta Hondarribian Campus berriak izango ditu
Gaur goizean, “Euskadiko Parke Teknologikoaren abagunea: Egoera eta etorkizuneko garapena ”izeneko informazio-saioa egin da Euskadiko Parke Teknologikoaren Vitoria-Gasteizko Campusean. Bertan, Parke Teknologikoak azken lau urteetan lortutako emaitza nagusien errepasoa egin da, eta etorkizun hurbilean izango dituen erronka nagusiak aurkeztu dira.
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Estibaliz Hernáez Euskadiko Parke Teknologikoko presidentearekin eta Itziar Epalza zuzendari nagusiarekin batera, Parke Teknologikoaren azken lau urteetako kudeaketari buruzko daturik garrantzitsuenak eman ditu ezagutzera. Izan ere, azken lau urte horietan 2024ko Plan Estrategikoa indarrean egon da maila guztietako hedapen- eta hazkunde-prozesuari aurre egiteko funtsezko tresna gisa.
Horrela, jardunaldian, aurreikusitako adierazleetan lortutako arrakasta-maila handia nabarmendu da. Arrakasta hori hauetan gauzatu da: Campus berri bat abian jartzea (Abanto), eraikin berrien eraikuntza Zamudio/Derio, Vitoria-Gasteiz, Donostia eta Hernaniko Campusetan, eta hiru Campus berri gauzatzeko prozesuaren hasiera: Ortuella, Bilbao eta Hondarribia.
Parke Teknologikoaren historian lehen aldiz, 2023an emaitzen balantzea positiboa izan da hiru lurraldeetan. Parkearen dinamismoa eta jarduera direla eta, urte hauetan zehar 95 milioi euroko 22 kapital-handitze egin dira, eta 2012 eta 2022 artean metatutako inbertsioa 165 milioi eurotik gorakoa izan da.
Okupazio handiak Parke Teknologikoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan handitzea eskatzen du
Era berean, oso positibotzat jo dira 2023an eraikinetan eta partzeletan lortutako okupazio-zifrak, izan ere Campus nagusietan % 90etik gora heldu dira. Donostiaren kasuan, eraikinen okupazioak ia % 100 inguruan dago, eta horrek agerian uzten du azkar jardun behar dela Gipuzkoako Parke Teknologikoa handitzeko, Donostiako Campusa hedatuz (Illunbeko eremuan jardunez) eta Hernani eta Hondarribiako Campusak abian jarriz (horretarako, beharrezkoa da udalerriko HAPO berria izatea).
Ildo horretan, gogorarazi da Parke Teknologikoa zientzia eta teknologiaren euskal ekosistemaren funtsezko eragile dela. 660 enpresa biltzen ditu (Euskadin ezarritako enpresa guztien % 1a), eta 22.000 pertsona inguruk egiten dute bertanlan, erdiak goi-mailako titulazioa dutenak.
“Multicampus” eredua parke konektatuekin
Parke Teknologikoaren egungo egoeraren funtsezko alderdi gisa, hauek aipatu dira: duela gutxi abian jarri den “multicampus” eredu berria, GJHetan oinarritutako estrategiaren garapena, Parke Berdea eta Parke Smart ekimenak, enpresa eta profesionalentzako zerbitzu bereizgarrien katalogo berria, eta gizarte arloko konpromisoa.
Lurraldeka, hauek izan dira jarduketa nabarmenenak: Araban, milioi bat metro karratu handitzeko hirigintza-izapidetze prozesua ireki da, eta Estatuko Parke Teknologiko baten lehenengo MPN 5G sare pribatua jarri da abian. Proiektu estrategiko garrantzitsuak ere zehaztu dira, hala nola AVS Next, Basquevolt, Robotekin edo Vitoria-Gasteiz MobilityLab, haize-tunela martxan jarri da eta Marie Curie eraikina osorik okupatu da.
Bizkaiko berrikuntzen artean, protagonista Euskadik energiaren arloan izango duen posizionamenduan funtsezkoa izango den Abanto Campusaren inaugurazioa izan da, eta Zorrotzaurre uhartean Bilbao Campusa sortzeko hitzarmena sinatu da. Ortuella Campusa elikagaien berrikuntzarako gune gisa garatuko zela ere iragarri zen, eta proiektu estrategiko berriak aurkeztu ziren Zamudio/Derio Campusean (CFAA, EIC, FAES Pharma edo Sener).
Gipuzkoaren kasuak Bizkaiaren antzeko ibilbidea izan du. Izan ere, eraikin berrien eta proiektu estrategikoen, Viralgen edo Fabrika, esaterako, eta Graphenea edo Vicomtech enpresen hazkundearen bidez egingo den Donostiako Campusaren handitzea, Hernani Campusaren finkapenarekin (Couth enpresaren egoitza berria eta eraikin eko-jasangarri berriaren iragarpena) eta Hondarribia Campusa sortzeko lehen urratsekin uztartu dira.
Hazkunde jasangarria eta digitala
Etorkizuneko erronkei dagokienez, Euskadiko Parke Teknologikoaren kudeaketaren arduradunek hainbat alderdi global aipatu dituzte, hala nola MPN 5G sarearen garapena campus guztietan, erregai fosilen pixkanakako ordezkapena, energia berriztagarrien eta autokontsumoaren bultzada, edo Digital Twins-en ezarpena eraikinetan, azpiegituretan eta urbanizazioan.
Lurraldeka, Arabaren erronkak hauek dira: datuaren ekonomiako eta zibersegurtasuneko jardueretarako eraikin berriak martxan jartzea, laborategietarako eraikin berria eraikitzea, espazio errealetan konektatutako mugikortasun-soluzioak probatzeko living-a sortzea, eta, batez ere ,hazten eta Campusa hirira hurbiltzen jarraitzea.
Bizkaiko erronkak desberdinak dira Campusen kokapenaren arabera. Bilbon, hegoaldean dorre bat eraikitzeko aukera, osasun eta Biozientzia proiektuak hartzeko eta geotermia proiektua prestatzeko. Abanton, hidrolinera eta hidrogenoaren livinglab delakoa martxan jartzea. Ortuellan, lehen harria jartzea. Eta Leioako Campusean, ikasleen egoitza martxan jartzea.
Azkenik, Gipuzkoan, Donostiako Campusaren erronka nagusia hau da: Donostiako Udalarekin akordioa sinatzea campusa hedatzeko eta Ilunbeko lehen eraikina eraikitzeko; Hernani Campuseko eraikin berriaren obrak hastea; eta Hondarribia Campusaren proiektua aurreratzea eta sendotzea, behin udalerriko HAPO berria dagoenean.