Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak Deustuko Unibertsitatea-Inspira STEAM proiektuarekin berritu eta zabaldu egin du lankidetza-hitzarmena

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Konpromisoa

Inspira STEAM nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko proiektua da. Horren oinarria zientziaren, ikerketaren eta teknologiaren munduko emakume profesionalek emandako sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzak dira

Aurreko edizioetan izandako arrakasta ikusita, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak proiektuarekin egindako lankidetza-akordioa berritu eta zabaldu du, eta hala, lehen hezkuntzako ikasleen artean aukera handi gisa Inspira STEAM hazteko eta sendotzeko jarduera-ildo berriak zabaldu ditu

Parkeek boluntariotza korporatiboa jarriko dute martxan horietan dauden enpresetako gizon-emakumeen artean

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta Deustuko Unibertsitateak berritu eta zabaldu egin dute Inspira STEAM proiektuarekin egiten ari diren lana indartzeko eta horretan jarraitzeko. Proiektu horren helburua da lehen hezkuntzako ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea.

Inspira STEAM proiektu aitzindaria da, 2016-2017 ikasturtean jarri zen martxan Euskadin, eta gerora, izandako arrakasta ikusita, beste zenbait lekutan dagoeneko martxan dago, hala nola Katalunian, Andaluzian, Madrilen, Asturiasen, Galizian eta Murtzian, eta ikasle mota horien artean STEAM lanbideak sustatzeko taldekako mentoring teknika erabiltzen den lehen aldia da.

Proiektuaren funtsezko oinarria gizarte bidezkoagoa eta orekatuagoa eratzea da, genero-rolak desprogramatuz eta dauden estereotipoak ezagutaraziz, ikasketak aukeratzean baldintza ez ditzaten. Helburu hori gizonek eta emakumeek elkarrekin lan eginez soilik lortuko da, eta beraz, garrantzitsua da gizonek ere esku-hartze aktiboa izatea aldaketa horretan. Horretarako, bi erakundeek gizonezko mentoreen irudia sartzea erabaki dute: emakumezko mentoreek egiten duten lanari laguntzen dioten gizonak.

2019-2020 ikasturtean 228 emakume mentore eta 21 gizonezko mentore izan dira, eta horien bidez, 2.300 neska-mutilengana iritsi gara Euskadin. Mentoreek 6 saiotan lan egiten dute; horietan zenbait gai lantzen dituzte, hala nola inguruan ditugun estereotipoak, STEAM lanbideak edo egungo zientziaren eta teknologiaren historiako emakumeak.

PROIEKTUAREN GAKOAK

  • Egungo emakume teknologoen erreferentzia berriak ematea.
  • Neska-mutilen artean STEAM lanbideak ezagutzea.
  • Herrialdearen garapenerako emakume eta gizonak behar izatearen kontzientzia zabaltzea.
  • Teknologia arloko karrerei buruzko sentsibilizazioa eta orientazioa.
  • Emakume teknologoak bistaratzea eta balioa ematea.
  • Dauden estereotipoak ezagutaraztea, ikasketen aukeraketa baldintza ez dezaten.

PARKEEN ETA INSPIRA STEAM ARTEKO JARDUKETA ILDOAK

Proiektu hau ahalik eta gehien zabaldu behar da, urte batzuetan neska-mutil kopuru handienera iritsi ahal izateko, horregatik da garrantzitsua jarduketekin jarraitzea eta bi erakundeen arteko lankidetza zabaltzea.

Lankidetza hori oinarri hartuta, bi erakundeen arteko aukera eta sinergiak bilatzen lan egingo da; ekintza zehatzak antolatu, jarduerak garatzeko Parkeen Sareak espazioak utzi, proiektua zabaldu, Parkeetako emakume profesionalak bistaratu eta aitortu edo boluntariotza korporatiboa sustatu.

BOLUNTARIOTZA KORPORATIBOA

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 2020-2021 ediziorako “Inspira-Steam Boluntariotza Korporatiboa” jarriko du martxan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako STEAM arloekin lotutako profesionalek beren borondatez proiektuan parte hartu ahal izan dezaten eta Euskadiko lehen hezkuntzako milaka neska-mutilengana iritsi ahal izateko. Hala, lehen eskutik ezagutuko dute parte-hartzaileen lana eta ibilbidea, eta proiektuaren azken helburua lortzen lagunduko dute.

Partekatu

Beste berri batzuk