Euskaltelek bikoiztu egin du urtebetean erantzukizuneko postuetan dauden emakumeen kopurua
Emakumeen sustapen profesionalaren bultzada berri honekin, Euskaltelek % 40raino igo du erantzukizuneko postuetako emakumeen kuota
Lantalde parekidea du Euskaltelek: 312 langileetatik erdiak baino gehiago emakumeak dira. Gainera, talde teknikoan, erdi eta erdi dira
2020an, Euskaltelek berdintasunarekiko konpromisoa berretsi, eta berdintasun-plan bat sustatu zuen, kudeaketa, hautaketa, trebakuntza eta garapen profesionaleko barne-prozesu guztietara zabaldu dena
2020an, bikoiztu egin da emakumeen presentzia erantzukizuneko postuetan, eta beste bultzada bat eman zaio emakumeen sustapen profesionalari. Hala, telekomunikaziokonpainiak % 40raino igo du enpresan kudeaketa-erantzukizunak beren gain hartzen dituzten emakumeen kuota.
Euskaltelek hasiera-hasieratik, duela mende-laurdenetik, aukera-berdintasunarekin izan duen konpromisoaren erakusgarrietako bat da aurrerapen hori. Gaur egun, konpainian lan egiten duten 312 langileen erdiak baino gehiago emakumeak dira, bai eta talde teknikoko langileen erdiak ere.
Emakumeen garapen teknologikoa da, hain zuzen ere, berdintasunaren arloan enpresak duen helburu nagusietako bat. Hori dela eta, Euskaltelek, talde tekniko parekidea finkatzeaz gain, hainbat ekimenetan parte hartzen du emakumeak zientzian eta teknologian egon daitezen bultzatzeko, eta arreta berezia jartzen du neskak eta gazteak esparru horietara hurbiltzeko, biharko emakumezko zientzialariak eta teknologoak izan daitezen.
2020an Berdintasun Plana sinatuta Euskaltelek berretsi zuen berdintasun-estrategiaren emaitza da. Dokumentu horren ondorioz, konpainiaren kudeaketa, hautaketa, prestakuntza eta garapen profesionaleko barne-prozesu guztietan txertatu da berdintasun-printzipioa.
Era berean, Plan horri jarraituz, lanpostuak eta rolak sailkatzeko eredu bat ere ezarri da, berdintasun-irizpideak zaintzen dituena, eta ekintza positiboak egin, barne-sustapenaren arloan, adibidez. Horri esker, gero eta parekideagoa da organigrama.