Euskadiko Teknologi Parkeek berrogeitahamarretik gora ekintza eskainiko dituzte igandean, ate irekien jardunaldian

Araba

  • Euskadiko Zientzia Astearen barruan kokatuta eta aurten “Igo Zientzia eta Teknologiaren Ontzira” goiburupean, zientzia eta teknologia gizarteratzea du helburu ate irekien jardunaldiak.

Urtero legez, aurten ere Euskadiko Teknologi Parkeek “Ateak Zabaltzeko Eguna” egingo dute azaroaren 18an, igandez; aukera ezin hobea Teknologi Parkeetan eta bertako enpresetan egiten den lana bertatik bertara ezagutzeko modu dibertigarri eta erakargarrian. Adin guztietarako berrogeitahamarretik gora ekintza antolatu dira, honezkero famili askorentzat ohiko hitzordu bihurtu den ate irekien egun honetan.

Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren astearen barruan kokatuta, Ateak Zabaltzeko Egunaren helburu nagusia zientzia, teknologia eta berrikuntza gizarteari hurbiltzea da; honekin batera, teknologia berriak, ikerketa, garapena eta berrikuntzan oinarritu eta ingurumen kalitate handiko industria eremu baten eredua erakustea.

Arabako Teknologi Parkea (Programa ikusi)

XV. Ateak Zabaltzeko Eguna egingo du Arabako Teknologi Parkeak igandean. Goizeko 10:00etatik 14:00tara, adin guztietarako jardunak egingo dira bertan. Besteak beste, 16 jokalarirentzat mahai-futbol erraldoia, ludoteka, ohe elastikoak eta puzgarriak.

Tailerrei dagokienez berriz, adin desberdinetara zuzendutako tailerrak egongo dira:

– Ekimen ekintzaileari buruzko tailerra.

– Margolaritza tailerra, Victoria Fernandez Mingorance artistaren eskutik.

– Enkitherapy eskumuturrekoen tailerra.

– Makillaje tailerra

– Zirku tailerra

– Tailer zientifikoak: Arrautza, ingurua eta formak; Argia, erlea eta energia; BCCulinary labs; Tecnalia

Honekin batera hitzaldi bat ere izango da CTAn, Zergatik ez dira hondatzen satelite espazialak? Espazio-teknologia: aplikazioa eta entseguak goiburupean, Mikel Herran Fernandezen eskutik.

Txu txu trenak berriz, parkea bertatik bertara ezagutzeko aukera emango die Arabako Teknologi Parkera hurbiltzen direnei.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea (Programa Ikusi)

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen XIII. Ate Irekien Eguna izango da aurtengoa. 10:00tan hasi eta 14:00 bitartean, haur, gazte eta helduentzako hainbat ekintza egingo dira bertan.

Aurten ere, hainbat enpresak zabalduko dituzte ateak, bertan egiten duten lana erakutsi eta beste hainbat ekintza eskaintzeko:

– 101 eraikina: Tailerrak, Jolas didaktikoa, Aeromodelismo, Bioeskola BBK, Zuhaitzen ibilbidea, Segway Zirkuitoa, Euskaltel-Euskadi autobusa, Suhiltzaileen kamioia, txosna, euskal dantza, euskal musika eta 13:30etan Magia Ikuskizuna, Daniel Ross magoaren eskutik.

– Ingeteam: Haurrentzako tailerrak, tren elektrikoa, globoen banaketa eta puzgarriak.

– Gaiker-IK4: Bisita gidatuak eta haurrentzako ingurumen eta berziklapenari buruzko tailerrak.

– Ibea Taldea: Mineral eta meteoritoei buruzko tailerra eta esperimentu kimikoak.

– Neurogenomiks: Laborategietara bisita gidatuak.

– Idoki: Aurpegiko azalaren azterketa eta laborategietara bisita.

– Azti-Tecnalia: Produktuen analisi sentsoriala

– Aisia-Derio Hotela: Bi pertsonentzako “Relax Gastronomiko berezia” zirkuito baten zozketa.

– Golf Pitch-Putt Derio – 15 minutuko golf ikastaroa.

– 502 eraikina: Mahai-futbol solidarioa eta Tailerra

Honez gain, BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa bisitatzeko aukera izango da egun horretan, mundu digitala, nanoteknologia, bioteknologia edota errobotikan zehar ibilbide bat egiteaz gain, bertan egingo den tailerrean parte hartu ahal izango dute gazteek. 12:30etan berriz, Miragarri taldearen gimnasia erritmikoko ikuskizuna hartuko du BTEKek.

Aurtengo berrikuntzarik azpimarragarriena, Bioeskola BBK egitasmoaren inguruan garatu da. Joan den maiatzean aurkeztutako proiektua, nekazaritza-ekologikoko ustiategi bat egitean datza egitasmoa: 10 negutegi izango ditu, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 24 pertsonak egingo dute lan bertan eta Teknologia Parkean salduko dituzte ortuan lortutako produktuak. Emaus Gizarte Ekimeneko Elkarte Kooperatiboak, BBK Gizarte Ekintzak eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak bultzatutako proiektua da, Osakidetza-Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Zamudioko Udala eta Innobasqueren partehartzearekin.

Egitasmoa oinarri hartuta, Bizkaiko Parkeak bertoko hiru elementu uztartu ditu, Bioeskola BBK, Azti-Tecnalia eta Gaminiz Jatetxeko Aitor Elizegi, aurtengo Ate Irekien Eguneko Pintxoa asmatzeko. Elizegi sukaldariak Azti-Tecnaliako sukalde esperimentalean garatuko du ate irekien eguneko pintxoa, Zamudioko ospitaleko ortu ekologikotik hartutako produktuekin. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkera hurbiltzen direnek, 12:00-14:00 bitartean izango dute pintxoa dastatzeko aukera Gaminiz Jatetxean.

Txu-txu trenak eta bi pisuko autobus turistikoak etengabeko ibilbideak egingo dituzte parkeko eraikin nagusitik gainerako eraikinetara jendearen joan-etorria errazteko.

Donostiako Teknologi Parkea (Programa ikusi)

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Eureka! Zientzia Museoan egingo dira Donostiako Teknologi Parkeko Ate Irekien eguneko ekintzak. Bere XIII. edizioan , 11:00etatik 19:00etara, haur, gazte zein helduentzako jardunek osatzen dute egitaraua:

– Elektrizitate ikuskizuna

– Planetarium txiki

– Planetarium

– Ura laborategian

– Kimika bizirik

– Segway zirkuitoa

– Garraio iraunkorra

– Graffiti laser

Argazki Digitalaren IX. lehiaketa ere egingo da, 16 urtetik beherakoentzat.

Eta honekin batera, Donostiako Teknologi Parkean kokatutako honako enpresek beraiek egiten duten lana erakutsiko dute: I2Basque, Luix, Elkargi, Tecnalia, Bic Berrilan, Ikerchem eta Cita-Alzheimer.

Partekatu

Beste berri batzuk