Euskal enpresa bat elkarlanean ari da AEBetako zenbait unibertsitate eta ospitalerekin tumore inbaditzaileen aurkako tratamenduak garatzeko
- Oncomatrixek biosendagaiak garatuko ditu Cistatina-C izeneko giza-proteina batekin. Aipatu proteina bularreko eta pankreako tumore inbaditzaileak tratatzeko osagai aktibo gisa erabiliko da, horien hilkortasun-tasa oso altua baita.
- National Jewish Health ospitaleko eta Case Western Reserve University unibertsitateko ikertzaileek frogatu dute Cistatina-C erabilgarria dela bularreko eta beste ehun batzuetako tumore inbaditzaileei erasotzeko.
Tumore inbaditzaileak tratatzeko biosendagai pertsonalizatuak garatzen dituen eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatuta dagoen euskal enpresa batek –Oncomatrix– hitzarmen bat adostu du Estatu Batuetan dauden National Jewish Health ospitalearekin eta Case Western Reserve University unibertsitatearekin. Hitzarmenaren arabera, Cistatina-C giza-proteina osagai aktibo gisa erabiliko du Oncomatrixek, inbasio-aldietan dagoen minbiziari aurre egingo dioten sendagaiak garatzeko.
Hala, Oncomatrix lanean arituko da bularreko eta pankreako tumore inbaditzaileen aurkako biosendagaiak garatzen, horien hilkortasun-tasa oso altua baita: eritasuna diagnostikatu eta 5 urtera hiltzen dira kaltetutako gaixo gehienak.
Animalia-ereduetan Cistatina-C proteinak tumoreei kontra egiteko gaitasuna duela frogatu dute National Jewish Health-eko eta Case Western Reserve University-ko ikertzaileek. Emaitza horiek Molecular Cancer Research eta Breast Cancer Research aldizkari ospetsuetan argitaratu dira eta, horrez gain, jabetza intelektuala eta industriala babestu egin da Europan, Estatu Batuetan eta beste herrialde batzuetan aitortutako patenteen bidez.
Oncomatrixen ustez, hitzarmen horrekin “Gure baliabideak eta gogoak batu ditugu Cistatina-C proteinak tumoreei aurre egiteko duen ahalmena ustiatzeko, tumore inbaditzaileak tratatzeko sendagai-belaunaldi berria garatze aldera”.
National Jewish Health ospitaleak adierazi duenez, “Oso pozik gaude, hitzarmen honen bidez Oncomatrixek aurrera egingo baitu guk Cistatina-Cren inguruan egin dugun ikerketan, minbiziaren tratamendurako terapiak garatzeko asmoz”.
Aipatzekoa da Case Western Reserve University-ko eta AEBetako naiz Europako beste ikerketa-zentro batzuetako ikertzaileak elkarlanean arituko direla Oncomatrixeko ikertzaileekin Cistatina-C oinarritzat duten biosendagaiak garatu eta baliozkotzeko.
Hitzarmenaren berri, ekainaren 18tik 21era Bostonen egin zen BIO bioteknologiaren nazioarteko ferian eman zuten.