Euskadin doitasunezko metrologia industriala sustatzeko aliantza teknologikoa
ZEISS enpresa alemaniarrak eta Tekniker zentro teknologikoak ZEISS Quality Excellence Center inauguratu dute. Teknikerreko Metrologia laborategian dago, eta neurketa-, kalibrazio- eta kalitate-kontroleko zerbitzu aurreratuak eskainiko ditu, zero akatseko ekoizpena bultzatzeko
ZEISS enpresa alemaniarrak, metrologia multidimentsionaleko soluzioetan liderrak, eta Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, ZEISS Quality Excellence Center (QEC) aurkeztu dute. Espazio berri horrek zerbitzu aurreratuak eskainiko dizkio industria-sareari neurketan, kalibrazioan, teknologiako aholkularitzan eta ekoizpen-sistemen kalitate-kontrolean.
Inaugurazio-ekitaldia Teknikerreko Metrologia Dimentsionaleko laborategian egin da, neurketa-teknologiak egongo diren lekuan, eta bertan izan dira, besteak beste, Anita Sonnenfroh, ZEISS Iberiako zuzendaria; Juven Mollá, IQS Iberiako zuzendaria; Jon Mabe, Teknikerreko Merkatu zuzendaria; eta Gorka Kortaberria, Teknikerreko Metrologia Industrialeko zuzendaria. Jardunaldian, espazio berriaren gaitasunak eta automobilgintza edo aeronautika bezalako sektoreen behar zorrotzenei erantzungo dien ekipamendua aurkeztu dira.
“Teknikerren integratu dugu metrologian dugun azken teknologia, gure ekipo aurreratuenak barne, industria-prozesuetan ahalik eta zehaztasun eta fidagarritasun handiena bermatzeko. Neurketan dugun esperientzia eta Teknikerren espezializazio teknologikoa uztartuko ditugu, prozesuaren etapa bakoitzak kalitate-estandar altuenak betetzen dituela ziurtatzeko “, nabarmendu du ZEISSeko Juven Mollak.
Neurketa industrialen zientzian oinarritutako espazio berriak ZEISSen azken belaunaldiko lau ekipo ditu, geometria libreetan, material berezietan eta doitasun handiko piezetan neurketa konplexuak egiteko gaitasun eta teknika desberdinak dituztenak. Gainera, bi aldeen eta hirugarrenen arteko prestakuntza sustatuko da, teknologiak behar bezala aplikatzen direla bermatzeko eta ahalik eta etekin handiena lortzeko.
“Lankidetza honek ZEISSen ekipo eta teknologietara sarbidea ematen digu, gure gaitasunak zabaldu eta neurketa industrialerako irtenbide osoagoak garatu eta ikertu ahal izateko”, adierazi du bere aldetik Tekniker-eko Gorka Kortaberriak.
Horrela, ZEISSek eta Teknikerrek berrikuntza teknologikoarekin eta etengabeko hobekuntzarekin duten konpromisoa indartzen du espazioak, ekoizpen-prozesu zehatzagoak bultzatuz eta zero akatseko fabrikaziorako trantsizioa bultzatuz.