Euskadiko Parke Teknologikoak, enpresen merkatu profesionaleko erronkei erantzuteko ikastetxeetako ikasleek sortutako 300 curriculum vitae proposamen baino gehiago jaso ditu

K·talent, Konpromisoa

LH/Parke ekimenak bederatzigarren edizioa beteko du aurten, eta EAEko batxilergoko 1. mailako 20 ikastetxetako 1.000 gazte inguru bildu ditu Zamudio/Derio, Donostia eta Vitoria-Gasteiz Campusetan, enpresa-esparruarekin eta lanbide-heziketarekin harreman zuzena sustatzeko

Aurten, Parke Teknologikoko 34 enpresa parte-hartzaileen errealitatera egokitutako eta jardueraren eta beharren araberako CVa sortzeko erronka planteatu zuten antolatzaileek

Euskadiko Parke Teknologikoak Batxilergoko 1. mailako 1.000 ikasle ingururen bisita jaso du gaur, Parke Teknologikoak HETEL eta Ikaslanekin batera antolatutako FP/Parke ekimenaren esparruan. Bertan, Parke Teknologikoko enpresa baten egungo eta etorkizuneko beharretara egokitutako LHko prestakuntza duen pertsona baten Curriculum Vitae “idealaren” proposamenak aurkeztu dituzte.

LH/Parke ekimenaren antolakuntzak aurtengo edizioan parte hartu duten 20 ikastetxeetako ikasleei planteatutako erronka zen CV horiek sortzea. Horretarako, erronkan parte hartu duten 34 enpresetako baten errealitatea aztertu behar izan dute. Proposamen irabazleak, Gasteizko Egibide zentroak AJL Ophtalmic (Vitoria-Gasteiz Campusa) enpresarentzat; Muskizko Somorrostro zentroak Sisteplant-entzat (Zamudio/Derio Campusa); eta Andoaingo La Salle Berrozpe zentroak Viralgen-entzat (Donostia Campusa) egin dituztenak izan dira.

LH/Parkeren bederatzigarren edizioa aldi berean hasi da Zamudio/Derio, Donostia eta Gasteiz Campusetan. Bertan, Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoko zuzendari nagusiak, Javier Laiseca HETEL Bizkaiako arduradunak eta Begoña Andres Ikaslan Bizkaiako presidenteak hartu dute parte. Aurretik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak ongietorria egin diete bertaratutakoei, bideo bidezko konexio baten bidez.

Jarraian, eta hiru Campusetako bakoitzean, LHko ikasleentzat interesgarriak diren gaiei buruzko hainbat mahai-inguru egin dira. Lehenengoan, prestakuntza duala aztertu da proiekzio-alternatiba gisa, eta industria-zikloan jarri da arreta; aukera horrek emakumeen presentzia txikia du, baina ibilbide luzea ematen dio kolektibo horri. Era berean, lan-merkaturako jauzia prestatzeko gero eta aukera interesgarriagoa aurkeztu da: atzerriko praktikak, Erasmus+ beken bidez.

Bigarren mahaian, LHko ikasketak amaitu ondoren planteatzen diren aukeretara zuzendu da saioa. Kasu horretan, besteak beste, espezializazioa edo unibertsitate-gradua aukera daiteke. Halaber, jakina, prestakuntza amaitzen duen ikasleak ekintzailetzaren eta bere enpresa sortzearen aukera har dezake kontuan.

Curriculum Vitaearen Erronka

Mahai-inguruen ondoren, epaimahaiak CVren “erronkaren” inguruan hartutako erabakiaren berri eman da. Nabarmendu den bezala, gehienez 4 parte-hartzaile izan dituzten taldeek landutako 300 proposamen baino gehiago jaso dira. Proposamen horietan egokitu zaien enpresaren informazio nagusia bildu, CVa diseinatu eta LHko gaitasunak konpainiaren jarduerarekin lotu behar izan dituzte. Emaitzak, enpresa pertsona hori kontratatzera bultzatzeko lanbide-profil bat sortu behar zuen.

Proposamen irabazleak aukeratzeko baloratu diren irizpideak bost kontzeptu handiren inguruan oinarritu dira: gaur egun dauden LHko zikloen prestakuntza eta enpresaren jarduerarekin bat datorren espezialitate bat sartu diren ala ez; CVko pertsonak aplikatzen den enpresaren jarduerarekin bat datorren jarduera duen beste enpresa batzuetan esperientziarik ote duen; sektoreko enpresetan lan-esperientziarik duen ala ez eta enpresek baloratzen dituzten trebetasunen deskribapen ona egiten ote den.

Beste alde batetik, hauek izan dira edizio honetan parte hartu duten 34 enpresak: AEG POWER SOLUTIONS IBERICA, AJL OPHTHALMIC, LEK INGENIERIA Y SERVICIOS, OPTIMUS 3D, AVS NEXT, BASQUEVOLT, BIC ARABA, CTL PACK, GUASCOR, DORLET, SPC, TECNALIA RESEARCH & INNOVATION eta ALESTIS AEROSPACE, Gasteiz Campusean; CFAA, ESS BILBAO PARTZUERGOA, VODAFONE ESPAÑA, INGETEAM, ITELAZPI, SISTEPLANT, AYESA, ZIV APLICACIONES Y TECNOLOGÍA, BIOLAN MICROBIOSENSORES eta TECNALIA RESEARCH & INNOVATION, Zamudio/Derio Campusean; eta AYESA, EITB MEDIA, TECNALIA, VIRALGEN, CIDETEC, VIVEBIOTECH, TSS-SPYRO, GEMINYS, CIC BIOMAGUNE eta BCBL, Donostia Campusean.

Proposamen irabazleak iragarri ondoren, ikasleak LH/Parkeko edizio honetan parte hartu duten enpresetara joan dira, eta, horrela, konpainia teknologikoen errealitatea ezagutu ahal izan dute. Ekimen honen aurtengo edizioan 1.000 ikaslek (420 Bizkaikoak, 370 Gipuzkoakoak eta 210 Arabakoak), 20 ikastetxek eta 34 enpresak hartu dute parte. Hasieratik, LH/Parkek 6.300 ikasle baino gehiago mobilizatu ditu.

LH/Parke ekimena

LH/Parke, Lanbide Heziketako Ikaslan eta HETEL elkarteek eta Euskadiko Parke Teknologikoak antolatutako ekimena da, eta Lanbide Heziketaren ikuspegitik ikasleen artean lanbide zientifiko-teknologikoekiko interesa piztea du helburu. Horretarako, Batxilergoko lehen mailako gazteei zuzendutako jardueren ibilbide bat antolatzen da.

LH/Parke ekimenak, bokazio zientifiko-teknologikoen esparruan bikaintasun-jardunbideak aintzatesteko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Innobasquek antolatutako STEAM Euskadi Sarien bigarren edizioan lortutako STEAM Euskadi zigilua du. Bigarren edizio hartan finalista izan zen.

Partekatu

Beste berri batzuk