Euskal Parkeak, erreferentziazko eredu Teknologia Parkeen Mundu Konferentzian
IASPek eta Zhoungguancun Science Park-ek antolatuta, Zientzia eta Teknologia Parkeen eta Berrikuntza Eremuen 32. Mundu Konferentzia egingo da irailaren 22tik 25ra Pekinen (Txina).
Komunitate berritzaileak sortzeko katalizatzaile izaki, euren betekizuna aurkeztuko dute Euskal Parkeek.
Euskadiko Teknologia Parkeek datozen egunotan Txinako Pekin hirian egingo den Parkeen 32. Mundu Konferentzian parte hartuko dute.
Teknologia Parkeentzako hitzordu internazionalik garrantzitsuena da, zeinetara mila ordezkari inguru bertaratzen diren: berrikuntzan adituak, oinarri teknologikoko enpresa-sehaskak, unibertsitateak, sektore publikoa eta enpresak. Parkeen joeretan sakontzea da asmoa, berrikuntza profesionala babesten duten geroz eta egitura konplexuagoak baitira parkeak.
Euskal Parkeen adibidea “The Basque Country: building innovative communities through Sciencie and Technology Parks” izenburupean jorratuko da, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko berrikuntza-zuzendari Cristina Andrésen eskutik.
Hitzaldian, Euskadiko Teknologia Parkeek azken urteotan gauzatutako ekintza arrakastatsuak aurkeztuko dira. Izan ere, baliagarri suertatu dira komunitate berritzaileen sorreran Parkeek duten zeregina azpimarratzeko, bai pertsonen eta bai Parkeetan dauden organizazioen garapenerako eragile gisa.
Euskadiko Parkeetan egiten den lana ezagutarazteko aukera ezin hobea da, instituzioekin batera berrikuntzaren, oinarri teknologikoaren eta I+Garen alde egiten dutelako herriaren garapena lortze aldera.
Mundu-konferentzia horretan ere egongo da Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidentea, Jose Miguel Corres.