Euskaltel Taldea % 3,2 hazi da, iparraldeko kable bidezko eskaintza sendotzeko prozesua amaitu ondoren

Bizkaia

Telecable integratu eta bi hilabetera, Euskaltel Taldeak 444 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu 2017ko lehenengo bederatzi hilabeteetan; aurreko ekitaldian, berriz, 430,4 milioi lortu zituen

Euskaltel Taldeak, zeinak uztailaren 26an amaitu baitzuen Estatuaren iparraldeko kable-operadoreak bateratzeko prozesua Asturiasko operadore liderra —Telecable— erosiz eta, hala, Espainiako iparraldeko operadore lider bihurtuz, 2017ko ekitaldiko hirugarren hiruhileko emaitzak aurkeztu ditu gaur, eta Telecableren abuztuko eta iraileko emaitzak ere erantsi ditu, lehenengo aldiz, Taldeari buruzko informazioan.

2017ko irailaren 30ean, hau da, Telecable —Euskaltel eta R-rekin batera—Taldean integratu eta bi hilabetera, % 3,2ko igoera izan dute Taldearen diru-sarrerek: 444 milioi euro guztira; aurreko ekitaldian, berriz, 430,4 milioi. Sektorean lehia oso gogorra den arren, etxeko eta enpresako sektoreetako diru-sarrerak % 17,55 eta % 5,9 igo dira, hurrenez hurren, aurreko ekitaldiarekin alderatuta.

161.000 mugikor-linea berri, eta ordainpeko telebistako 127.000 produktu berri

Aurreko hiruhilekoetan bezalaxe, hazkunde horren arrazoi nagusia negozio-segmentu giltzarrien bilakaera bikaina izan da, hau da, mugikorreko eta ordainpeko telebistako balio handiko produktuen bilakaera bikaina. Euskaltel Taldeak, Telecable barne dela, sendotu egin du telefonia mugikorraren merkatuko nagusitasuna. Hain zuzen, % 21,3 hazi da iazko urtearekin alderatuta —161.000 linea berri—. Gaur egun, 915.000 mugikor-linea ditu, eta 2016ko irailean 754.000 zituen.

Bestalde, Euskaltelen ordainpeko telebista, balio handikoa, berriz, % 47,5 hazi da. Bi izan dira ordainpeko telebistaren posizio-hobekuntzaren arrazoi nagusiak: batetik, telebista-funtzionalitateen balio handiko zerbitzuak; eta, bestetik, 4K deskodetzaile berria, Android TV duena, merkaturatzea. Hain zuzen ere, ezaugarri horiek dituen estatuko lehen deskodetzailea da. Irailetik, azken belaunaldiko 10.000 deskodetzaile aktibatu dira taldearen bezeroen artean. Gure bezeroen % 68k dituzte kontratatuak telebista-zerbitzuak. Guztira, ordainpeko telebistako 394.000 bezero ditu taldeak, eta iaz, berriz, 267.000. Beraz, 127.000 bezero berri lortu ditugu urtebetean.

Etxeko merkatuan balio erantsiko produktuen eta zerbitzuen kontratazioak izan duen bilakaera onak merkatu-ratio handienak ekarri ditu hainbat negoziotan. Beraz, taldeak sendotu egin du lidergoa, bai Banda Zabalean —bezeroen % 85era iritsi da—, bai telefonia mugikorrean —bezeroen % 76,1era iritsi da—, eta bai ordainpeko telebistan —bezeroen % 67,7ra iritsi da—.

Enpresak balio erantsiko produktu eta zerbitzuak bateratzeko daraman estrategiari esker, asko hazi da zerbitzu-paketetan eskaintzen diren balio handiko produktuen kontratazioa: Euskaltel taldeko bezeroen % 68k dauzkate kontratatuta hiru zerbitzu edo gehiago; 2016ko lehen seihilekoan, berriz, % 65,2k.

Hori dela eta, bezeroek gero eta produktu gehiago kontratatzen dituzte; batez beste, erabiltzaile bakoitzeko 3,5 produktu kontratatzen zituzten 2017ko irailaren 30ean.

Kutxa-hornitze handia

 2017aren lehen bederatzi hilabeteetan, kostuen kudeaketa eraginkorrari esker, 219,3 milioi euroko EBITDA lortu du Euskaltel taldeak, iaz baino % 4,7 handiagoa. Igo egin da EBITDA marjina ere: % 48,7 2016ko hirugarren hiruhilekoan, % 49,4 gaur egun.

Sektoreko erreferentzietako bat izaten jarraitzen du Euskaltelen errentagarritasun-marjinek. Cash flow operatiboa 149 milioi eurokoa da (% 4,8ko igoera, aurreko ekitaldikoarekin alderatuta), eta sarreren marjina ere —% 33,5— erreferentzia da sektorean.

Lehen seihilekoan gertatu zen bezalaxe, 2017ko lehen bederatzi hilabeteetako emaitzan eragin handia izan dute Telecableren erosketarekin eta CRTVEren finantza-tasekin lotutako 16,7 milioi euroko aparteko partidek.

Beraz, Euskaltel taldearen irabazi garbia, ordainketa horiengatik doitua, 49,7 milioikoa da 2017ko irailaren 30ean; 2016ko irailean, berriz, 44,9 milioikoa izan zen (aurreko ekitaldiko irabazia baino % 10,7 handiagoa).

Hurrengo hilabeteetan, eta orain arteko inbertsio-politikarekin jarraituz, sarearen kalitatea eta ahalmena hobetzeko inbertsioak egingo ditu taldeak: Docsis 3.1.teknologia hedatzen jarraituko du —Euskadiko sarearen % 50era iritsi da jada—. Gainera, taldeak jakinarazi du martxan direla dagoeneko teknologia hori Galizian eta Asturiasen zabaltzeko planak.

Konturako dibidendua, aurreko ekitaldikoa bezalakoa

Euskaltel taldearen Administrazio Kontseiluak aho batez onartu du 22,7 milioiko dibidendua banatzea emaitzen kontura. Horrek esan nahi du 2017an emaitzen konturako dibidendu-bolumen berari eutsiko zaiola: 0,127 euro akzioko. 2018ko otsailaren 1ean ordainduko da dibidendua.

2018an egitekoa den Akziodunen Batzar Orokorrean erabakiko da zenbatekoa izango den 2017ko konturako azken dibidendua.

Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuaren balorazioa

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak, 2017ko lehenengo bederatzi hilabeteetan lortutako emaitzak baloratzean, nabarmendu du ezen, Asturiasko operadore liderra, Telecable, Euskaltel Taldean integratu ondoren, burutu dela Espainiako estatuko iparraldeko kable-operadoreak bateratzeko prozesua; hala, “etorkizunean hazten lagunduko digun plataforma sendo bat sortu dugu”, erantsi du Artechek.

Orobat nabarmendu du “taldearen sendotasun finantzarioa eta indarra lehia handiko sektore batean”. Horren erakusgarri dira diru-sarreren eta Ebitdaren hazkuntza, bai eta Taldeak kutxa hornitzeko duen gaitasuna ere, “zeinak Euskaltel erreferente bihurtzen baitu merkatuan”.

Euskaltel taldearen kontseilari delegatuak, halaber, konpainiaren emaitzen bilakaera positiboa aipatu du, “hiru urte eskasean bikoiztu egin baititugu negozioaren magnitude nagusiak: diru-sarrerak, Ebitda eta cash flowa”.

Euskaltel taldeko CEOak adierazi duenez, negozioaren segmentu giltzarrietan —telebistan eta telefonia mugikorrean— lortutako arrakasta da konpainiaren eboluzio positiboaren gakoa: “Produktu eta zerbitzuak bateratzeko estrategiak eta etxeko nahiz enpresako bezeroentzako merkaturatutako balio handiko produktuek azaltzen dute arrakasta hori. Horri guztiari esker, etxeko segmentuko diru-sarrerak handitu ditugu eta enpresako segmentuan ere hasiak gara fruituak jasotzen, eta datozen hiruhilekoetako emaitzetan islatuko da hori”.

Artecheren hitzetan, “lider gara, sendo errotuta gaudelako hiru lurraldeetan —Euskadin, Galizian eta Asturiasen— eta balio handiko proposamena egiten diegulako gure bezeroei; izan ere, erreferentea gara merkatuan pakete bidezko zerbitzu-eskaintzan”.

Emaitzak inbertitzaile eta analistei aurkeztean, zera esan du Artechek gaur iragarritako dibidendu-banaketa dela eta: “Dibidendu-banaketak erakusten du konpromiso sendoa dugula gure inbertitzaileentzako balioa sortzeko eta akziodunentzako pay outaren zenbatekoa maximizatzeko. Aldi berean, hazkuntza korporatiboak eragindako zorra kitatzeko helburuari eutsi diogu, eutsi diogunez, gure kapital-egituraren maila optimora heldu baikara. Gure akzionistei berriz ere dibidenduak banatzeko aukera izateak argi eta garbi erakusten du taldearen sendotasuna, beraren indar finantzarioa eta kutxa sortzeko eta zorra murrizteko duen gaitasuna”.

Artechek gogorarazi duenez, “bi urte eskasean, Euskaltel Taldea mugarri historikoen protagonista izan da, hala nola Burtsara ateratzea eta Espainiako estatuko telekomunikazio-talde liderra sortzea, Galiziako eta Asturiasko operadoreak integratu ondoren”.

Azkenik, zuntz optikoko sareak elkarrekin hedatzeko Orangerekin lortutako akordioa dela eta, hainbat abantaila aipatu ditu Artechek bere azalpenean: “akordioak aukera emango dio Euskaltel Taldeari lurralde mugakideetan zabaltzeko eta Espainia osoko enpresei eta kontsumitzaile-talde espezifikoei zerbitzuak emateko; hala, azkartu egingo da enpresentzako FTTH-eskaintza, opex eta capex kostu- eta inbertsio-politika eraginkor batekin gainera”.

Partekatu

Beste berri batzuk