Euskal Parkeak, nazioarteko talentuaren aglutinatzaile

Bizkaia

Irailean, beste urte batez, mundu osoko teknologia parke eta berrikuntza-arloetako ehunka ordezkari bildu dira Teknologia Parkeen Nazioarteko 33. Kongresuan, Moskun

DSC02098Aurten, Errusiako hiriburua aukeratu dute Teknologia Parkeen Nazioarteko Kongresurako. Eta haraino joan dira zenbait herrialdetako profesional eta aditu, baita teknologia-parke, zientzia-parke eta berrikuntza-arloetako ordezkariak ere. Bestalde, maila altuko berrogei hizlari internazional inguruk euren esperientziak eta ezagutza partekatu dituzte mundu osotik etorritako parte-hartzaileekin.

Nazioarteko teknologia-parke eta berrikuntza-arloetan diharduten profesionalek erreferentziazko puntutzat hartzen dute kongresua. Teknologia Parke eta Berrikuntza Arloetako Nazioarteko Elkarteak (lASP) antolatu du jardunaldia, Errusiako zenbait instituziorekin lankidetzan −hala nola Technopark Strogino, Moscow State University (MSU) Science Park eta Skolkovo Innovation Center− eta Moskuko gobernuaren babesarekin. Hala, hiri errusiarrak adibidetzat aurkeztu du bere burua, uztartu egiten baititu modernotasuna eta esparru zientifiko-teknologikoan ematen den hazkunde zein garapenerako potentzial handia.

The Global Mind: linking innovation communities for internationalization, sustainability and growth” izenburupean, mundu osoko adituak elkartu dira kongresuan, besteak beste, alderdi hauek jorratzeko: nazioartekotzea, jasangarritasuna, hazkundea eta berrikuntza-komunitateen sorrerarekin loturiko bestelako alorrak.

Jardunaldira bertaratutakoek interes handia azaldu dute Euskadiren nahiz Euskal Parkeen esperientzian. Izan ere, talentuaren aglutinatzaile eta katalizatzaile diren Euskal Parkeen eginkizuna aurkeztu du Cristina Andrések, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Berrikuntzako zuzendariak, “Technology Parks as catalysts of talent: the case of the Basque Country” ponentzian. Euskadin martxan jarritako ekimenak ezagutarazi ditu Andrések, horiei esker Euskal Parkeak nazioarteko erreferentzia direlako kualifikazio handiko talentua eta langileak hartzeari eta garatzeari dagokienez.

Parkeen Sareko presidente Jose Miguel Corres, Gipuzkoako eta Arabako Parkeetako zuzendariordeak eta Bizkaiko Parkeko Berrikuntzako zuzendaria izan dira Euskadiko Teknologia Parkeen ordezkaritzaren buru.

 

Partekatu

Beste berri batzuk